Flammes Carolo 50-57 Lointek Gernika

Faboritoa txiki utzi du

Gernikak 50-57 irabazi dio Carolori Eurokopan, eta ia sailkatuta dago hurrengo faserako. Colhadok 21 puntu sartu ditu

Gernikako jokalariak saskiratze bat ospatzen, atzoko partidan. GERNIKA.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Flammes Carolo.Miyem (5), Pouye (17), Bouderra (3), Akhator (18), Nared (2) hasierako bostekoa, Turner (2), Diallo (2), Sy-Diop (1)eta Cado.
Gernika.Milica Ivanovic (9), Nogaye Lo (10), Paula Ginzo (2), Laura Cornelius eta Angela Bjorklund, hasierako bostekoa, Roso Buch (7), Nadia Colhado (21), Belen Arrojo (8) eta Itziar Ariztimuño.
Markagailua. 15-18, 35-31atsedenaldia44-50 eta 50-57. Epaileak. Baloun, Wolzfed eta Morina. Buch kanporatu dute bost faltengatik.

Lointek Gernikak ia bi oinak ditu Eurokopako hurrengo fasean. Partida bikaina jokatu, eta bizkaitarrek 50-57 hartu zuten mendean atzo Fammes Carolo, multzoko faseko bigarren partidan, Valentziako burbuilan. Frantziarra zen itxuraz multzoko talderik indartsuena, baina Mario Lopezen taldeak txiki utzi zuen. Gaur jokatuko du azken partida, Clarinosen aurka (21:00, ETB4).

Baina, galduta ere, ia ziurtzat jo daiteke hurrengo fasean izango dela. Handia izan zen Nadia Colhadok egindako partida. Brasildarrak 21 puntu sartu zituen, hamabost errebote jaso eta hiru asistentzia banatu, bere talde ohiarekin kontra. Eskerga izan zen Arrojo, Lo eta Ivanovic bezalako jokalariek egindako lana.

Hirugarren laurdenaren azken txanpan, gehien sufritzen ari zenean, ez zuen amore eman Gernikak. Jokalari garaiekin egindako zonakako defentsa eraginkor batekin, partida irauli, eta garaipena eskuratzea lortu zuen. Meritu handikoa. Izan ere, saskiratzaile onenak, Angela Bojrklundek, ez zuen punturik sartu. Gainera,errebotean nagusi izan zen, Caroloren tankerako talde fisiko baten aurrean.

Hasieratik ikusi zen Gernikak lehen norgehiagokan baino zailtasun gehiago izango zituela saskiratzeak lortzeko. Ahalmen fisiko handiko talde bat zuen aurrean, eta teknikoki abila. Frantziako taldeak min egin zion hasieran bere trantsizio azkarrekin, eta 8-2 jarri ziren aurretik.

Jokaldiak ondo landuz, eta Lo eta Colhado gidari zirela, partida orekatzea lortu zuten bizkaitarrek: 10-10 berdinduz. Pena bakarra, Lok hiru falta egin zituela lehen laurden horretan. Bainalehiakor izan zen Gernika, lan serioa eginez, eta lehen 10 minutuak aurretik amaitu zuen: 15-18, Colhadok txirrina jotzearekin batera sartutako saskiratze batekin.

Frantziarrak deseroso ari ziren. Mario Lopezen taldeari ez zitzaion komeni lehia joan-etorrikoa izatea, eta pazientziaz jokatu zuen. Baina ez zuen partida apurtzen jakin, erasoan pare bat jaurtiketa argi ez zituelako sartu. Hori baliatu egin zuen Carolok artean izandako abantailarik handiena lortzeko: 30-23. Bigarren aukerak ederki aprobetxatu zituzten frantziarrek, Gernika nekea antzematen hasi baitzen defentsan.

Carolo 35-31 iritsi zen aurretik atsedenaldira, eta hiruko batekin ekin zion hirugarren laurdenari. Neurketa hautsi nahi zuen. Laurden horren erdian bederatzi punturen aldea zuen:42-33. Baina Gernikak ez zituen besoak jaitsi. Buchek hartu zuen taldea gidatzeko ardura, eta zonakako defentsari esker partidan sartuta jarraitu zuen, eta bere alde jartzen jakin zuen. Ivanovicen 3+1eko jokaldi batekin berdindu egin zuen neurketa: 44-44, baita aurretik jarri ere. Hirugarren laurdena sei puntu aurretik bukatu zuen: 44-50.

Laugarrena ere bikain hasi zuen, eta bederatzira handitu zuen errenta: 44-53. Defentsan, Carolori ez zion zirrikiturik uzten. Frantziarrek estutu egin zuten, eta hiru puntura jarri ziren: 50-53. Baina bizkaitarrek ondo eutsi zioten, eta beste behin Colhadok gauzak bere lekuan jarri zituen, biko bat sartu, errebote bat jasoz. Garaipen handia atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.