mikel reina
HIRUKOTIK

Onenen garaia da

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Indartsuenaren legea. Badaude beste maila bateko taldeak. Nahiz eta zure onena eman eta zure bertsiorik onenera hurbildu, irabazteko aukerak apurrak direnak. Onenen artean onenak dira Kaunasen elkartuko direnak: Real Madril, Bartzelona, Olympiakos eta Monako. 2015etik lehen aldiz ez da talde turkiarrik egongo Euroligako Lauko Finalean. Duela 26 urtetik ez zuen Frantziako Ligako talde batek garaikurra lortzeko azken fasea jokatzen. Azkena Asvel izan zen 1997an, eta Monakok lehen aldiz jokatuko du. Horrez gain, beste errekor bat bere horretan mantentzen da: inoiz ez du kanporaketako bosgarren eta azken partida kanpoko taldeak irabazi; kantxa faktorearen legea da. Aurten hiru aukera egon dira, eta denek egin dute kale.

Real Madrilek egin zuen historia. 0-2 hasitako kanporaketa batlehen aldiz irauli zuen. Zoragarria Partizanen aurkakoa. Madrildarrei meriturik kendu gabe, baina kanporaketa erabat baldintzatuta egon da bigarren partidako liskarragatik, eta batez ere, hurrengo egunean jakinarazitako zigorrengatik. Badirudi astebetean ahaztu dugula. Eta ezin da ahaztu. Bartzelona izango dute aurkari finalaurrekoan. Saras Jasikeviciusen hirugarren, eta, agian, azken aukera izan daiteke. Bere etorkizuna hein handi batean ostiraletik aurrera gertatzen denakbaldintzatuko du. Hirugarrena saiakera onena dela diote. Olympiakosen eta Monakoren artekoa ere ikustekoa izango da.Guztiz desberdinak diren bi talderen arteko borroka izango da. Greziarrek multzoan daukate indargunea, eta Monakon, aldiz, kalitatea eta fisiko indibiduala dira bi ardatzak.

Plaza. Azkenean horrelako taldeek dena dute. Horregatik daude dauden tokian. Baskoniak igandean Buesa Arenan egiaztatu ahal izan zuen. Gasteiztarrek ez dute ACB ligako fase erregularra sailkapeneko lehen postuan amaituko. Kataluniarrek Jan Veselyren eta Nikola Kalinicen bajak izan arren, nahi izan zutenean estutu zuten hirugarren laurdenean, eta markagailuan aldendu ziren. Arabarrak, berriz, nahi eta ezin. Finalera heltzekotan ez dute kantxa faktorea alde izango. Real Madrilekin neurtuko lituzkete indarrak ustezko finalaurrekoetan. Ez da aurkari desegokia, aurten jokatu dituzten lau partidetan garaile izan dira Joan PeƱarroya eta jokalariak. Buesa Arenan zein Wizink Centerren emaitza bera izan da.

Emaitzaren zain geratuko da Bilbo Basket. Azken jardunaldian Miribillan Unicajari irabaziz gero 2023-2024. denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera izan dezakete beste behin. Aurten ACB ligako hemezortzi taldetik 11 aritu dira Europan, eta badirudi tendentzia mantenduko dela. Horregatik, nahiz eta zortzi talderik onenen artean ez sartu, asko izan dute jokoan bizkaitarrek azken lehietan. Europak ate asko zabaltzen ditu, onenen artean kokatzen zaitu, eta jokalari hobeak lortzeko aukerak zabaldu. Denek jokatu nahi dute Europan, eta horrela bidea egiten hasi.

Esan diezaiotela TJ Shortsi. Bonnek irabazi du Txapeldunen Liga Malagako Lauko Finala irabazi ostean. Estatubatuarra izan da jokalari onena, finalekoa eta, oro har, txapelketakoa. Alfredo Salazar eta Baskonia bere atzetik ibili ziren duela hilabete batzuk Pierria Henryren bajaren ostean. Ez du eskaintza faltarik izango. Asko izango zituen, eta orain biderkatu besterik ez dira egingo. Gainera, ez du jokalari amerikarraren tokia hartzen Mazedoniako pasaportea baitu.

Azken txanpa. NBAn ere erabaki da zein lau talde arituko diren Konferentzietako finaletan: Lakers-Nuggets eta Miami-Boston. Warriorsek 2014tik lehen aldiz galdu du mendebaldean kanporaketa bat. Baina LeBron Jamesen dinastia atzeragotik dator. Erregeak, urteak aurrera joan arren, errege izaten jarraitzen du, eta jarraituko du. Inork baino kanporaketa gehiago irabazi ditu: 41 guztira. Nikola Jokicek, berriz, Nuggetsen izarrak, batez beste 34,5 puntu, 13,2 errebote eta 10,3 asistentzia lortu ditu Sunsen aurkako kanporaketan. Jayson Tatumek ere handia egin du Boston Celticsekin. Stephen Curryk duela bi aste ezarritako errekorra apurtu zuen. 51 puntu sartu zituen Sixersen kontrako zazpigarren eta azken partidan, beste inork baino gehiago. Argi dago. Onenen garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.