Sandra Ramajo. Albaceteko jokalaria

«Hemendik urruntzea eskatzen didate nire buruak eta gorputzak»

Realean eman duen azken sasoia «gogorra bezain polita» izan da Ramajorentzat. Batetik, Espainiako Kopa altxatu zuen Granadan, kapitainaren besokoarekin. Baina, hurrengo eguneko ospakizunetan zorabio bat izan, eta kirolak «gauzak patxadaz hartzeko» eskatu dio. Albaceten hori gainditzeko eta aro berri bat hasteko ilusioa du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
«Zintzotasun osoz hitz egingo dut», esan du elkarrizketa hasi aurretik Sandra Ramajo Albaceteko jokalari eta Realeko kapitain ohiak (Irun, Gipuzkoa, 1987). Barrena askatu, eta ahoan bilorik gabe hitz egin du bizitzen ari den garai zailaz.

Jakina zen Reala utziko zenuela, baina askorentzat ezustea izan da Albaceterekin fitxatzea. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Niretzat sasoi hau gogorra bezain polita izan da. Batetik, Realean segitzeko eskaintza nuen; bestetik, aro bat amaitzeko aukera. Espainiako Kopako finala jokatu aurreko hilabetea oso gogorra izan zen niretzat. Egun askotan apenas jaten eta lo egiten nuen, eta antzematen nuen fisikoki ez nengoela ondo. Jakina denez, Kopa irabazi eta gero, biharamuneko ospakizunetan, susto handia izan nuen [zorabiatu egin zen, eta ospitalean egon behar izan zuen]. Orain arte egin dizkidaten proba guztien emaitzak onak izan dira. Analisi genetiko baten emaitza jakitea falta zait, halako kasuren bat izan baita familian. Oporrek egunerokoaz ahazten laguntzen dizute, baina ni kezka eta zalantza horiekin nengoen, bai nire osasunaren inguruan, bai nire kirol etorkizunaren inguruan. Albaceteren eskaintza jaso nuen, eta erabaki nuen kanpora joatea zela onena.

Zer moduz zaude orain?

Egunerokoak izan nuen sustoa gogorarazten dit, eta berriro pasatuko zaidan beldurra dut etengabe. Nire buruak eta gorputzak hemendik urruntzeko eskatzen didate. Familiarekin eta bi lagunekin baino ez nuen hitz egin Albacetera joateko aukeraz, ez nekielako jende gehiagok jakiteak lagunduko ote zidan hartuko nuen erabakian. Hutsetik hasi nahi dut han, eta nire buruari eta gorputzari aukera berri bat eman. Ilusioa egiten didan erronka bat da. Kirol mailan, Lehen Mailara bueltatzeko erronka dugu. Sekula ez dut halakorik bizi izan. Nik, berriz, jakin nahi dut zer den hiriz aldatzea, senideak eta lagunak urruti edukitzea, eta, hortik aurrera, ea nik bakarrik nola heltzen diodan egoera berriari. Gainera, dudan antsietatea gainditu nahi dut, hori baita nire kezka orain. Medikuekin hitz egin dut; esan diet oso kezkatuta nagoela, eta han psikologo baten laguntza bilatuko dudala. Hori ohikoa da kirolarien artean, ezagutzen ditut kasuak. Aurrera egin nahi dut, eta berriro futbolaz disfrutatu, gehiago kezkatu bainaiz besteek disfrutatzeaz.

Distantzia hartzeko beharra duzu, beraz?

Bai. Proben emaitzak onak izan arren, aipatu bezala, kalean berriz zorabiatzeko beldurra dut. Oso zaila da deskribatzen. Askok pentsatuko dute ez dela hainbesterako, baina nik horrela sentitzen dut. Duela hiru hilabete ez nengoen horrela. Orain ondo ulertzen ditut depresioa eta antsietatea izan duten kirolariak.

Esan zizuten zergatik pasatu zitzaizun? Aurretik zu ez zinen konturatzen muturreko egoera horretara iristen ari zinela?

Bai, baina kontrolatzen nuen. Lesioa, osatzeko prozesu luzea, ez jokatzea, kapitain gisa kanpotik gehiago lagundu nahi izatea, etxean izandako hainbat gorabehera... Izorratua nengoen, baina ez nuen antsietaterik, eta egoera kontrolatzen nuen. Azkenean, ordea, guztia kanpora atera da.

Goi mailako kirolak ahitu egiten du?

