mikel reina
HIRUKOTIK

Pasioa

2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iritsi da saskibaloi zale ororen lehenengo garai gogokoenetariko bat: Euroligaren hasiera. I feel devotion. Pasioa, Euroligan exijitzea zilegi den gutxieneko hori da. Gainera, txapelketak ez du espero zen izar ihesaldia izan. Vasilije Micicek, aurreko denboraldiko jokalari onenak (MVP), ezetz esan zien NBAko eskaintzei, esaterako. Serbiarraren jarraipenarekin eta Shane Larkinen kontratu luzapenarekin, Anadolu Efes txapelduna faborito bilakatu da automatikoki. Josean Kerejetak bere jokalari onenetariko batzuk mantentzea lortu du, eta etorkizuneko izarrak erakarri. Baskoniak zortzi talde onenen artean sartzea izango du helburu. Sasoi honetan, behintzat, zaleenberotasuna izango dute lagun, aurrekoan ez bezala.

Bide orria. Gasteiztarrek Buesa Arenako gau gogoangarri horiek berriro biziko dituzte. Hainbeste, nahi beste. Dusko Ivanovicenek ostiralean egingo dute debuta Atenasen. Arabarrak oraindik egokitzapen lanetan murgilduta daude, pieza berri asko baitaude antolatzeko. Montenegroko entrenatzaileak argi dauka bere filosofia. «Defentsako lanaz gozatzera heldu behar dugu», esan zuen Joventuten aurkako porrotaren ondoren. Lesioek eta ezbeharrek ez dute lagundu. Ea Rokas Giedraitis Olympiakosen aurkako partidarako osatzen den. Greziarrek hiru denboraldi daramatzate kanporaketetan sartu gabe. Hiruretan porrot gehiago pilatu dituzte garaipenak baino. Vassilis Spanoulisen erretiroaren ostean, aro berri bat zabaldu da Atenasen. Georgios Bartzokasek Euroligako izen sonatuenetako batzuk fitxatu ditu. Zalgirisetik Thomas Walkup antolatzailea heldu da, Maccabitik Tyler Dorsey greziar saskiratzailea eta barrualderako Moustapha Fall.

2022ko Berlineko Lauko Finala izango dute xede denek. Azkenaldiko lau taldeek ere errepikatu nahiko dute, eta, horretarako, ez dira haien bide orritik asko mugitu. Ergin Atamanen Anadolu Efesek nahitaezko aldaketa bakarra egin du, Sertac Sanliren ordez Filip Petrusev gaztea ekarri dute. Turkiako pibotak ezohiko bidea hartu du, hau da, txapeldunetik txapeldunordera pasatzea. Saras Jasekiviciusek Zalgirisetik ondo ezagutzen duen Nigel Hayesen fitxatzea lortu du. Beste soldadu bat bere plan militarrerako. Moskuko CSKAk ez du oraingoz Mike Jamesen ordezkoa aurkitu. Horren beharrean, diru arazorik ez dutenez, bi jokalari fitxatu ditu, zein baino zein ezberdinagoak. Batetik, Aleksei Xved anarkikoa; eta, bestetik, Marius Grigonis langilea. Azkenik, Ettore Messina izarrak batzen jarraitzen du Milanen, NBAtik zuzenean etorri dira Nicolo Melli eta Troy Daniels.

Izenak edo taldeak. Iaz ate joka geratu zirenek ere tokia egin nahiko dute. Ozen, gainera. Azken unean kanporaketetarako sailkatu ostean, Xavi Pascualen Zenitek inbertsio handia egin du. Jordan Loydekin, Shabazz Napierrekin eta Jordan Mickeyrekin puntuak ez ditu faltan izango. Gidaritza, berriz, galdu du, Kevin Pangosek azkenean NBAra jauzi egin baitu. Real Madril ez dago ohituta elitean ez egoten, azken hamar denboraldietan zazpitan izan dira Lauko Finalean. Aurreko sasoi bukaeran Thomas Heurtel eta Vincent Poirier frantziarrak heldu ondoren, udan beste bat, Guerschon Yabusele. Kanpoko lerrorako Adam Hanga eta Nigel Williams-Goss erakarri ditu Pablo Lasok. Fenerbahcek Baskoniara begiratu zuen, bere bi izar ikonikoak fitxatuz Pierria Henry eta Achille Pollonara. Ez da erraza izango Gasteizen izan zuten errendimendu ematea, ingurua uste baino garrantzitsuagoa baita. Izenak baino taldea nahiago duen horietakoa da Andrea Trinchieri. Aurreko denboraldian, historian lehenbizikoz, Alemaniako talde bat kanporaketetan sartu ostean, ez du bere pentsamoldea aldatu. Akaso Darrun Hilliard da salbuespena.

Normalena izen handien bila joatea izan ohi da. Monakok Mike James eta Donatas Montejunasekin egin bezala, edo Zalgirisek Emmanuel Mudiayekin edo Unics Kazanek O.J. Mayo eta Mario Hezonjarekin. Etxean jokatzen dutenean batez ere, ez dira sekula aurkari erosoak Asvel, Berlineko Alba, Izar Gorria eta Panathinaikos. Ez dago aurkari errazik Euroligan. Inoiz ez, eta denboraldi honetan ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.