mikel reina
HIRUKOTIK

Susmoak eta pronostikoak

2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Pronostikoak bete dira. Denek espero eta nahi zutena. Euroligako lau kanporaketetatik hiru bosgarren eta azken partidara heldu dira. Inoizko Euroligarik berdinduenak ezin zuen beste amaierarik izan. Bestalde, Bartzelonak agerian utzi du Zalgirisen aurkakoa zela kanporaketarik desorekatuena. Lituaniarrek ezingo dute etxeko Lauko Finala jokatu.

Historia. Susmoak ere ziurtatu dira. Real Madrilen eta Partizanen arteko liskarraren ostean, bestelako kanporaketa bat hasi zen. Nahiz eta serbiarrek Pionirreko infernuan jokatu, Kevin Punterren hutsunea asko nabaritu dute kanporaketa ixteko. Hain zuzen ere, estatubatuarrak zerbait badauka, une beroetan saskiratzeko gaitasuna da. Hura beharko du Zeljko Obradovicek Madrilen irabazteko aukerak izateko. Punter, eta Walter Tavares geratzeko zerbait. Ez dakit zer edo zelan, baina zerbait egin beharra du.

Madrilek edo Partizanek historia egingo dute. Batetik, kanporaketen sistema berria ezarri zenetik inork ez duelako lortu 0-2 hasi den kanporaketa bat iraultzea. Bestetik, inork ez du bosgarren eta azken partida etxetik kanpo irabazi. Beraz, Fenerbahcek eta Maccabik ere beren aukera izango dute Atenasen eta Monakon, hurrenez hurren. Kanporaketak, nire ustez, entrenatzaileenak dira jokalarienak baino gehiago. Izarrak heltzen dira bakarrik horrelakoetara, denok ondo baino hobeto ezagutzen ditugunak. Entrenatzaile horientzat liga erregularra datuak biltzeko epea da. Benetan interesgarria da partida batetik bestera zelako aldaketak egiten dituzten ikustea.

Faktoreak alde. Jaka Lakovicek ere onenen artean lekua duela erakutsi du. Kanaria Handiak 2023-2024ko denboraldian Euroliga jokatuko du. Eurokopako finalean Turk Telecom talde turkiarra gainditu zuen. Liga erregularrean lortutako lehen postuari esker, kantxa faktorea alde izan du partida denetan. Hil edo biziko partidetan guztiz asmatu dute. Europan falta zen sistema hori, eta aurten berriro ere erabateko arrakasta izan du. Baskoniak domekan egiaztatu ahal izan zuen Kanaria Handia aurkari gogorra dela. Luzapena behar izan zuen garaipena lortzeko Buesa Arenan.

Kataluniako taldeen kontra jokatuko dute gasteiztarrek ACB ligako fase erregularreko lehen postua. Ostegunean Badalonan, eta, batik bat, igandean Bartzelonaren aurkako lehia zuzenean. Hamabost puntugatik galdu zuten arabarrek Palau Blaugranan, eta alde hori irauli beharko dute lehen postua eskuratzeko. Horrez gain, Bartzelonak Murtzia eta Obradoirorekin egutegi hobea du. Ondorioz, Baskoniak ezin du hutsik egin.

Tendentziak. Azkenean, pronostikoak edota susmoak bete egiten dira. Adibidez, Valentzia emakumezkoen saskibaloian sartu zenetik denbora kontua zen garaikurrak pilatzen hastea. Domekan, finaleko bigarren partidan, Avenida hartu zuen mendean lehendabiziko liga eskuratzeko. Azken bi denboraldietan finalean galdu zuten valentziarrek, baina hirugarren saiakeran lortu dute helburua. Bide batez, Gironaren eta Salamancaren nagusitasuna amaitu du. Azken zazpi urteetan haien arten banatu dituzte ligak.

Argi geratu da emakumezkoen saskibaloia aro berri batean murgilduta dagoela ACB ligako taldeen sarrerarekin. Zaragozaren Kopako tituluak aurrekarietan jarri gintuen, eta Valentziaren lehen ligak ziurtatu besterik ez du egin. Bi garaipenek, gainera, eragin zuzena dute datorren denboraldian. Gironak ez du Euroliga jokatuko, eta Avenidak Euroligako atariko kanporaketa jokatu beharko du onenen artean egon nahi badu. Bartzelona ere hor dago. Lehen mailako estreinako sasoian lau talde onenen artean egin du tokia, eta, berez, Eurokopa jokatzeko aukera izango dute blaugranek. Talde hauen sarrerak arriskuan jartzen ditu ligako beste plaza tradizional asko, lehiaketan Bembibre, Gernika edota Ferrol bezalako herri txikietako taldeekin osatu baita orain arte. Ziurra izan gabe, tendentzia erakusten dute askotan susmo, pronostiko eta horrelakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.