Bai. Nik denbora daramat nire onena kirolari eskaintzen, eta, orain, kirolak esan dit lasaiago hartu behar ditudala gauzak. Abisu bat eman dit, eta patxada eta arnasa hartu behar ditut. Batez ere, esan dit laguntza eskatu behar dudala. Izan ere, benetan behar izan dudanean, ez dut eskatu. Nahiago izan dut garai zailei nire kabuz heldu. Uda honetan oporretan egon naiz, baina egun batzuetan nahiago nuen etxean geratu. Orduan hasi naiz konturatzen laguntza behar nuela. Urteetan Sandra futbolariari eman diot lehentasuna, eta, orain, Sandra pertsonari eman behar diot.

Etxekoek nola bizi izan dute zure egoera?

Amak hilabeteak zeramatzan ni gaizki ikusten. Esaten zidan ezin nuela horrela jarraitu, futbola min egiten ari zitzaidala. Baietz esan nion, poz asko eman dizkidala beti, baina min egiten ari zitzaidala. Deialdietan sartzen ez nintzen asteburu askotan, etxetik atera gabe egoten nintzen. Amak zer moduz nengoen galdetzen zidan, eta askotan esaten nion ez nuela hitz egin nahi. Hor asko kezkatu zen. Ama askotan ikusi dut negarrez hilabete hauetan. Pentsatzen zuen depresioan erokiko nintzela, baina esaten nion kontrolatua nuela. Agurtu, Kopa irabazi, sustoa eduki, eta ondoren pasatutakoa eta gero, bera izan da lehena Albacetera joateko animatu nauena.

Eta taldekideek?

Nire babes handiena izan dira, Maitasun handia jaso dut haiengandik, haiek salbatu dute nire denboraldia. Izugarri maite ditut. Haientzat ere ezustea izan da ni Albacetera joatea, aurretik ez bainien ezer aipatu aukera horretaz. Baina denak poztu dira, jakitun zeudelako zer egoera bizitzen ari nintzen.

Futbola uztea pentsatu duzu denbora honetan?

Bai. Realarekin ekainaren 3an amaitu nituen entrenamenduak, eta 5ean kontsulta nuen neurologoarekin. Proben emaitzak eman behar zizkidaten. Erabat beldurtuta nindoan, normala denez. Izan ere, kirola, futbola, maite dut, eta ez nuen irudikatzen neure burua hura gabe. Orduan esan zidaten dena ondo zegoela, gauzak patxadaz hartuko genituela, eta proba genetikoaren zain egongo ginela. Horrek eragin dit kezka. Baina medikuak argi utzi dit antsietate handia dudala, eta hori tratatzeko, baina bestela ondo nagoela.

Bizi izan duzun guztiak utzi al dizu Granadan lortutakoaz disfrutatzen?

Erabat ez. Kopa irabazi genuen eguna biribila izan zen, ederra. Baina, Anoetakoa eta gero, dena okertu zen. Adibidez, herrietan egin genuen biran apenas mugitu nintzen; ez nuen ezta salto egiteko gogorik ere. Pena handia ematen zidan. Baina norbaiti autografo bat sinatzen nion bitartean berriro zorabiatuko nintzela pentsatzeak blokeatu egiten ninduen.

Reala zenbateraino saiatu zen zuk hemen jarrai zenezan?

Beste denboraldi batez segitzekoeskaintza egin zidaten, eta Gonzalok [Arkonada entrenatzaileak] eta Garbiñek [Etxeberria kirol zuzendariak] jarraitzeko esaten zidaten,osatze prozesuan lan hori egin eta gero merezi nuela jarraitzea. Gainera, klubarentzat pertsona garrantzitsua nintzela, eta hor eduki nahi nindutela. Pena handia eman zien nik ezetz esateak. Baina argi utzi nien zein zen egoera, eta hobeto zela beste bide bat topatzea, aurretik nituen sentipenak, ilusioa eta gogoa berreskuratzeko. Geratu banintz, ziurrenik nire egoera okertu egingo zen; nire izateko modua ondo ezagutzen dut. Izan ere, datorren sasoian exijentzia handiagoa izango da, eta ez nekien horretarako prest nengoen. Albaceten dena desberdina izango da. Kapitainak bertan denbora gehien daramatenak izango dira. Nik nire laguntza eta eskarmentua eskainiko ditut, baina bigarren mailan egonda.

Esker hitzak dituzu horrenbestez Realarentzat.

Reala oso ondo portatu da; denekin hitz egin du, eta asko eskertzen diet. Egoera hau nik sortu dut. Albaceten jokatzen dudanean, Realari lotuta egongo den zerbait eramango dut soinean. Koloreak nirekin joango dira. Ez dut ahaztuko nondik natorren.

Lehen Mailan segitzeko eskaintzarik izan al duzu?

Seriorik, ez. Lesioaren eta sustoaren ostean, zaila zen. Gainera, aurreko sasoian ez nuen asko jokatu, eta adin bat dut. Hankak lurrean ditut, eta aukera onena Albacetekoa izan da.

