mikel reina
HIRUKOTIK

Gaur

2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Asteartea da, eta asteburua dela dirudi. Oraindik txipa aldatu gabe egongo ote naiz? Baina saskibaloiak ez du etenik. Gainera, egun handia da gaurkoa.

Hitzordurik garrantzitsuena ez da Europan, Estatu Batuetan baizik. Eta ez, ez da NBA.NCAAko March Madness da; AEBetako Unibertsitateen Arteko Ligako martxo eroa. Munduko saskibaloi onenari bizpahiru astean itzala egiten dion txapelketa bakarra da. Nire ustez, txapelketarik ikusgarriena da: partida bakarreko kanporaketek ikuskizuna ziurtatzen dute, eta jokalarien gaztetasunak hori handitu besterik ez du egiten.

Gaur, kanporaketa aurrekoak jokatuko dira, txapelketa ofiziala jokatzeko sailkapen partidak. 64 taldek jokatuko dute azken fasea: konferentzietako 32 txapeldunak eta gonbidatutako beste 32 talde; epaimahai batek aukeratzen ditu 32 horiek, konferentziako partidetan eta sasoi hasieran kanpoan lortutako garaipenengatik. Merituak hartzen dituzte kontuan: unibertsitate handien aurkako garaipen handiak eta konferentziako azken torneoan eskainitako sasoi ona. Oso subjektiboa da, hein handi batean: ez dago sailkapen zehatzik, eta horrek beti zabaltzen du eztabaidarako leihoa. Lau dira faborito nagusiak: Kansas, Alabama, Houston eta Purdue. Baina hautagaiak denak dira, martxoa guztiz eroa baita Estatu Batuetan.

Inoiz ez da ona. Bilbo Basketek ere ez du etenik izango hurrengo asteetan. Behintzat, denboraldiko bidaiarik luzeenetako bat kendu du gainetik: Tenerifera egin beharrekoa (Espainia). Orain, haren esku dago itzulerako kilometroak gehiago edo gutxiago iruditzea, bidaiak ez baitira berdinak izaten irabazita edo galduta. Gainera, bizkaitarrak derrigortuta daude Txapeldunen Ligan aurrera egiteko aukerari eustera. Oso mingarria izan zen azken jardunaldian Teneriferen aurka galtzea. Esperantza apalagoa denean eta hain ondo lehiatzean min handiagoa ematen du garaipenak eskuetatik ihes egin izanak. Lesioak ez dira inoiz garai onean izaten, baina bilbotarrek egutegi erabakigarria dute orain FIBA Leihoetako eta Espainiako Kopako geldialdiaren ostean. Gaur, Darussafakari egingo diote bisita (18:00, ETB4).

Jaume Ponsarnauk berak aitortu zuen Real Madrilen aurka galdu osteko prentsaurrekoan: «Ez dira lesioak bakarrik, arazo fisikoak dituzten beste jokalari batzuk ere badaude: Ludde Hakanson eta Adam Smith, adibidez. Gure boladarik txarrena da, baina, era berean, asteartean orain arteko partidarik garrantzitsuena jokatuko dugu. Ez dago garai aproposik partidarik garrantzitsuenetarako; esfortzuak erabatekoa izan behar du». Ezin daiteke argiago esan.

Denetarik. Euroligan, berriz, gaur hasiko dira kanporaketak. Azkenean, Perfumerias Avenidaren eta Gironaren artekoan espainiarrek irabazi zuten, eta kataluniarrak kanporatuta geratu ziren. Baina itzalean geratu zen partida Maria Araujok min hartu eta gero. Negarrez atera zen kantxatik, baita bi taldeetako jokalariak ere. Hegaleko pibotak azken bi urteetan izan duen belauneko bigarren lesioa da. Gironak hiru izan ditu sasoi honetan, eta hirurek hautsi dute lotailu gurutzatua: Nora Galvek, Irati Etxarri nafarrak eta Araujok. Zorte txarra baino gehiago da.

Zortzi talderik onenak ariko dira final-laurdenetan. Hiru partidatara jokatuko dituzte kanporaketak, lehena kantxa faktorea alde duen taldearen pabiloian: Fenerbahce, Sopronen aurka; Cukurova, Bordelen kontra; Praga, Avenidaren aurka; eta Schio, Valentziaren kontra. Hain zuzen ere, azken bi kanporaketak dira berdinduenak. Turkiarrek errusiarren lekukoa hartu dute, baita jokalariak ere; garaikurra irabazteko hautagairik sendoenak dira. Gaur jokatuko dute lehen partida, ostiralean bigarrena, eta, behar izanez gero, hirugarrena datorren asteko asteazkenean.

Euroligak eragin zuzena izan du talde bakoitzaren egutegian. Espainiako Ligako bi taldeek euren partidak aurreratu behar izan dituzte. Araskik, esate baterako, joan de asteazkenean jokatu behar izan zuen Salamancako (Espainia) taldearen aurka —83-46 galdu zuen—. Gaur, beraz, saskibaloizaleok badaukagu zer ikusi; asko eta askotarikoa, gainera. Bizi gaitezen orainaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.