mikel reina
HIRUKOTIK

Barruan edo kanpoan

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
ACB ligako euskal taldeek ia bukatutzat eman dute lehen itzulia. Baskoniak, kantxan, behintzat, bai. Gasteiztarrek oraindik Espainiako Kopan sartzeko aukera dute, baina ez dago haien esku. Bilbo Basketek igandean jokatuko du azken partida Miribillan Unicajaren aurka. Gorabehera handiko sasoia izan da bi taldeentzat, eta antzeko dinamikak izan dituzte. Baten eta bestearen helburuek eta aurreikuspenek ezarri dute aldea. Ez daude hain urrun sailkapenean: arabarrek hamar partida irabazi dituzte, eta zortzi galdu; eta, bizkaitarrek zortzi irabazi eta bederatzi galdu, partida bat gutxiago jokatuta.

Bizi edo iraun. Baskoniaren lehen itzuliko nota Teneriferen esku dago. Hala da. Porrota izango litzateke Kopan ez sartzea? Bai. Neven Spahijak berak aitortu berri du. Ezin du besterik esan. Errealista da kroaziarra. Ez da haren errua guztiz. Hura heldu zenetik, ACB ligan zuzendu dituen zortzi partidetatik bi bakarrik galdu ditu. Hala ere, baliteke Kopa jokatzeko nahikoa ez izatea. Baskoniak galdu dituen bi partidak bereziki mingarriak izan dira: batetik, itxura eskasa eman zuen Zaragozan (Espainia), 29 punturengatik galtzen joan baitzen: bestetik, Breoganen aurka galdutako partida dago, bereziki garrantzitsua baitzen Kopan sartzeko. Baskoniak 43 hiruko jaurti zituen eta hamabost biko, hau da, jaurtiketen %74 hiruko marratik egin zituen; marka da ACB ligan.

Kopan aritzeko kontuak dira erabat argigarriak diren bakarrak. Teneriferen esku dago Baskonia. Txus Bidorretaren taldeak bi jardunaldi ditu oraindik jokatzeko: etzi, Burgosen (Espainia), eta igandean, etxean Valentziaren aurka. Tenerifek bi partidak galduz gero, arabarrek Alhambra bisitatuko dute, Granadan jokatuko baita Kopa (Espainia). Gutxienez, bat galtzea behar dute. Gaur-gaurkoz, bi taldeek puntu alde bera dute: hamalau puntu alde. Beraz, Baskoniak behar du Tenerifek galtzen duen partida irabazten duena baino puntu gehiagorengatik izatea.

Koparako ez sailkatzea porrot handia litzateke, epe labur edo erdirako helbururik gabe utziko bailuke Baskonia urtarrilean. Izan ere, Gasteizko taldeak oso zail dauka Euroligako zortzi talderik onenen artean sartzea. Zortzigarren postutik hiru garaipenera dago, hamabosgarren postuan. Motibazio bakarra ligako kanporaketetan sartzea izango litzateke, eta ez da lan erraza izango. Epe luzera begiratu beharra dago. Bizi beharra dago, ez bakarrik iraun. Benetako proiektu bat eratu behar du, konfiantzaz beteriko bat, kantxan eta kantxatik kanpo. Ibon Navarro entrenatzaile gasteiztarra, Baskonian aritutakoa, lanik gabe geratu berri da Andorran.

Oreka. Entrenatzailearen lana gehiago nabaritzen da Bilbon. Alex Mumbruk, Rafa Pueyorekin batera, argi dauka multzoan dagoela taldearen indarra:denek dituzte aukerak. Bilbo Basketek ligako lehen bost partidak galdu zituen, eta orain, azken bostak irabazi ditu. Igandean, Unicajaren aurka, zazpigarren lehia irabaz dezake erreskadan Bilbo Arenan. Mailari eusteko helburuan funtsezkoa zen Miribilla efektua berreskuratzea. Zaleekin errazagoa da. Ezin daiteke esan beste urtebetez gorengo mailan lehiatuko denik, baina ondo bideratua du. Betisi gailenduta bost garaipenen aldea dute azken postuarekiko, baita puntu aldea ere.

Bolada ezin hobean daude bilbotarrak; oreka aurkitu dute. Damien Inglisen etortzeak, esate baterako, denboraldi hasieran falta zitzaien fisikoa eman die, Angel Delgadorekin batera. Bide berberetik doa azken fitxaketa, David Walker: ACB ligan ehun partida baino gehiago jokatuta, egokitzapen epeak murriztu nahi dira. Pueyo bikain mugitu da bulegoetan. Jokaldiak kantxatik kanpo ere egin daitezke, eta orain arteko onena Jeff Witheyren pasaporte aldaketa izan da. Horri esker, ez du bi estatubatuar postuetako bat hartuko. Horregatik heldu da Walker. Rafa Luzen esanetara daude kantxan, baina Ludde Hakansonek du azken hitza. Suediarrak bere kirol ibilbideko markarik onena eskuratu zuen Betisen aurka: 30eko balorazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.