mikel reina
HIRUKOTIK

Lerroak

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hasierak oso garrantzitsuak badira ere, ez dira erabakigarriak. Baina asko esaten dute: zutabeak ezartzen dira, eta goranzko lerroa marrazten dute. Bi aste pasatu dira NBAko 2022-2023 denboraldia hasi zenetik, eta lehen azterketa egiteko aukera aproposa izan daiteke. Sailkapenak ikusita, lehenbizi, begiak bi muturretara doaz: lehen sailkatura eta azkenekora. Beste hainbat txapelketatan taldeek maila galtzen dute sasoi amaieran; ez, ordea, munduko saskibaloi ligarik onenean. Halere, inori ez zaio gustatzen azkena izatea kirol profesionalean.

Bidaiak. Brooklyn Nets eta Los Angeles Lakers dira azken sailkatuak. 2021eko udan abian jarritako bi proiekturik handienek ez dituzte inondik inora aurreikuspenak bete. Aurreko denboraldia hondamena izan zen bientzat, eta oraingoa ere ez da bide onetik hasi: New Yorkeko taldeak sei partida jokatu ditu, eta bakarra irabazi du. Los Angeleskoak, berriz, herenegun irabazi zuen aurreneko aldiz. Hain zuzen, hura izan da lehen bost partidak galdu dituen bakarra. Seigarrena galdu izan balu, lehen taldea izango litzateke 2018tik: Cleveland Cavaliersetik ligako lehen sei partidak galdu zituen. Lebron Jamesek Los Angelesera alde egin zuen urtea izan zen.

Badirudi ez zaiola bidaia guztiz ondo atera Jamesi. Ez du gidaririk onena. Russell Westbrook denen ahotan dago; begiz joa dute denek; inoiz baino gehiago. Joan den ostiralean ez zen hasieratik aritu Minnesota Timberwolvesen aurka. 2008an, NBAn lehen aldiz jokatu zuten sasoitik ez zen egon haren taldearen hasierako bostekoan. Darvin Ham Lakerseko entrenatzaileak haren lana goraipatu bazuen ere, segurua da antolatzailea ez zela pozik egongo. Jamesek ere mezu positiboak bakarrik helarazi nahi izan zizkion. Ez omen da erraza Patrick Beverleyk hasierako bostekoan lekua kentzea. Jamesekin eta Anthony Davisekin jokatzearen inguruko galdera batean hurrengokoa erantzun zuen Beverleyk: «Haiek jokatuko dute nirekin. Nik kanporaketak jokatu nituen aurreko sasoian, haiek ez. Hori da desberdintasuna». Hori gutxi ez, eta ezaguna da Beverleyk eta Westbrookek ez dutela harreman ona: lagunak, behintzat, ez dira.

Gero eta lagun gutxiago dituen beste bat Kyrie Irving da. Ahoa zabaltzen duen bakoitzean eztabaidetan sartzen da. Xelebrea da. Hebrews to Negroes film antisemitaren inguruko informazioa zabaldu zuen bere sare sozialetan. Israelgo «benetako semeak» identifikatzen dituela dio liburuak. NBA osoa jarri zitzaion aurka: jokalariak, frankizietako arduradunak, entrenatzaileak.... Baita haren taldea ere. Joe Tsai taldearen jabea «etsita» agertu zen antolatzailearen mezuarekin, eta azpimarratu zuen horrelako mezuak ez direla onargarriak. Ez da giro Brooklynen. Indiana Pacersen aurkako partida «hondamen» gisa definitu zuen Steve Nash entrenatzaileak. Haratago joan zen Kevin Durant: «Kaka bat izan da».

Inposizioak. Igandean Miribillan jokatutako derbiak argi utzi zuen Bilbo Basketek eta Baskoniak bi jokamolde oso ezberdin dituztela. Bere jokoa minutu gehiagotan inposatu zuenak irabazi zuen; ez dago besterik, analisi sinplea bezain erreala da. Puntu kopuruari besterik ez da erreparatu behar. Bizkaitarrek arabarren puntu jarioa kontrolatu zuten ordu laurden batez, baina gero, hirukoen festa hasi zen. Ez da Baskoniak lehen laurden kaskarra egiten duen lehen aldia; aztertu beharrekoa da; baita saskitik 6,75 metrora duen marrarekiko menpekotasuna ere; jokoak gorabeherak ditu jaurtiketak sartzen badira edo ez. Ezingo ditu beti puntu askoko partiden bila aritu.

Lyongo kokoteko handiaren ostean, gasteiztarrek hortzak estutu zituzten. Denboraldi hasierak oso goian jarri ditu aurreikuspenak; emaitzetatik baino gehiago, jokoarengatik. Joan Peñarroyak lehen helburua lortu du, garrantzitsuena akaso: zaleak Buesa Arenara erakartzea. Jaume Ponsarnauk, ordea, emaitzak lortzeko premia handiagoa dauka.

Derbiak ere izan zuen orban beltzik. Itxura txarra hartzen ari da, kantxan eta kantxatik kanpo. Duela urte batzuk Toko Xengeliaren eta Dejan Todorovicen arteko liskarra izan zen, eta igandean Michael Kyserren eta Markus Howarden artean. Bi taldeetako zale batzuen jarrera ere ikustekoa izan zen. Hausnartu beharra dago: euskal saskibaloiaren jaia izan behar zuena liskar bilakatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.