mikel reina
HIRUKOTIK

Dena eta ezereza

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Astebeteko etenaldia izan da bakarrik, eta arrazoi on batengatik; gozatua hartu dugulako Ibon Navarroren Unicajak irabazitako Koparekin. Baina Euroligaren falta nabaritu dugu. Koparen berdintasun berdina astero. Ezin daiteke gehiago eskatu, edo agian bai? Gizonezkoena nabarmendu da asko, baina emakumeena ez da inondik inora atzean geratzen.

Berdintasuna. Bihar jokatuko da fase erregularreko azken partida, eta bi multzoetako bat sutan dago; edozer gerta daiteke. Hiru talde daude kanporaketetarako azken bi postuen lehian. Ikustekoa izango da Avenida eta Gironaren artekoa, bihar, 20:00etan, Salamancan. Agendan apuntatzekoa, Euroligako Youtube kanalean ikusi eta gozatu ahalko da. Egutegiaren gutiziarengatik, igandean neurtu zituzten indarrak, baina emakumezkoen ligan, Wurzburg pabiloian. Hau da, elkarren aurka jokatuko dute bi aldiz, lau egun baino gutxiagoan. Bi partidak, gainera, oso garrantzitsuak. Ligan, Avenidak 78-76 irabazi zuen, eta kataluniarrak berdindu dituzte sailkapenean. Puntuen aldea, berriz, mantentzea lortu zuten; lau punturen aldeaz lortu zuten garaipena Fontajaun. Gironak bihar irabazi behar du derrigorrez, bestela kanpoan geratuko litzatekeelako. Irati Etxarrik belauneko lotailu gurutzatua hautsi ostean, zortzi jokalarirekin ari dira jokatzen, soilik. Avenidak aukera askoz gehiago ditu; garaipen bat gehiago dauka, eta bigarren izan daiteke etxeko lanak egin, eta Sopron egungo txapeldunak irabaziz gero. Bide batez, hungariarrak ere kalean geratu daitezke. Asko dute jokoan denek.

Beste multzoan, Fenerbahcek txapelketa irabazteko hautagai hutsa baino gehiago dela erakutsi du. Ekaterinburgek utzitako lekua hartu du. Edo hobeto esanda, hartu dute, Errusia Turkiarekin aldatu baitute jokalariek. WNBAk egoitza berria du, Breanna Stewart, Courtney Vandersloot, Satou Sabally eta Emma Messeman. Turkiako hegoaldean, Adanan, dago bigarren elkargunea; Chelsea Gray, Tiffany Hayes eta Dewana Bonner daude Roberto IƱiguez gasteiztarraren esanetara. Aipatzekoa da Valentzia egiten ari den sasoia. Super talde bat egiteko gaitasuna dute, baina proiektua eratzen ari dira. Hori da haien gakoa, urteak daramatzate elkarrekin, eta denbora aurrezten dute gainontzeko taldeekin alderatuta.

Joan-etorriak. Gizonezkoetan jardunaldi gehiago falta dira: hamar. Baina gaur da fitxaketak egiteko azken eguna. Mugimenduak egongo direla dirudi, taldeek azken ahalegina egin nahi dute. Batez ere zortzi talde onenen artean sartzeko borrokan daudenak; eta asko dira. Tyler Dorsey izango da azken unera arte denen ahotan izango den beste izenetako bat. Monako, Efes eta Olympiakos dira hautagaietako batzuk. Gizonezkoetan ere gerta daiteke iragan sasoiko txapelduna kanpoan geratzea. Gainera, Vasilje Micicek min hartu zuen azken lehian. Ergin Atamanek argi utzi zuen ez zuela itxura onik, akaso denboraldi amaierara arte ezingo du jokatu. Merkatuan zerbait aurkitu beharko dute, eta Dorsey izan daiteke.

Bide batez, Facundo Campazzok debuta egin dezake Izar Gorriarekin ostegunean Munichen, Bayernen aurka. 13,4 puntu eta 6,9 asistentzia banatu ditu batez beste ABA Ligan orain arte jokatu dituen zortzi partidetan. Ikusteko dago antolatzailearen eskutik Izar Gorria berriro ere kanporaketetarako borrokan sartzen den edo ez, atzean geratu baita azken jardunaldietan. Gainera, badirudi beste argentinar bat Euroligara itzuliko dela, Leandro Bolmaro Bartzelonara itzuliko dela baitiote zurrumurruek.

Kolpea hartuta itzuliko dira. Argentina ez da Munduko Txapelketan egongo, 1982az geroztik lehen aldiz. Gainera, Nestor Che Garcia argentinako hautatzaile ohiak utzi ditu kanpoan. Dominikar Errepublikaren aurkako partida erabakigarria Campazzok, Laprovittolak eta Gaby Deckek jokatu zuten. Txapeldunordea kanpoan geratu da. Horrez gainera, lehen aldiz sailkatu dira Walter Tavaresen Cabo Verde eta Tornike Xengeliaren Georgia. Selekzio bakoitzeko izarrek azken ahalegina egin dute bere herrialdearen alde. Dena ez da Euroliga izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.