mikel reina
HIRUKOTIK

Inork baino gehiago

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Duela gutxi sare sozialetan irakurri nuen: saskibaloia kirol bat da zeinetan bost bosten kontra jokatzen dute, eta Espainiak irabazi ohi du. Alemaniaren eta futbolaren arteko kopia merkea da. Oso ohikoak dira halakoak Espainiako komunikabideetan. Real Madrilek Euroliga irabazi berri du; zelan, gainera. Epikara itsatsita bizi den kluba da, saskibaloian zein futbolean, batez ere, Europako txapelketetan. Partida erabakigarrienetan ateratzen zaio gene lehiakorra. Ikaragarria da: gehien behar duenean ateratzen zaio. Euroligan, adibidez, inoiz ez zen 0-2 hasitako final-laurdenetako kanporaketa bat irauli, Real Madril egoera horretan egon den arte. Era berean, NBAn, berriz, inoiz ez da 3-0 hasi den kanporaketa bat irauli. Kinka larrian daude Los Angeles Lakers eta Boston, Denverren eta Miamiren aurka. Inork ez ditu haiek baino eraztun gehiago. Inork ez ditu Real Madrilek baino Euroliga gehiago: 11.

Helduenek. Lehiakortasun hori inork baino hobeto ezagutu eta transmititzen dituzte taldeko jokalari helduenek, guda askotan aritu direnek: Sergio Llull, Sergio Rodriguez, Rudy Fernandez edo Fabien Causeurrek. Haiek dira taldeko izarrak, baita Walter Tavares ere: Europako jokalaririk erabakigarriena da, alderik handienak ezartzen dituena.

Llull izan da protagonista nagusia, ez bakarrik finaleko azken saskiratzea sartu zuelako. Haren eskumako eskuak berpiztu zuen Real Madrilen kanporaketetan, garaikurra altxatu arte. Finaleko bere lehen eta puntu bakarrak izan ziren azkeneko saskiratzekoak. Zerbaitegatik ez ditu inork baino puntu gehiago sartu Lauko Finaletan.

Chus Mateori merezitako aipamena egin behar zaio. Ez da inoiz erraza Pablo Laso ordezkatzea, Real Madril bezalako talde bat hartzea, kolpeak edonondik jasotzea, eta, azkenean, garaikurrik handiena altxatzea. Berak, Llullek segundo gutxiren faltan saskiratzeak sartzeko duen erraztasun edo dohain magiko horretaz jakitun, hari eman zion Mateok azken jokaldia egiteko aukera. Baita asmatu ere. Tavaresek berakeskerrak eman zizkion prentsaurrekoan entrenatzaileari. «Inork baino gehiago» merezi zuela esan zuen pibotak. Argi dagoena da Mateok mutu utzi dituela asko.

Askotan, entrenatzaile nagusiek ez dute haren laguntzaileek bezainbeste ikusten; zenbat eta begi gehiago egon kantxara begira, orduan eta hobeto. Mateok aulkian izan du Sergio Rodriguez denboraldiko zatirik handienean, baina erabakigarrienean atera du. Estatistikei erreparatuta, Partizanen aurkako bosgarren eta azken partida eta finala izan dira jokatu dituen neurketa onenak. Ez da kasualitatea. Burua eta eskuak hankak baino arinago doazkien pertsona horietako bat da.

Jakina da. Bide batez, Real Madrilek jarraipena eman dio Euroligako liga erregularreko talde onenaren maldizioari Lauko Finalean. 2015-2016 denboralditik ez du garaikurra altxatu liga erregularra lehen postuan amaitu duen taldeak. Faborito izateak ez du inondik inora ere garaikurra ziurtatzen. Horren hamaikagarren adibidea da Olympiakos. Greziarrek finalean hamabi punturen aldea izan arren, Real Madril gai izan zen markagailua iraultzeko eta nahi zuen amaierara bideratzeko. Txapeldun izaera omen. Bartzelonari falta zaio hori, beste behin agerian geratu den bezala. Saras Jasikeviciusek aulkian, eta Nikola Miroticek kantxan, kale egin dute hirugarren sasoiz jarraian. Azkena izango ote da?

Bilbo Basketek, azken lehia. ACB ligan, berriz, Bilbo Basketek gaur jokatuko du denboraldiko azken partida, Miribillan, Ibon Nabarroren Unicajaren aurka. Garaipenak edo Breoganek bihar Valentzian galtzeak Txapeldunen Liga jokatzeko sailkapena emango lioke. Ez da gutxi. Aspalditik dago sentsazioa Miribillan sailkapenari begira ezer ez dagoela jokoan, baina errealitatea oso desberdina da. Malagako taldeak ere laugarren postua du jokoan; beraz, biek ala biek euren onena eman beharko dute. Horretarako, Bilbo Basketek Sergio Llorente partida bakarrerako fitxatu du. Rafa Pueyo kirol zuzendariak inork baino hobeto daki zenbat ate zabaltzen dituen Europan jokatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.