mikel reina
HIRUKOTIK

Beste bat

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Denbora. Beste denboraldi batek egin dio ihes Baskoniari. Hala ematen du, behintzat. Ospa egin diola, joan egin zaiola. Beste behin. Jarraitutasun falta handia sumatzen da Gasteizen azkenaldian, eta bide orri bera dute egituraren mende dauden futboleko eta saskibaloiko taldeek, Baskoniak eta Alavesek. Urtero legez benetako proiektu baten beharra dago, eta, horretarako, derrigorrezkoa da denbora; baita pazientzia ere.

Denborak, ordea, urrea balio du Buesa Arenan. Udan aspaldiko talderik erakargarriena eratu zuen Baskoniak. Geratu eta etorri zirenengatik. Aulkian Dusko Ivanovicek hasi bazuen ere, Neven Spahijak amaitu du. Biak ala biak ez dira momentu honetan Gasteizko taldeak behar duen entrenatzaile mota. Errotazio laburren maitale dira; gaur egun, are gehiago, Euroligako formatuarekin, jasanezina denean molde horretan banatzea minutuak. Spahijari emaitzak eskatu omen zizkioten, eta horregatik ia zazpi jokalarira mugatu zuen taldea. Tadas Sedekerskisena da, akaso, kasurik esanguratsuena. Emaitzak, berriz, ez dira heldu. ACBko kanporaketetan sartzearekin ezin daiteke esan denboraldia txukundu dutenik. Egiari zor, ez sailkatzea bai hartuko litzateke porrot handi moduan. Bestelakoan, Euroligako zortzi talde onenetatik kanpo geratzea ezin da ontzat jo, eta, batez ere, mingarriena izan dena: kopara ez sailkatzea. Beraz, balantzea ezin daiteke ona izan. Inoiz.

Fitxaketarik garrantzitsuena Rokas Giedraitisek kontratua luzatzea izan zen. Baina, era berean, porrotik handiena izan da. Gehiago espero zen. Aurrerapausoa, erabatekoa, ez da heldu. Jaurtitzaile bikaina da lituaniarra, hor ez dago zalantzarik, baina baloia eskuetan duenean joko gehiago sortzeko gaitasuna garatu behar du.

Sormen hori badauka Wade Baldwinek. Jokalari berezia da, ulertu beharrekoa, tentuz eraman beharrekoa. Bere mailaren inguruan ez dago inolako zalantzarik, bere gainean egon da taldearen jokoa,eta onena izan da. Kanpoko lerroa Simone Fontecchiorekin osatzea zen ametsa, eta talde gutxik berdindu dezaketen lerroa izan da. Aurreikuspenak handiak ziren udan, eta horrek ere ez dio mesederik egin Baskoniari. Emaitzak eskatu behar zitzaizkion, eta ez dira heldu, ezta gutxiago ere.Urrun geratu dira.

Izenik garrantzitsuena. Beste iraultza bat etorriko da udan. Enegarrena. Oraingoa, Joan Peñarroyaren gidaritzapean. Ea entrenatzaile berriari eman behar zaion konfiantza eta denbora ematen zaion. Bi denboraldirako sinatu du. Ezin gara urtero denboraldi amaieran berdina eskatzen ari. Oreka gehiago aurkitu beharko dute taldean, miseriak berriro agerian ez geratzeko. Aurten, esate baterako, nabariak ziren joko-antolatzaile eta pibot postuetako hutsuneak. Jayson Granger bere maila onenetik urrun aritu da, eta Baldwin, joko sortzaile bada ere, ez da taldea gidatzen dutenetarikoa; ez da ordenaren maitalea. Entrenatzaile berriak eskua sartu beharko du taldearen eraketan. Benetako proiektu bat sortzeko, eta urteetan luzapena izango duena, komunikazioa da beharrezko osagaia, azken batean. Peñarroya izaera handiko entrenatzailea da, eta horrek bat egiten du Baskoniaren nortasunarekin.

Aurrera eta behera begira ere jarri beharko dira. Bigarren taldeak zilarrezko LEB ligara igoera eskuratu ostean, egoera berri bat zabaldu zaio klubari. Beste ate bat itxi baitute alde berean, Iraurgirekin jokalari gazteak lagata uzteko akordioa apurtu ostean. Jokalari interesgarriak ditu harrobian Baskoniak, zaindu beharrekoak. Izen bat nabarmentzen da: Sidy Cissokorena. NBA atzetik du dagoeneko. Espainiako bigarren txapelketan maila eman dute, eta jauzia emateko unea dirudi. Pavel Savkov, Andrej Hanzlik eta Cissoko lehen taldean egon beharko lirateke, eta taldea luzatzeko aukera ezin hobea da. Hain denboraldi luzean, hainbeste partidarekin, jokatzeko unea izango dute, aukera ematen bazaie, betiere.

Alde horretatik, Peñarroyak aurten minutu asko banatu ditu Valentziako harrobiko jokalarien artean. Hainbeste lesiorekin eta ordezkatzeko fitxaketa gutxirekin ez du beste irtenbiderik izan. Gazteak garatzeko trebezia erakutsi du, eta ez du beldurrik minutuak emateko. Valentziatik alde egiteko argudio nagusietakobat hangoa bezalako proiektu baten babes falta izan da, fitxaketa aldetik batez ere. Gasteizen gauza bera ez gertatzea espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.