mikel reina
HIRUKOTIK

Saskibaloia ez dago salbu

2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Exodoa. Kirola eta politika banatu egin behar dira. Hori diote askok. Baina ezinezkoa dela esango nuke nik. Ez bakarrik kirolean, politika bizitzaren arlo denetan sartzen delako. Ukaezina da. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak eztabaida areagotu du. Beste kirol batzuetan ez bezala, Errusiak indar handia dauka saskibaloian. Herrialde horretako hiru talde ari dira Euroligan: CSKA Mosku, Zenit San Petersburgo eta Unics Kazan. Ez dira edozein. Hirurak daude kanporaketak jokatzeko postuetan. Multzo horretan sartzeko bidean dago Lokomotiv Kuban, Eurokopako A multzoko hirugarren postuan egonda. Hau da, Europako liga nagusietako bat da Errusiakoa, eta hartan ez dute bakarrik herrialde horretako taldeek parte hartzen: Kazakhstan, Bielorrusia, Polonia eta Estoniako taldeak ere ari dira. Errusiako tropak Ukrainan sartu bezain laster, Poloniako Zielona Gora eta Estoniako Kalev/Cramo ligatik irten ziren. Beste biak, Astana eta Tsmoki Minsk, ordea, ligan daude oraindik. Haien herrialdeetako agintariek beste era bateko harreman diplomatikoak dituzte Vladimir Putinekin.

Baina ez dira taldeak alde egiten ari diren bakarrak, baita jokalariak ere. Bakoitzak bere arrazoiak ditu. Tornike Xengeliak oso argi ditu bere oinarri ideologikoak. Udan, CSKA Moskurekin sinatu zuenean, Baskoniako jokalari ohiak kontratuan jarri zuen FIBA Leihoetan Georgiarekin, haren selekzioarekin, arituko zela. CSKA ez da edozein talde. Errusiako armada gorriaren taldea da. Hala ere, Baskoniako kapitain ohiak Ukrainako banderaren argazkia jarri zuen bere sare sozialtako kontuan. Iffe Lundbergek ere Moskutik alde egin du, familiaren segurtasuna bermatzeko. Baskoniako beste jokalari ohi batek, Johannes Voigtmannek ere etxerako bidea hartu du. Zeniten, berriz, Shabazz Napier AEBetara itzuli da, baina ez delako osatu. Ez du debuta ere egin Xavi Pascualen esanetara. Unics Kazanen, Jarrel Brantleyk alde egin du.

Lituania irmo agertu da lehen egunetik errusiarrekin. Haren agintariek jokalariei eskatu diete Errusia uzteko; adibidez, CSKA taldeko Marius Grigonisi eta Zeniteko Mindaugas Kuzminskasi eta Arturas Gudaitisi. Paulius Motiejunas Zalgiriseko kirol zuzendariak, berriz, argi utzi zuen ez zutela Errusiako taldeen aurka jokatuko. Are gehiago, boikota egitea proposatu zuen. Kaunasko taldeak ez ditu jokatuko Errusiako kluben aurka falta zaizkion bi norgehiagokak: martxoaren 25ean, CSKAren aurka, Moskun, eta apirilaren 8an, Zeniten aurka, San Petersburgon. Tony Parker Asveleko zuzendariak ere esan du bere taldea ez dela Errusian arituko.

Prentsa oharrak. Egoera hau ikusita, Euroliga urgentziaz batu zen ostiralean. Errusiako taldeek pabiloi neutraletan jokatu beharko dituzte etxeko neurketak. Txapelketaren etorkizuna kolokan dago. Ez dago argi lehiaketak aurrera egingo duen ala ez. Galdera asko daude, eta erantzun gutxi. Errusiako taldeetatik azken egunetan alde egin dutenak gutxi dira momentuz, gehiago izango direlakoan, baina garrantzitsuak denak. Maila handiko liga izanda ere, jokalari atzerritarrek ematen diote kalitatea. Hori bai, Grigonisek, Lundbergek edo Kuzminskasek ez dute kontratua eten. CSKAren prentsa oharrak dio jokalarien kontratuen gaineko erabakiak Europako politika eta kirola berriro «normalak» direnean hartuko direla. Hala ere, sasoi honetan ezingo lukete Euroligako beste talderen baten jokatu, fitxaketak egiteko epea joan den astean amaitu baitzen.

Gutxiago badira ere, ukrainarrak ere egon badaude saskibaloian. Selekzioak, adibidez, gerrak eztanda egin zuen egunean Kordoban (Espainia) jokatu zuen, Espainiaren aurka. Ukrainarrek partida bertan behera uzteko eskatu bazuten ere, ez zen aldaketarik egon. Atenasen zegoen, berriz, Boris Rizhik epaile ukrainarra, Olympiakos eta Milanen arteko lehia arbitratzeko prest. NBAn, bi ukrainar daude: Aleks Len, Sacramenton, eta Sviatoslav Mikhailiuk, Toronton. Ohar bateratua atera zuten gerra eteteko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.