mikel reina
HIRUKOTIK

Ligarik onenean maila emanez

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Lan erdiak bukatuta. Amaitu da Espainiako Ohorezko Mailako lehen itzulia, hau da, Espainiako Koparako sailkatzeko epea. Bi euskal talde ariko dira: Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren. Bizkaitarrak, gainera, zerrendaburu izango dira. Kutxabank Araski, ordea, ate joka geratu da, sartu ezinik. ACB ligako taldeak emakumezkoen sailak indartzen ari dira, eta horren adibide dira Estudiantes eta Zaragoza. Aurrekontu handiagoko talde horiek asko igo dute lehiakortasuna estreinakozhamasei talde ari diren ligari. Azken urteetako txapelketarik berdinduena da. Perfumerias Avenida, Girona eta Valentzia kenduta, gainontzekoen artean apenas dagoen alderik.

Egiaztatutako metodoa. Buelta eman dio IDK-k. Iaz ez zen fin ibili fitxaketekin, eta gorriak pasatu zituen lehen itzulian. Aurten, aldiz, kontrakoa gertatu zaio. Azu Muguruzak piezak mantendu nahi izan zituen, eta maila ziurtatzen zuten jokalariak ekarri. Apustua segurua izan da, emaitzak bezala. Muguruzak oso argi dauka zertara jokatzen duten bere taldeek: defentsa, errebotea eta barneko jokoa. Saskibaloi klasikoa da hain gutxi geratzen den horietakoa. Jokamolde horrekin, orain arteko bi derbietako garaileak izan dira. Meiya Tirera eta Mariam Coulibaly pibotek, Toch Sarren laguntza nekaezinarekin batera, taldeko puntuen ia erdiak eskuratu dituzte. Kanpoaldean, ordea, apalagoa izan da eraginkortasuna. Antonia Delaerek espero baino maila hobea eman du. Julia Gladkova, ordea, aurreikuspenetatik oso urrun aritu da. Delaerek hamar puntu sartu ditu partidako. Errusiarra, ordea, ez da kanpoko lerroko izarra izan, eta taldea utzi du, behar duen protagonismoaren bila. Klubak berehala topatu dio ordezkoa: Becca Hunter estatubatuarra. Al-Qazeresen ari zen, eta estatistika hauek lortu ditu partidako: 25 minutu, zazpi puntu, hiru errebote eta iapuntuko balorazioa.

Ezkutuko kartarekin. Araskiren unerik gozoenean eten zen aurreko denboraldia. Bide berdinetik jarraitu nahian, Made Urietak taldea mantendu nahi izan zuen, baita hobetu ere. Valentziatik Tamara Abalde eta Joy Adams heldu ziren, eta denen ezusterako Anna Cruz ospetsua. Izen eta maila aldetik gora begira jartzeko taldea zen. Baina denborak ez dio onik egin. Denboraldi-aurrean koronabirusak jo zuen euskal talde bakarra izan zen. Ondorioz, aldrebestuta hasi zen. Nahiz eta taldea eta estiloa eginda egon, fitxaketen egokitzapena ez da erraza izan. Lehen itzulian, Abaldek bakarrik eman du bere onena. Cruzengandik bi aldeek espero zuten asko. Ez dute elkar ulertu, eta kasuotan onena, egin duten bezala, banatzea da. Hura gabe, Adamsek ez du alferrik galdu distira egiteko aukera. Gainera, gasteiztarren bizkarrezurrak, Maria Asurmendik, Tania Perezek eta Izaskun Garciak, ez du huts egin. Laura Quevedok ere gorakada handia izan du. Tamara Seda da gehien sufritzen ari dena. Pibot bakarra izanik, ez du inolako laguntzarik. Hala ere, Urietak oraindik beste atzerritar bat ekartzeko aukera du, iaz Shacobia Barbeerekin egin bezala. Ezkutuko karta da hori.

Lurtarren artean onena. Lurtarren ligako onena izan da Gernika lehen itzulian. Ezustekoa da denboraldi hasiera ikusita. Udan, Mario Lopezen taldeak hiru saskiratzaile nagusiak galdu zituen: Nikolina Milic, Julie Wojta eta Blake Dietrick. Ligan eta Eurokopan lehiatzeko talde luzeago bat izatearen alde egin zuten apustu. Euskal Kopa irabazi eta Espainiako Superkopako finalera heldu arren, zalantzaz beteta ekin zioten sasoiari. Pieza berri denak egonkortzeko buruhauste gehiegi zituen Lopezek. Taldean indarrean oinarritzen dira, denek eman behar dute zerbait: Itziar Ariztimuñok, Roso Buchek, Belen Arrojok, Naiara Diezek, Marge Roundtreek edo Nadia Colhadok. Denek. Akaso, Angie Bjorklund jaurtitzailearen %50a hirukoetan da daturik esanguratsuena. Jardunaldiak aurrera joan ahala bi talde ikusi dira. Batetik, Malosten galdu ez duena, eta batez beste ia 20 puntugatik nagusitu dena. Eta bestetik, etxetik kanpo aritu den talde desitxurosoa. Azken lau partidetan gailendu ondoren, puntu aldeagatik izango dira hirugarren urtez jarraian Kopako zerrendaburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.