mikel reina
HIRUKOTIK

Gozatua

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Sinpletasuna. Gozatua hartu dut, hartu dugu. Esan beharra dago, berezia izan da. Aspaldian ez nuen Kopagaz hainbeste gozatzen, eta hori aurten ehunka kilometrora bizitzea tokatu dela. Zozketaren egunean Bartzelona eta Real Madril koadroko alde berean ikustea albiste handia izan zen, eta biak kalean ikustea zer esan. Tristea da horrelakoengatik poztea, baina oso aspertuta gauden seinale ukaezina da, denok. 2009tik aurrera bietako bat beti egon da finalean, eta azken final horretan Baskoniak eta Unicajak neurtu zituzten indarrak. Horietako batek finalera heltzea bakarrik ez, garaikurra lortu du.

Badirudi jendeak orain ezagutu duela Ibon Navarro. Nire ustez, bere lorpenik handiena ez da Kopako finalera heldu eta irabazi izana. Ez da Unicajari bere bigarren kopa eman izana. Ez da historian lehen aldiz Bartzelona eta Real Madril gainditu izana. Are zailagoa den zerbait lortu du: Malagako Martin Carpena pabiloia berriro erakargarri bilakatzea. Handia da gero hori. Plaza berezia eta zorrotza izan da beti, eta duela ez urte askoko giroa berreskuratu du gasteiztarraren eskutik. Eta orain, gainera, garaikurra eraman du.

Bartzelonaren aurka erabilitako jokaldien gainean jarri da arreta, batez ere azken laurdenean eta luzapenean zukutu zuen horretan. Hori da, azken batean, entrenatzailearen lana. Jokaldiak dituen alternatiben gainean jarri da fokua, ez nago ados. Sistema bat ez da inoiz itxia, beti ditu irakurketak, ez zituen Navarrok bata edo beste aukeratzen, defentsaren araberakoak dira irakurketak. Egia da horretan aurreratu egin zela entrenatzailea, etorkizuna ikus zezakeela zirudien. Baina dena da analisia, eta gaur egun ikaragarria da. Jokatu, jokalariek egiten dute; entrenatzaileek gidatu egiten dituzte, eta dauden aukera horiek erakutsi.

Horregatik da hain aberatsa saskibaloia. Txus Vidorreta aztia da horretan. Jokaldien liburuxka luzea du bilbotarrak, batzuetan badirudi une bakoitzarentzako jokaldi bat duela buruan. Buruz jokatzen dute bere jokalariek, eta hor dago taldearen arrakastaren gakoa. Zoragarria da Tenerife jokatzen ikustea. Unicajak, berriz, bestelako nortasun bat erakutsi du: grina, bihotza, deitu nahi bezala. Batzuetan saskibaloia uste baino sinpleagoa da. Taldeen indarra nagusitu da izen handien gainetik, Europako Txapelketan gertatu bezala. Euroligako lau taldeak ez dira finalera heldu, ezta Eurokopakoak ere, Txapeldunen Ligako biak bakarrik. Harrigarria.

Hausnartu. Kolpea bai, zalantzarik gabe gainera. Baina porrota asko esatea izango litzateke. Baskonia ez zen Kopa irabazteko hautagai nagusietako bat; egia da Euroligako gainerako taldeen kontrako aldetik joateak aukerak ugaritzen zituela, baina faborito izatea bestelakoa da. Kezkagarriena taldeak bigarren zatian erakutsitako ahulezia izan zen, tekniko-taktikoa eta batez ere psikologikoa. Baskonia ez da abenduko talde bera, ezin daiteke izan. Sasoia bestelakoa da, normala denez. Horrez gain, jokalari aldaketak izan dira. Mantentzen dena taldearen defentsako pasibotasuna da, hori arazo estrukturala da. Erasoko jokoa argi dago, begi bistakoa da. Agerikoa da, era berean, defentsan taldeak daukan eskarmentu falta. Eta defentsa da aldeak ezartzen dituena; erasoa, aldiz, saskiari begira asmatzea egunaren araberakoa izan daiteke.

Txapelketaz gain, batez ere, giroa nabarmentzen da beti Kopan. Baina nagusiak bakarrik ez dira lehiatzen; haurrak ere ibiltzen dira: Minikopan, hain zuzen ere. Oraindik zalantzak ditut txapelketa honek eragiten duenaren inguruan; asko da, gehiegi umeentzat akaso. Muturreko lehiakortasunaz gain, kantxa barruan zein kanpoan, sare sozialen erabilpenak kezkatzen nau. Badalona bezalako hiri batean, begi zorrotzez aztertu dute harrobiko taldeen jarduna. Harrobia zerbait esatearren, taldeek jokalari gonbidatuak ekartzen dituztelako. Real Madrilek, esate baterako, txapelketako inoizko barneko jokalaririk garaienak eraman ditu: Mahamadou Landourek 13 urte ditu, eta 211 zentimetro garai da, eta Baptiste Moussa Manelek 12 urte ditu, eta 209 zentimetro. Lehenak 56 puntu sartu zituen eta 33 errebote hartu finalean. Hausnartu beharreko zerbait da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.