mikel reina
HIRUKOTIK

Irteera lerroa

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Heldu da unea. Orain, bai. Hau da astea. NBAko konferentzietako finalak zehazteko zazpigarren partidak jokatu berri dira, eta bihar bertan hasiko dira finalak. Etzi, berriz, Euroligako Lauko Finala hasiko da Belgraden; bai, etzi, lehen aldiz finalerdiak ostegunean jokatuko baitira. Zergatik aldaketa hori? Bada, aste barruan Iron Maidenen kontzertua baitago Serbiako hiriburuko Stark Arena pabiloian.

Martxak. Ezin daiteke esan ezusteko handirik egon denik Euroligako Lauko Finala jokatuko duten lau taldeei dagokienez. Liga erregularreko lehen hiru sailkatuek kanporaketak gainditu zituzten, baina bakoitzak bere erara: Real Madrilek nagusitasunez irabazi zion Maccabiri (3-0); Bartzelonak eta Olympiakosek, ordea, estu eta larri kanporatu zituzten Bayern Munich eta Monako, hurrenez hurren; bosgarren partida jokatu behar izan zuten. Anadolu Efes, berriz, erdibidean geratu zen: Armani Milanek kanporatu zuen (3-1).

Azkenean, txapelduna beti txapeldun, ez da aldatzen. Ikusgarria da garaikur batek talde baten izaeran eta filosofian sor dezakeen aldaketa; talde irabazleak bihurtzen ditu. ACB ligan, Bartzelona eta Real Madril daude; NBAn, berriz, bazirudien Milwaukee Bucksek lortuko zuela hori ere, iaz irabazitako eraztunari beste bat gehitzeko lehian jarraitzea. Baina ez du lortu,

Euroligan, berriz, Turkiako taldeak daude. Liga erregularrean hainbestean aritzen dira, bigarren edo hirugarren abiadura, baina apirilean seigarrengoan aritzeko gaitasuna dute; modu automatikoan gidatuta daudela dirudi. Asko laguntzen du horretan Shane Larkin eta Vasilije Micic bezalako bi jokalari izateak; autorik onena baino fidagarriagoak dira biak. Nahi dutenean,1 Formulako autoak bezala, zazpigarren martxa bat sartzeko gaitasuna dute; gutxi batzuek dute hori.

Saras Jasikeviciusek gama altuko bere autoa ere berreskuratu du, inoiz baino gehiago behar duenean. Tailerretik pasatu, eta geldirik egon behar izan da. Ez da edozein. Iazko Milanen aurkako finalerdietako heroia: Cory Higgins. Izaera lehiakorra eta irabazlea du Bartzelonako jokalariak. Iaz bezala, liga erregularreko talderik onena izan da, baina berriro ere gogotik sufritu du kanporaketetako ustezko talderik eskasenaren aurka; iaz, San Petersburgoko Zenit izan zen, eta, aurten, Bayern. Aurten, agian, nagusitasun gehiago erakutsi du, baina gero ezin izan du indar hori kanporaketetara bideratu. Hala ere, Bartzelona zerbait bada, talde fidagarria da. Entrenatzaile lituaniarrak gutxik ez bezala mugiarazten ditu piezak; bakoitza bere lekuan nahi ditu une oro. Sistematikoki aritzen dira, sistemetatik irteteko aukera gutxi dituzte.

Higgins da horietako bat; bestea, berriz, Nico Laprovittola da. Kanpotik ikusita, jokamolde horretan egokitzapen zaila zuen arren, argentinarrak bere lekua aurkitu du. Talentuarentzako beti dago lekua. Nikola Miroticek ere berea hartu beharko du.

Fidagarritasuna. Aurkariak hori eskatuko dio. Ez delako edozein lehia Miroticentzat: Real Madrilen aurka ariko da finalerdietan, talde ohiaren aurka. Ez naiz gai klasiko hitza erabiltzeko, ez delako, ez futbolean, ez saskibaloian, ezta beste edozein kiroletan ere. Klasikoa den bakarra Pablo Lasoren jarduna da: beti bezain fidagarria. Espainiarrek izan dezaketen gidaririk onena da. Maccabiren aurkako kanporaketak azken urteetako unerik zailenean harrapatu zuen gasteiztarra, baina berriro autoa bere helmugara eraman du. Azken hilabeteetan, batez ere Jasikevicius Bartzelonara heldu zenetik, badirudi neurria hartuta diotela katalanek espainiarrei, baina partida bakarrera edozer pasatu daiteke. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Bere kasa doazen jokalariek egin dezakete aldea. Real Madrilek dituen horrelako bi jokalariek ikusi beharko da jokatzen duten edo ez: Thomas Heurtelek eta Trey Thompinksek.

Azkenik, beti da albiste ona Greziako talde bat aritzea Lauko Finalean. Monakoren aurkako partida erabakigarria irabazi osteko irudiak ikusi besterik ez daude. Taldea bere sentitzen dute greziarrek, eta etxeko jokalariek minutu gehien jokatu duten taldea izan da kanporaketetan: %30. Efesek, berriz, gutxienak, %1,1. Horren errudun nagusietako bat Kostas Sloukas da. Haren esperientzia erabakigarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.