mikel reina
HIRUKOTIK

Dena dago airean

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Korronteak. Leihoak zabaltzea da koronabirusaren aurkako gomendio nagusietako bat. Aire korronteak mugitzeko balio du. Saskibaloian, ordea, agian, hobeto da leihoak ixtea. Iskanbila nahikoa sortu zen duela hiru urte Nazioarteko Federazioak (FIBA) selekzioetarako formatu berria sortu zuenean. NBAko eta Euroligako izarrik gabe, bigarren maila bateko jokalariei haien herrialdeko elastikoa defendatzeko aukera eman zitzaien. Bueltan dira, lehenengo, emakumezkoetan, eta, ondoren, gizonezkoetan. IDK Euskotrenek, Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak ostiralean bukatu zituzten ligako lehen bi hilabete eroak, batez ere azkeneko hamazazpi egunak, bakoitzak sei partida jokatu baititu. Hiru euskal taldeek jokalariz hornituzko dituzte Europako herrialde ezberdinetako selekzioak, eta ez hautatuentzako, astebeteko merezitako oporrak izango dira. Baina, leihoak irekitzeko momentua al da? Hori da galdera.

Astebete ez da igaro Ettore Messinak bidaiak saihesteko formatu berri baten proposamena bota zuenetik. Olimpiar Milan taldeko entrenatzailearen iritziz, lehenengo, herrialdeetako ligak jokatu beharko lirateke, bidaia laburragoak direlako; eta gero, txapelketa kontinentaletan lehiatu. Airean geratu den aukera izan da. Datozen egunetan jokalari asko lekualdatuko dira, hamaika talde ezberdinetako pertsonaz osatutako kontzentrazioetara batzeko, familia ikusteko edo etxera bueltatzeko, bakoitza mapako puntu batera. Gainera, itzuli eta lau egunera, jardunaldia izanen dute emakumezkoen ligan. Taldeetara bueltatzen direneko PCR probek inoiz baino garrantzi gehiago izango dute, eta ez dago denbora tarterik. Orain arte, positiboak gutxiengoak izan dira emakumezkoetan, eta normaltasuna izan da nagusi. Araski eta Zaragozaren arteko lehia positibo faltsu batengatik atsedenaldian bertan behera geratu izanak ez du islatzen egunerokoa, nahiz eta protokoloaren ezkutuko arazoak agerian utzi zituen. Gizonezkoen txanda, ordea, hilaren bukaeran, burbuila formatuan, Valentzian batuko da, adibidez, Espainiako selekzioak bere multzoko bi partida jokatzeko. Mugikortasuna eta kontaktuak mugatu behar diren garai honetan, guztiz kontrakoa egitea da hori.

Oparia. Bere bidaia hasteko data duen beste bat NBA da. Garai berezian, gainera, Gabonetan. Oraindik ikusteko dago ezagutzen ditugun ohiko Gabonetaz disfrutatzeko parada izango dugun, baina aurten, Olentzerok NBA ekarriko du besapean. Abenduaren 22an hasiko da munduko ligarik onena. Etxean geratzeko beste aitzakia bat da. Bilera eta data festa askoren ondoren, NBA eta jokalariak ados jarri dira. Gabonetako partidak beti bereziak izaten dira, erakargarriak; sabela husteko modurik onena izan ohi dira. Diru galeren digestio txarrari aurre egiteko Adam Silver NBAko komisionatuak ahalik eta arinen jarri nahi zuen martxan enpresa. Jokalariek 2021ko urtarrilaren 18an, Martin Luther Kingen egunean, hasi nahi zuten, atseden denbora gehiago izateko eta egun garrantzitsu horren magiari eusteko. Negoziazio askoren ondoren, etsi egin dute, baina ez edonola. NBAk soldaten murrizketa eskatzen zuten frankizien diru sarreren zati handi bat leihatiletan dagoelako. Azkenean, izarrek %16-%18ko jaitsiera izango dute, Silverrek eskatzen duen %40tik urrun.

Daten dantza festa horretan kirolari orok hilabete bat dauka buruan, Tokioko Olinpiar Jokoetakoa, hain zuzen. Munduko Txapelketari ez bezala, NBAko jokalariek Olinpiar Jokoei dieten errespetua oso handia da. Hor zehazten da, haien ustez, munduko txapelduna, ez beste inon. Urtarrilaren 18an hasiz gero, 50 partida jokatuko zituzten soilik. Gabonetatik ekinda, aldiz, 72. Maiatzaren 16an bukatuko da liga erregularra, eta uztailaren 22an finala, Tokiora bidaiatu aurreko azken egunean.

Hala ere, baloia airera jaurti aurretik, asko dago argitzeke. Lehenik eta behin, hilaren 18an egingo dute draft-a. Ez dago izen handirik, baina etorkizuneko jokalariak ikusteko aukera interesgarria da. Bi egun geroago hasiko da benetako jaia: fitxaketen epea zabalduko da. Agente libreen zerrenda oso luzea da, eta denbora eskasa dago: Marc Gasol, Bogdan Bogdanovic, Gordon Hayward edo Serge Ibaka, besteak beste. Abenduaren 1ean entrenamenduak, 10ean lagunartekoak, eta 22an opariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.