mikel reina
HIRUKOTIK

Hirukoak

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Epeak. Saskibaloi denboraldia amaitzen doa, gero eta gutxiago falta da azkeneko saskiratzea sartzeko. Askok amaitu dute dagoeneko, eta indartsuenek bakarrik irauten dute. Atzera begiratzeko unea izaten da sasoi bukaera.

Analisiak egiteko unea da, hausnartzeko garaia azken batean: zer egin den ondo, eta zer ez hain ondo. Era berean, sariak banatzeko tartea ere zabaltzen da. Oraindik ez dut ulertzen denboraldiko sariak denboraldia amaitu baino lehen banatzeko zergatia. Nire gauzak izango dira. Jokalari, talde edo entrenatzailerik onenek sasoi amaieran erakutsi behar dute onenak direla.

Alde horretatik, NBAn Giannis Antetokounmpok irabazi du 2021-2022 denboraldiko jokalari onenaren saria, eta hirugarrena du. Small ball-aren garaian 2.10 metro baino gehiago neurtzen duten hiru jokalari izan dira hautagaiak. Duela urte asko ez zegoen hainbesteko berdintasunik garaikurra banatzerakoan. Gutxik altxatuko zituzten besoak eta kexatuko ziren Nikola Jokicek edo Joel Embiidek irabazi izan balute. Polemika handiagoa sortu du afrikarra bosteko onenean ez sartu izanak. Txarrena da ez dela lehen aldia. Iaz ere gertatu zitzaion. Azken hamabost urteetan hura izan da jokalari bakarra MVP sariko bigarren postuan geratu ondoren bosteko onenean sartu ez dutena. Sixersekoa munduko saskibaloi liga oneneko saskiratzailerik abilena izan da: 30 puntu baino gehiago sartu ditu batez beste partidako. 2000. urtetik puntu gehien sartu dituen lehen pibota bilakatu da Embiid. Hori aski ez, eta Estatu Batuetan jaio ez den lehen jokalaria da lorpen hori eskuratzen. Kanpoan uzteko argudio bakarra bostekoaren postu banaketa da, baina horrek gaur egun ez du lehengo garrantzia. Postu finkoak ez dira existitzen orain, are gutxiago NBAn. Ez dago antolatzaile petorik, edonork igo dezake baloia, edota pibot klasikorik ez dago, ia denek botatzen dituztelako hirukoak.

Kromoak. Badaude bestelako hirukoak ere, ordea. Denboraldia amaitu bezain laster hasten dira fitxaketen inguruko zurrumurruak zabaltzen. Baita lehenago ere. Azken egunetako kasurik sonatuena Joan PeƱarroya eta Baskoniaren artekoa izan da. Ez da lehen aldia horrelako egoerak gertatzen direla, eta ez da azkenengoa izango. Merkatua ez dago inoiz geldi, beti daude deiak, galderak, eskakizunak edota negoziazioak. Merkatuaren legea da, merkatuak agintzen du, eta berdin dio gainontzeko guztiak. Aipatu berri dudan kasua oso adierazgarria da alde horretatik: entrenatzaile bat datorren sasoian zuzenduko duen taldearen aurka lehiatzen egon da Valentzia-Baskonia kanporaketan. Ez dago araurik, antza denez, eta gizalege handirik ere ez.

Ukaezina da, lehen aipatu bezala, hilabeteak pasa ahala negoziazioak egoten direla, edozein hilabetetan kontratu luzapenak argitaratzen diren moduan. Are gehiago esango nuke, asko dira denboraldia amaitu baino lehen jokatuko duten hurrengo taldea ezagutzen dutenak. Gustuko izan edo ez, errealitate bat da. Epe kontua da. Denboraldia amaitu arte itxaroteak aukera galtzea eragin dezake. Alde horretatik, horregatik dira hain garrantzitsuak Kopa bezalako ekitaldi handiak. Bertan batzen dira jokalariak, haien ordezkariak, entrenatzaileak, kirol zuzendariak eta presidente asko. Berdin dio zure taldeak jokatzen duen edo ez, egon beharra dago. Normalean hor hasten dira mugimenduak.

Albistea edo zurrumurrua argitaratzeari eman zaio garrantzia, eta etika edo gizalegea ez ditut aztertuko. Norberak hartzen ditu bere erabakiak. Argi daukat, beste alde batetik, kasu honetan, Neven Spahijak, Baskoniako oraingo entrenatzaileak, lehenago izango zuela zurrumurruen berri. Urte asko daramatza aulkietan, denetarik bizi izan du, eta horrelakoetara ohituta egongo da, tristea badirudi ere. Horrek ez du bestea kentzen, ordea.

Ondo bidean, ACBko bi euskal taldeek entrenatzaile berriak izango dituzte datorren denboraldian. Alex Mumbruk atzo esan zion agur Bilbo Basketi. Adierazi zuenez, bere 15 zenbakidun kamiseta Miribillan eskegita ikusi zuenean hartu zuen azken erabakia. Inflexio puntua izan zen. Aurreikusitako dena lortu du kataluniarrak, jokalari eta entrenatzaile moduan. Ikusteko dago ez dagoen kromo aldaketarik euskal taldeen artean, eta Bilbokoak Gasteizera joango denaren lekua hartuko ez ote duen azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.