mikel reina
HIRUKOTIK

Metodologiak

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Qatarren jokatzen ari diren Munduko Futbol Kopak begirada denak erakarri baditu ere, saskibaloia ere interesgunea da. Beti dago zerbait. Euroligan, esate baterako, bi jardunaldi jokatu dituzte astebetean, eta horrek aukera ematen du haren inguruan gehiago hitz egiteko. Gainera, protagonista berri baten agerpenak txapelketa apur bat eraldatu du: Dusko Ivanovicenak. Baskoniako entrenatzaile ohiak zeresan handia eman du azken asteetan, Izar Gorriagatik fitxatu zuenetik. Bueltan da teknikari montenegroarra. Gasteizera, ordea, ez da itzuliko, Serbiako taldeak hirugarren jardunaldian jokatu baitzuen Buesa Arenan —Baskoniak 92-75 irabazi zuen—. Belgradera iritsi denetik, taldeak irabazi egin ditu partida guztiak; Euroligan, hiru aurkari zuzeni nagusitu zaie: Asveli, Alba Berlini eta Maccabiri.

Ordutegi aldaketa. Emaitza horiek, eta bere ibilbide luzean zehar lorturiko denak eskuratzeko bidea izan da zeresana eman duena, hain zuzen ere. Lanpostu berria hasi eta hurrengo egunean jakitera eman zen Ivanovicek bost orduko entrenamendua prestatu zuela. Sare sozialetan piztu zen sua. Lehenbizi, Wade Baldwin Baskoniako jokalari ohiak bota zion erregaia. Hain zuzen, Baldwinek eta Ivanovicek tirabirak izan zituzten aurreko denboraldian, Gasteizko taldean. Baldwinek bost ordu horietako nondik norakoak azaldu zituen: korrika saioekin, gimnasioko lanarekin edota kantxako berezko entrenamenduarekin. Simone Fontecchiok, berriz, 40-50 minutuko bideo lana gehitu zuen. Baina eztabaida leherrarazi zuena Nik Stauskas izan zen; hura ere Baskoniako jokalari ohia. «Kanpamentu militartzat» definitu zituen Ivanovicen entrenamenduak. Are gehiago, esan zuen hori dela Europan berriro ez jokatzearen arrazoia.

Entrenatzaileak ez zion eztabaidari inolako garrantzirik eman; aitzitik, umorez hartu zuen: «Entrenamendua ez zen bost ordukoa izan, sei eta erdikoa baizik», esan zuen. Azkenean, frogatutzat du bide hori jarraituz lortzen dituela emaitzak; zertarako aldatuko du orain hainbeste urteren eta lorpenen ostean? Epe luzera metodologia hori bideragarria den edo ez beste eztabaida bat da. Seguru nago metodologia asko aldatu duela, derrigorrez, Hasteko, gaur egun, ia ez dago entrenatzeko denborarik. Atzean geratu dira egun berean goizean eta arratsaldean egiten ziren entrenamenduak; ez dago astirik. Gainera, jokalarien ongizatea begiratzen da gehiago; gehiago hartzen zaie kontuan. Azken finean, entrenamendu bakarra egiteko orduan dena batu behar da: gimnasioko lan fisikoa, kantxako lan taktiko eta teknikoa edota aurkaria aztertzeko bideoak. Ezinezkoa da entrenamendua ez luzatzea; zenbat? Hori entrenatzailearen esku dago, eta egunak eta egunak daude, baita denboraldiko sasoi ezberdinak ere.

Desberdintasunak. Baskoniak eta Bilbo Basketek ondo dakite hori. Sasoia luzea da, eta ia ezinezkoa da erregulartasunari eustea; gorabeherak izatea erabat normala da. Lesioek ere asko baldintzatzen dute. Bilbotarrek ACB ligako lehen hiru partidak irabazi zituzten, baina gero lau jarraian galdu; orain, beste bi irabazi dituzte. Tartean, jokalarik asko hartu zuten min, eta galdutako lau partidetatik hiru etxetik kanpo izan ziren. Gainera, irabazitako azken bi partidak aurkari zuzenen aurka izan dira: Fuenlabrada eta Zaragozaren kontra. Irabazi egin behar zaie, eta zenbat eta alde handiagogatik egin, orduan eta hobeto. Fuenlabradari 109 puntu sartu zizkion Jaume Ponsarnauren taldeak; taldearen hirugarren markarik onena da ACB ligan. Entrenatzailea bestelako lidergo baten aldekoa da, prentsaurrekoan azaldu zuen bezala: «Izaera ez da oihuen bidez neurtzen. Entrenatzaile isil eta lasaiak normaltzat hartzen hasi behar ditugu».

Gasteiztarrek ere izan dute beherakadaren bat denboraldi honetan;ez zen normala lehen norgehiagoketako erritmoa eta bizitasuna. Horri eustea zinez zaila zen. Joan Peñarroyak bilatzen duen joko estilo dinamiko eta arinak sasoiko egotea eskatzen du; hirukoak sartzeko, hankak funtsezkoak dira. Igandean, hemeretzi hiruko sartu zizkion Baskoniak Gironari. Horrelakoa da Arabako taldea egun: muturrekoa emoziozkoa. Argi dute, behintzat, defentsako lanetik hasten dela kontraerasoan korrika egiteko gaitasuna; bestela, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.