Alex Sardui. Abeslaria

«Elkarlanerako aukera hauek aprobetxatu egin behar dira»

J. SAIZAR.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Alex Sardui (Gernika, 1966) abeslari ezaguna da euskal musikan 1990eko hamarkadatik, lehendabizi Exkixu taldean eta 2002tik Gatibu taldean aritu baita. Ez da Et Incarnatus orkestrarekin jendaurrean aritzen den lehen aldia. Urmuga proiektuan Nafarroako Zaraitzuko kontzertuan arituko da bihar, Erremendian, Petti, Amak, laukote batekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera, Et Incarnatus orkestraz gain.

Nola sortu zen Urmugan parte hartzeko ideia?

Zeberio anaien bitartez. Aspaldi ari gara gauzak egiten elkarrekin. Beti ari dira gauzak asmatzen, eta Felipe Ugarterekin batera izandako ideia aurkeztu zidan Migelek.Beraiekin batera abestea eskatu zidan, eta fenomeno iruditu zitzaidan.

Zein da zuen gaur egungo egoera?

Une txarrak ari gara pasatzen denok. Gauza batzuk irten dira udan eta urte amaiera bitarte, baina gutxi. Kultura inportantea da, eta oso ekitaldi gutxi dago. Gauzak normaltzen direnean, ikusiko dugu gauzak eta jendea nola dagoen.

Mendizalea al zara?

Apur bat bai, baina beste kirol batzuk gehiago praktikatu ditut. Joaten naiz batzuetan, familiarekin eta lagunekin.

Mendian kontzerturen bat emateko aukera izan al duzu?

Ba. Exkixurekin, behin Larraitzen egin genuen kontzertu bat, hango zelaietan, Txindokiren azpian. Eta Et Incarnatus orkestrarekin Zaraten, Azken Muga proiektuan.

Zer ekarpen egiten du egitasmo honek?

Ikusteko zain gaude. Formatu berriak topatzea ez da txarra. Euskal osagai batzuk elkartzen dira proiektuan: kobak, mendia, ur muga, mitologia... Euskal kutsu polita du.

Zein izango da zure errepertorioa Zaraitzuko eskualdeko kontzertuan?

Nire abesti ezagun batzuk (Txiki txiki bang bang, Loretxoa, Euritan dantzan) orkestrarekin, eta agian beste zerbait; esaten didatena. Hondarribian eta Zaraten Et Incarnatusekin egindako antzeko zerbait.

Zer-nolako esperientzia da horrelako orkestra batekin aritzea?

Orkestra honekin aritu naiz pare bat aldiz, lehen esan bezala, eta Sortuko dira besteak izeneko emanaldietan ere harizko sekzioa bazen. Berezia da, desberdina da guretzat: bateria falta da erreferentzia gisa. Ez da gure esparrua, baina elkarlanerako aukera hauek aprobetxatu behar dira. Batez ere une larri hauetan. Euskal fusioa sor daiteke hemendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.