mikel reina
HIRUKOTIK

Baldintzak

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hankamotz. Ez dago zalantzarik kanporaketak denboraldiko unerik onena direla. Emozioak bestelako ikusgarritasuna ematen die partidei. Gaur egun, ordea, zeharo baldintzatuta dauden lehiak dira. Denboraldiak hain dira luzeak eta gogorrak, ezen bizirik heltzen denak baititu irabazteko aukera gehiago. Biziraute kontua da; hau da, indarrak neurtzea. Denok nahi ditugu gatza duten liga erregularreko jardunaldiak, betiere sasoiko unerik garrantzitsuenak distira galtzen ez badu. Azkenean, ezinezkoa da hainbeste hilabetean ondo egotea. Hor sartzen da norberaren eta entrenatzailearen eskua.

Hala ere, oso zaila da kontrolatzea, ezinezkoa. Adibidez, edozein mugimenduk eragin dezake lesio bat. Atzo, gaur edo bihar. Inor ez dago salbu, eta berdin dio txapelketak ere; onena ere ez dago salbu. NBAn, kanporaketak hasi besterik ez dira egin, eta dagoeneko hasi dira jokalariak lesionatzen. Luka Doncicek larunbatean egin zuen debuta kanporaketetan, lehen hiru partidak galdu ondoren. Esloveniarra aurretik lesionatu zen. Devin Booker, aldiz, orain. Phoenix Sunsek haren saskiratzailerik onena galduko du datorren bizpahiru asteetan, hankan izandako giharretako lesio baten erruz. Chris Paulek, beraz, lagunik onena galdu du.

Joel Embiiden kasua bestelakoa da. Eskumako eskuko atzamar baten min hartu zuen Toronto Raptorsen aurkako kanporaketako laugarren neurketan. Ebakuntza egin beharko diote, baina pibotak berak erabaki du denboraldia amaitu arte itxarongo duela. Erabaki arriskutsua da. Gaur-gaurkoz, Filadelfia Sixerseko jokalaririk onena eta sasoikoena da, eta berak badaki hori.

Bi urte eta hamar hilabete pasatu behar izan dira Toronto Raptorsek kanporaketetako partida bat jokatzeko etxean, lehengo Air Canada Centerren, egungo Scotiabank Centerren. COVID-19ak eragindako arazo burokratikoengatik, kanadarrak Florida estatuko Tampa hiriko Amalie Arenan aritu dira jokatzen. Etxera itzulera, berriz, ez zen esperotakoa izan. Embiidek sartutako hiruko batek segundo gutxiren faltan garaipena eskuratzetik aldendu zuen Nick Nursek zuzenduriko taldea.

Orainaldia. Euroligan ere jokalari dezentek min hartu dute. Kaltetuena, kasu honetan, Milan izan da. Lehen partidan, Nicolo Melli kapitainak hartu zuen min eskumako hankan. Lau aste egongo da gutxienez jokatu gabe; beraz, ez litzateke ezta Lauko Finalera helduko ere. Hegaleko pibota neurketako saskiratzaile nagusia izan zen, hamar punturekin; italiarrek 48 puntu besterik ez zuten sartu. Euroligako kanporaketetako inoizko markarik apalena da. Hori gutxi balitz bezala, bigarren norgehiagokan Italiako taldeko beste bi jokalarik hartu zuten min. Malcolm Delaneyk bi aste emango ditu kantxetatik urrun; beraz, Anadolu Efesen aurkako gainontzeko partidak galduko ditu. Sergio Rodriguezek ere orkatila bihurritu zuen, eta hirugarren eta laugarren partidetan jokatzeko arazoak izango ditu.

Jokalarien adina aldagai garrantzitsua izan daiteke lesionatzeko, baina urteak baino garrantzitsuagoa da zelan eramaten dituzun. Anadolu Efesek, adibidez, ez du lesiorik izan, momentuz, kanporaketetan. Bigarren norgehiagokan, ordea, historiako hasierako bostekorik helduena kantxaratu zuen: Shane Larkin, Krunoslav Simon, James Anderson, Adrien Moerman eta Bryant Dunston. Batez beste, ia 34 urteko bostekoa da. Iazko txapelduna serio jarri da orain. Real Madril bezala. Zalantza gehien eragiten zituen taldea zen Pablo Lasorena, baina lehendabiziko bi partidak irabazi dituen bakarra da. Bigarrenean, gainera, denboraldiko garaipenik argiena lortu zuen Euroligan.

Gaur egun ezin daiteke orainaldiaz haratago pentsatu. Are gutxiago Eurokopan. Joan den astean jokatu ziren final-zortzirenak, eta hil edo biziko neurketek ez zuten huts egin. Ezustekoan formatua da. Lehen kanporaketan, fase erregularreko A multzoko lehen bi sailkatuek etxerako bidea hartu zuten. Ez dira edozein, talde historiko bi baitira: Joventut eta Partizan. Hala, Zeljko Obradovicek ABA Liga irabazi beharko du datorren denboraldian Euroligan aritzeko; hori, edo gonbidapena jaso. Bidezkoa izan edo ez, ukaezina da txapelketa honen erakargarritasuna. Orainaldiak inoiz baino gehiago balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.