mikel reina
HIRUKOTIK

Nor baino nor gehiago

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Taldeen Europako Txapelketa izan da, norbanakoena baino gehiago. Izen handiak aritu dira, oso handiak, baina txapelketa hasi aurreko hiru hautagai nagusiak ez dira ezta finalerdietarakosailkatu ere. Nikola Jokicen Serbia, Luka Doncicen Eslovenia eta Giannis Antetokounmporen Grezia ez dira lau onenen artean egon. Selekzio batek ez, talde batek irabazi du txapelketa: Espainiak. Aldagai horrek talde lanari gorazarre egitea eragin du batetik,eta izarrak gutxiestea bestetik. Orain dela astebete, ordea, NBAko jokalarien zenbaki ikusgarriak aztertu genituen, beste planetakoak direla esanez. Zer aldatu da? Emaitza?

Norbanakoa. Eztabaida honen harira, entrenatzaile bati behin entzun niona etorri zait burura. Hark taldeko kirola eta taldean egiten den kirola bereizten zituen. Saskibaloia lehen multzokoa izango litzateke. Taldearen barruan jokalari bakoitzak lan bat du, eta bost jokalarirentzako baloi bakarra dago. Hau da, norbanakoak bere dohainak jartzen ditu taldearen mesedetan, eskatutako bere lana osatuz. Bigarrenaren adibiderik onena, eta guretzat azken asteetan inoiz baino hobea, arrauna da. Arraunlariek gutxi gorabehera lan bera egiten dute traineruan; denek dute material bera. Taldearen indarrean oinarritutako lana da, inoiz baino gehiago. Bi aldagai dira, eta ez dira inoiz aldatzen; kirolariek dena ematen dute beti, eta, maila profesionalean betiere, irabaztea da beti helburua. Batetik, lehiakortasunak eraman du Espainiako selekzioa urrezko domina lortzera. Baita Sergio Scariolo eta haren lantaldearen maisutasunak ere partiden lanketa taktikoa egiteko orduan.

Europako Txapelketako adibide argigarri bat. Poloniak zailago izango luke Esloveniari irabaztea Mateusz Ponitkaren hiruko bikoitzik gabe. Beste gauza batzuei esker ere lortu zuen garaipena Poloniak, baina hegalekoaren erakustaldia erabakigarria izan zen. Europako Federazioa (FIBA) 1995ean hasi zen estatistikak gehiago lantzen, eta, geroztik, bakarrik bi jokalarik lortu zituzten bi zenbakiko datuak jokoaren hiru alorretan: Toni Kukoc kroaziarrak 1995ean, eta Andrei Mandache errumaniarrak 2017an. 26 puntu, hamasei errebote eta hamar asistentzia lortu zituen Ponitkak final-laurdenetan. Baskoniarekin lotu zen bere izena uda hasieran, baina Italiako Reggio Emilia taldeak fitxatu zuen. Hala ere, Euroligako talde batekin sinatzeko aukera du kontratuan. Hala, berriro atera da poloniarraren zurrumurrua Gasteizen. Kontu bakarra dago argi: diru gehiago eskatuko du soldatan.

Hasi eta buka. Horrelako txapelketek azken batean horretarako balio dute: jokalarien balioa igo edo jaisteko. Gutxi falta dira 2022-2023 denboraldirako kontratua sinatzeko, are gutxiago denak haien taldeetara itzultzeko. Entrenatzaileek pentsatuko dute badela garaia. Denboraldiaurreko zati handi bat egin behar izan dute selekzioekin jokatzen duten jokalariak gabe. Txapelketatik kanpo geratu bezain laster bildu dira haien taldeekin. Sasoiko helduko dira, baina arau taktikoak desikasi beharko dituzte, berriak ikasi ahal izateko.

Bilbo Basketek eta Baskoniak Euskal Kopa jokatuko dute bihar Galdakaon (19:30). ACB ligako bi euskal taldeak aurrez aurre ikusteko lehen aukera izango da. Bi egitasmo berri, bi entrenatzaile berri eta biak ala biak ikusteko gogo handia. Urreta kiroldegia txiki geratuko da. Oraindik oso goiz da ondorioak atera ahal izateko; entrenamenduak eta lagunartekoak behar dituzte denak batera. Hilaren 30ean ekingo diote ACB ligari: gasteiztarrek Unicajaren aurka jokatuko dute Buesa Arenan, eta bilbotarrek Joventuten kontra, Badalonan.

Emakumezkoen kasua justu kontrakoa da. Bihar hasiko da Munduko Txapelketa, Australian. Espainiako Liga urriaren 5ean hasiko da. WNBA herenegun amaitu zen. Espainiak sailkatzea lortu ez zuenez, behintzat, ez du hainbeste igarriko jokalarien falta. Alde horretatik, euskal taldeek ez dute inor faltako ostiraletik igandera jokatuko den Euskal Kopari aurre egiteko. Durangoko Landako kiroldegiaren ordez, Tolosan neurtuko dituzte indarrak IDK-k, Gernikak eta Araskik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.