Aurreko astean izan zinen han kontratua sinatzen. Zer sentipen izan zenituen?

Oso onak. Amari esan nion: dena pasatu zait. Ilusio berri bat ikusi nuen aurrean, eta berriz ni izateko aukera. Klubeko jendea oso gertukoa da, ikaragarri ondo zaindu ninduten; horrek asko lasaitzen nau. Kontratua sinatu eta gero, Valentziara joan nintzen lehengusuekin. Hainbeste emozio izan ziren, ezen hara iritsi eta leher eginda bainengoen. Nekeza egiten zitzaidan etxera itzultzea. Buruari bueltaka hasi nintzen, baina pentsatu nuen:«20an berriro ere Albaceten egongo naiz». 27an hasten ditugu entrenamenduak, baina dena lotu nahi dut aurretik.

Zer itxura hartu diozu taldeari?

Entrenatzailearekin egoteko aukera izan nuen, Miguel Angel Quejigorekin, eta oso gertukoa iruditu zitzaidan. Eskarmentu handia du, Madrilekin eta Rayorekin Lehen Mailan entrenatutakoa baita. Gauzak argi ditu, eta uste dut ezeren gainetik nahi duena dela talde sano eta jator bat izatea. Lehentasun hori du, eta, hortik aurrera, entrenatu eta partida bakoitza ondo prestatu. Alde horretatik, nire ikuspegi bera du, eta gustuko dut. Izan ere, giro hori ez da entrenatzen, eraiki egiten da. Egin diren fitxaketak onak direla uste dut, eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen baititugu. Jarraitzen dutenekin batera, uste dut talde polita izango dugula. Jokalariek argi ditugu helburuak: batuta egotea, zorrotz lan egitea eta umilak izatea. Hori oinarri hartuta, Lehen Mailara itzultzeko borrokatuko gara.

Azpiegitura eta baliabideei dagokienez, nola dago taldea?

Reala baino talde xumeagoa da, baina, dituzten baliabideak kontuan hartuta, oso aproposak dira lan egiteko.

Hiriarekin gustura zaude?

Txikia da, eta berehala ezagutzen da, baina giro handia dago, batez ere arratsaldean. Neguan, gainera, unibertsitate ikasle asko dago. Baina, horrekin batera, lasai egoteko aukera ematen du, eta hori da nahi eta behar dudana orain.

Etorkizunari begira, beti aipatu izan duzu futbol munduari lotuta jarraitu nahi duzula. Horren inguruan baduzu asmorik epe laburrera?

Albaceten nagoela, entrenatzaile tituluak atera nahi ditut, eta ikuskatzaile eta kirol kudeaketari buruzko ikastaroren bat egin. Gainera, hango neskato talde bat ere entrenatzeko asmoa dut, uste baitut ondo etorriko zaidala eskarmentua hartzen joateko. Nire nahia zen aurreko sasoian hastea horrekin, baina lesioarekin ez nuen denborarik, eta osatzeari eman nion lehentasuna. Motibatuta nago, eta etxera bueltatzean Realaren atea jo nahiko nuke, nire ezagutzekin laguntzeko. Dena emango dut etorkizunean hona itzultzeko.

Nola ikusten duzu datorren denboraldiko Reala?

Jokalari gazteak fitxatu ditu, baina maila handia dutela antzematen da. Gainera, aurreko sasoiko taldeari eutsi dio, eta hori ere funtsezkoa da. Erregularrak izanez gero, ondo hasten badira, eta zorte apur bat izaten badute, oso denboraldi ona egin dezakete. Baina lehia handia izango da, talde guztiak ondo indartzen ari baitira.

Kapitaina zinen, eta taldean urte gehien zeramatzan jokalaria. Nork har dezake zure lekukoa?

Nahikarik [Garciak] eta Mariasunek [Quiñonesek]. Biak gazteak dira, eta jada eskarmentu handia dute, aurreko sasoian ere kapitainak izan baitziren, nirekin eta Chinirekin [Pizarrorekin]. Etxekoak dira, oso lehiakorrak; ideiak argi dituzte, arduratsuak dira eta gora egiteko gogoa dute. Oso prestatuta daude. Etxekoek garbi dugu Realeko kapitainek zer balio izan behar dituzten, eta horregatik diot oso egokiak direla.

Urte hauetan bizi izandakotik zer izango duzu gogoan?

Izan ditudan taldekide guztiekin geratzen naiz, eta entrenatzaileak, medikuak, prestatzaile fisikoak... Eta, nola ez, zaleekin. Haiengana gehien gerturatu naizen urtea izan da; asko disfrutatu dut. Zaindu egin behar ditugu, eta haiekin gertukoak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.