mikel reina
HIRUKOTIK

75. urteurrena

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Zerrenda. Gaur gauean hasiko da NBAko 2021-2022 denboraldia. Era berean, herenegun bukatu zen emakumezkoena, WNBA. Chicago Skyk irabazi du, finalean Phoenix Mercuryri 3-1 gailenduta. Gizonezkoetan ez da edozein sasoi, munduko saskibaloi ligarik onenak haren75. urteurrena betetzen duelako. Hasteko, Brooklyn Nets-Milwaukee Bucks eta Golden State Warriors-Los Angeles Lakers partidak jokatuko dituzte. Ez dago gehiago eskatzerik hasteko. Agian, bai. Ligak 75 urte betetzen dituen sasoian NBAk bere historiako 75 jokalari onenen zerrenda argitaratuko du. Lehen 25 jokalariak gaur ezagutaraziko dituzte; bihar, beste 25, eta, etzi, azken 25ak. Iraganeko eta egungo jokalari eta entrenatzaileek bozkatu dute, baita kazetariek ere. Eztabaida ziurtatuta dago.

Zenbatgarren postuan kokatuta egongo ote da LeBron James? Jokalari onena bilakatzeko saiakera horretan, hegalekoak beste talde handi bat eratu du. Esperientzia eta urte askotako taldea. 37 urterekin, Jamesek iaz ia 30 partida galdu zituen orkatilako lesio batengatik, eta badaki kostako zaiola bere onena ematea. Horretarako, ondo inguratu da: Russell Westbrook, Carmelo Anthony, Dwight Howard eta Rajon Rondo, besteak beste.Taldearen batez besteko adina32 urtekoa da. Denboraldiaurrean ez dute partidarik irabazi:sei jokatu eta guztiak galdu dituzte.

Iaz Phoenix Sunsek eta Milwauke Bucksek ere lagunarteko denak galdu zituzten, eta gero finalera heldu ziren. Txapeldunek ez dute aldaketa askorik egin. PJ Tucker galdu dute, baina, haren ordez, George Hill eta Rodney Hood ekarri dituzte kanpoko lerrorako. Guztiak Giannis Antetokounmporen eskuetan jarraituko du. Gaur jasoko duen eraztunarekin greziarrak argi utziko du ez dela soilik liga erregularreko jokalaria, baita kanporaketetakoa ere. Jrue Holiday eta Khris Middleton izango ditu bizkartzain. Phoenix aldean ere ez dira asko mugitu. Nahikoa dute Chris Paul, Devin Booker eta Deandre Aytonekin. 28 denboraldiren ondoren finalera heldu ziren iaz. Bizkarrezurra finkatua duzunean, antolatzailea, jaurtitzailea eta pibota, dena errazagoa da.

Izenez izen. Denboraldiaurrean izen bat egon da denen ahotan: Kyrie Irving. Brooklyn Netseko antolatzaileak behin baino gehiagotan esan dio ezetz COVID-19aren txertoa jartzeari. Estatu Batuetako zenbait estatutan neurri oso zorrotzak daude indarrean txertatuta ez dauden pertsonekin. Hiri horietako bat New York da, Brooklyn Netsen egoitza. Adibidez, txertatuta ez dauden pertsonek ezin dute leku itxietan jokatu. Hau da, Irving ezin da etxeko partidetan aritu. Azkenean, Sean Marks kirol zuzendariak taldetik baztertzeko erabakia hartu du. Horiek horrela, Netsek oraindik Kevin Durant eta James Harden ditu. Nahikoa izan beharko da oraingoz Patty Millsen edo Paul Millsapen fitxaketekin batera.

Haien bizilagunak, New York Knicksek, ez dizkio lanak erraztuko. Iazko bolada onari jarraipena eman nahi diote Madison Square Gardenen, eta Kemba Walker eta Evan Fournier erakarri dituzte Bostonetik. Celticsen aldaketa nagusia aulkian egon da: Brad Stevensek entrenatzeari utzi dio, eta kirol zuzendaria da orain. Haren lekua Ime Udokak hartu du. Kantxan, berriz, Jayson Tatumek jarraituko du liderra izaten. Txertoarekin zalantzak izan zituen beste bat Andrew Wiggins izan da. Kosta zitzaion jartzea, baina txertatu ezean, ezingo zuen San Frantziskon jokatu. Golden State Warriors Klay Thompsonen zain egongo da, Gabonetan itzuliko baita. Bitartean, Stephen Curryren esku egongo da. Antolatzailea inoizko jaurtitzailerik onena bilaka daiteke denboraldi honetan. 141 hiruko sartu behar ditu Ray Allen zerrendan gainditzeko. Azken hiru frankizia horiek dira NBAren 75 urteetan bizirik iraun duten bakarrak: Knicks, Celtics eta Warriors. Kontuan izateko taldeak izango diraPaul Georgeren eta Kawhi Leonarden Los Angeles Clippers; Rudy Goberten eta Donovan Mitchellen Utah Jazz; Kyle Lowry fitxatu duen Miami Heat; edo Trae Youngen Atlanta Hawks. Jokalari asko dira 75 izeneko zerrendan bere burua ikusi nahi dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.