mikel reina
HIRUKOTIK

Era

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Amaitu da 2021-2022ko saskibaloi denboraldia. COVID-19aren osteko lehen denboraldia, normaltasun berriko lehendabizikoa. Pandemiak ez ditu hainbeste buruko min eman sasoi honetan, eta asko eskertu da. Egiari zor, beste gertaera batek eragin du gehiago sasoi honetan: Ukrainako gerrak. Errusiako taldeak Euroligatik eta Eurokopatik kaleratu zituzten, eta, hori aski ez, eta datorren denboraldian ere ez dute parte hartuko, kanporatuta segituko dutelako. Goitik behera aldatu zuen horrek sasoia. Oraindik asko dira gatazkaren eraginak, eta falta direnak, guda amaitu arte. Ez dugu ahaztu behar Brittney Grinerren kasua. Ekaterinburgoko pibot estatubatuarra gaur egun oraindik Errusian dago, atxilotuta eta irten ezinik. Otsailaren 17an etxerako bidea hartzeko zegoenean, atxilotu egin zuten aireportuan, marihuanazko olioa edukitzeagatik. Uztailaren 2a arte oraingo egoera horretan jarraituko du.

Dinastia. WNBA da, hain zuzen ere, jokatzen ari den txapelketa bakarra. Sue Birden azkena izango da. NBA ere amaitu da, eta Golden State Warriors dira txapeldun berriak Boston Celtics finalean 4-2 mendean hartu ostean. Dinastia bezala izendatu daiteke, dagoeneko, San Frantziskoko taldearen jarduna. San Antonio Spursekin gero eta antzekotasun gehiago hartzen dizkiot. Steve Kerr Greg Popovichen eskutik sartu zen aulkietan, eta bera du eredu Phil Jacksonekin batera. Kerrek bere bederatzigarren eraztuna irabazi du: bost jokalari moduan, eta lau entrenatzaile gisa. Golden State Warriors azken zortzi txapelketatik seitan sartu da finalean, eta lau irabazi ditu. Emaitzetatik harago —bikainak dira—, irabazteko era bat lortu dute, hain zaila den hori, estilo propio eta bakar bat. Filosofia bat eraiki azken batean, dinastia bat sortu. Jokamolde zehatz bat daukate, lehen begi bistan identifikatzen dena. Oso zaila da, talde denen desioa da, baina gutxi batzuek lortzen dute, aldagai askok eragiten dutelako horretan.

Stephen Curryri lehen aldiz eman diote finaletako jokalaririk onenaren saria. Nork esango luke. Bitxia da. Saskibaloira jokatzeko era aldatu duen jokalari nagusietako batek bere lehen garaikurra eskuratzea. Aldi berean, ez da albistea. Albisterik onena Klay Thompsonen itzulera dela esango nuke, bi lesio larri pasa ostean. Beste alde batetik, badirudi Andrew Wigginsek bere tokia aurkitu duela Oaklanden, finaletako X faktore hori izan baita. Gutxik espero zuten, kontuan izanda 2014ko Drafteko lehena zela.

Hain zuzen, Drafteko aukeraketetatik hazi eta eraiki nahi du Boston Celticsek, eta pixkanaka inbertsio hori emaitzak ematen ari da. Marcus Smart, Jayson Tatum eta Jaylon Brownen inguruan edozer eraiki daiteke, zutabe garrantzitsuak direlako. Horrez gain, Robert Williamsek, Grant Williamsek edo Payton Pritchardek asko eman dezakete. Ime Udoka finaletara heldu da bere estreinako denboraldian aulkietan. Hori lortu zuen lehen entrenatzailea Kerr izan zen.

Aroak. NBAn aldaketak daude, oso zaila delako urte askoan gorengo mailan mantentzea. Europan aro banaketa zailagoa da, Euroligako taldeen eta gainontzekoen arteko arrakala zabala baita. Aspergarria da, adibidez, Real Madrilen eta Bartzelonaren artekoa. Gainera, futbolaren antz gero eta handiagoa dauka. Ez dio onik egiten.

Europan bi ezuste nagusi egon dira. Maccabik ez du garaikurrik irabazi azken hamalau urteetan lehen aldiz. Finalerdietan kanporatu dute kopan eta ligan. Zalgiris ere ez da Lituaniako txapeldun izan; 2010-2011ko denboralditik liga guztiak irabaziak zituen. Kontrakoa badirudi ere, ez da ezustea Alba Berlinen garaipena. Izan ere, hirugarren denboraldiz jarraian irabazi dute liga Alemanian. Lehendabizi, 2016an Himar Ojeda heldu zen, kirol zuzendaria, gero Aito Garcia Reneses entrenatzailea, eta horrek atseden hartzeko erabakia hartu zuenean, Israel Gonzalezek hartu zuen bere lekua. Jarraipen kontua da, lan egiteko era hori.

Berriro indarra hartzen ari dena, diruaren poderioz, Italiako txapelketa da. Bikainak izan dira Milanen eta Boloniaren arteko partidak, Messinarenek irabazi dute. Olympiacos Grezian nagusitu da, Giorgos Printezisen azken partidan. Beste era eta aro bateko jokalaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.