mikel reina
HIRUKOTIK

Fin(ala?)

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Badaude martxoan jokatzen diren partida handiak. Finalak izendatzea betidanik iruditu zait gehiegizkoa, badirudielako edozeinek jokatu ahal dituela finalak. Baina bi onenek bakarrik dute pribilegio hori, ez dago edozeinen eskuetan. Badaude garaikurrik gabeko finalak ere. Txapelketara batera sartzeko aukera ematen dutenak adibidez edo aurretiazko fasea dutenak.

Etxean baino hobeto inon ez. Baskoniak Valentziaren aurka jokatu zuen denboraldiko bere lehen partida handia Euroligan. Gasteiztarrentzat bezain garrantzitsua zen neurketa valentziarrentzat. Talde bakarrak duenean zerbait jokoan ez da berdina. Erraz lortu zuen garaipena Joan PeƱarroyaren taldeak, errazegi esan daiteke. Azkenaldian bi taldeen arteko norgehiagokak bereziak izan dira, Euroligan batez ere. Joan den ostiraleko partidara arte hamar aldiz neurtu zituzten indarrak Euroligan, eta bosna garaipen zituen lortuta talde bakoitzak. Berdinketa hautsi zuen Baskoniak. Aurtengo hiru neurketak irabazi dizkio PeƱarroyak bere talde ohiari, bat ACB ligan eta bi Euroligan. Neurria hartu ote dio etorkizuneko partidei begira? Ikusi beharko da. Euroligako kanporaketetan ez dut uste elkarren aurka jokatuko dutenik. Denboraldi bakarrean sailkatu dira bi taldeak kanporaketetarako: 2010-2011 sasoian. Gasteiztarrek kantxa faktorea alde izan arren, Maccabiren aurka galdu zuten, eta valentziarrek bosgarren partidan galdu zuten Real Madrilen kontra.

Urrea balio duen garaipena izan zen ostiralekoa. Zelakoa, gainera: 114 puntu sartuz. Bitxia da, behintzat, zure saskiratzaile onenaren egunik okerrenean sartzea hainbeste puntu. Markus Howardek ez zuen punturik sartu. Baskoniak ez du inondik inora ere ziurtatu lekua zortzi talde onenen artean, baina pauso handia eman du. Batez ere puntuen aldea kontuan izanda. Gasteiztarrek ondo baliatu zuten sasoi hasiera bikaina Valentziarekin, Bolognako Virtusekin, Zalgirisekin eta Anadolu Efesekin. Gainera, ia eginda dute Maccabirekin. 116-87 gailendu ziren arabarrak Buesa Arenan. Hor dago zalantzarik gabe taldearen indargunea. Alde horretatik, erabakigarria izan daiteke Baskoniak etxean jokatuko dituelaazken lau jardunaldietako partidetako hiru. Gaur, Real Madrili egingo diote bisita (20:30, DAZN). Bilbo Basketek, berriz, TxapeldunenLigan Teneriferen aurka neurtuko ditu indarrak etxean (20:00, ETB4).

Izen propioen astea izan da Euroligan Facundo Campazzoren itzulerarekin eta Tyler Dorseyren fitxaketarekin. Fenerbahcek gainera itzulera bikoitza izan du, ahaztuta bageneukan ere, Nemanja Bjelicak debuta egin zuen aurten Euroligan.

Meritokrazia. Udako Munduko Txapelketan izen propio asko faltako dira, baina beste batzuk egongo dira. Hutsuneek beste behin FIBA leihoen eztabaida areagotu dute. Baina nik bestelako irakurketa bat egin nahiko nuke. Espainiak Europako Txapelketa irabazi ostean, multzoaren indarrari egin genion gorazarre. Izen aldetik, inoizko txapelketarik erakargarrienetako bat izan zen: Giannis Antetokounmpo, Nikola Jokic eta Luka Doncic han izan ziren. Erakustaldi ikusgarriak egin zituzten. Orain, Munduko Txapelketarako izen handiak geratu dira kanpoan, Facundo Campazzoren eta Gaby Decken Argentina, Bogdan Bogdanovicen Kroazia, Cedi Osmanen Turkia eta Steven Adamsen Zeelanda Berria. Izen handiak dira, baina hainbesterako?

Ni tradizioa ez duten herrialdeen istorioekin geratzen naiz. Txikien aldekoa naiz: Georgia, Hego Sudan, Cabo Berde eta Mexiko. Horietan ere izen propio handiak daude. Cabo Verde Munduko txapelketan parte hartu duen herrialderik txikiena da. Ez da 600.000 biztanletara heltzen. Luol Deng NBAko jokalari ohia da Hegoaldeko Sudanen saskibaloi presidentea, aktibista handia da.

Gainera, FIBA leihoek herrialdeetako jokalarien batez besteko maila neurtzen dute. Ez genuen hori nahi? Talde lana ikusi bakarkako lanaren gainetik izango da. Ez diot sailkatze prozesuarekin ados nagoenik, ezta gutxiagorik ere. Baina gauzei alde positiboak ikusteko joera izaten dut, gauza negatiboak ikustea naturalki ateratzen baitzaigu. Gainera, ez dago denentzako tokirik, finaletan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.