Ibai Zabala Gandarias
IRITZIA

Bera izan zen

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Askotariko izen propioz beteriko astea izaten ari da oraingoa esku pilotaren unibertsoan. Joseba, Jokin, Aitor, Peio, izen horiek busti dituzte aste honetako idazkien lerroburu guztiak. Baina bat falta: Mikel. Argi indartsudun fokuen pean daudenekin gertatzen den kontrara, badoazen batzuk, itzalean, ondu gabeko ardoa bezala uzteko ohitura baitago; are gehiago badoan hori aspaldi joanda balego lez jokatu duenean askok. Beraz, ekar dezagun argira.

Mikel Larunbe Garcia del Castillok, ia hamar urteren ondoren, bihar esango dio agur pilota profesionalari; sorterrian, Galdakaon. Oroitzen dut 2012an gure entrenamenduetara agertu zen gazte altu, zimel hura; ezkerrez postura ederra, naturala, eta eskubiz pilota erraz mugitzen zuena.

Bere debuta ere ondo gogoan dut: 2013ko Errege egunaren bezpera. Partida larunbatez zen, eta asteazkenean deitu zidan Mikel Etxegiak, bai Larunberekin, bai ni bezalako garai hartako hainbat gazte bizkaitarrekin lan bikaina egin zuenak, mesede eske. Larunbe gazteak aste hartan egin zuen entrenamenduan ez omen zuen egun onik izan, eta konfiantza gutxirekin zegoen, antza, larunbateko estreinakorako. Hori horrela, ostiralean berarekin entrenamendu txiki bat egin nezakeen galdegin zidan, partidara sentsazio onekin joan zedin. Eta han aritu ginen biok, partidaren bezperan, Iurretako frontoian takoak jarrita entrenamendu saio txiki bat eginez. Merezi izan zuen, partida ederra jokatu baitzuen biharamunean.

Eskuin eskumuturreko eskafoide hezurra apurtu zuen uda hartan, baita bihotzeko arazo bati aurre egin ere handik bi urtera. Baina lanean jarraitu zuen, Mikel kirolari fina eta saiatua izan baita beti. Langilea. Eta lan horretatik guztitik erne zen 2017ko Binakako Txapelketan Oinatzekin batera jokatu zuen finala. Pilotari gutxik esan dezakete halakorik jokatu dutenik. Berak bai.

Entrenamenduetan inbidiaz begiratzen nion ezkerrez jotzen zuen bakoitzean. Nik eskubi bizi samarra bai, baina ezkerrez lan handiak izaten bainituen pilota kentzeko orduan. Eta berak hori, berezkoa zuen postura horrekin, bikain egiten zuen. Akordatzen naiz nola esan nion behin: «Larun, nik ezker hori izango banu...». Eta berak erantzun: «Eta nik zuk daukazun eta zer den ez dakidan hori...». Badakizue, bakoitzak bere dohainei heldu behar.

Baina pilota munduan, kirolari eta pertsona lez, Mikelek goia noiz jo zuen esan beharko banu, argi izango nuke: 2020ko hilabete gogor haietan, kantxatik kanpoko jardun hartan.Bera izan zen Iosu Eskirozen kaleratze bidegabea salatuz ETB1eko kamera eta mikrofonoen aurrean hitz egiten lehena. Bera izan zen sindikalismoak bidea zabaldu zigunean lanean gehien inplikatu zena, baita greba garaian lehen lerroan aurpegia eman zutenetariko bat ere. Berak izan behar zuen gure ordezkari sindikala azpijokoz bete ziguten eta azkenean egin ez ziren hauteskunde sindikaletan (egunen batean hori ere kontatu beharko dugu).

Eta horrek guztiak eragin dio azken urte eta erdian enpresaren aldetik jasan duen bazterketa erabat bidegabekoa; dirudienez, eskubideak aldarrikatze hori gaizki ikusita baitago pilota profesionalean. Hobe morrontza. Baina, Mikel ezagututa, badakit pozik eta harro dagoela den pertsonaz, kideaz, langile kontzientziadunaz; eta izan zenaz. Bera izan baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.