Buruz buruko Txapelketako finala. Mikel Urrutikoetxea. Baiko Pilotako pilotaria

«Urruti itzuli dela entzuteak grazia egiten dit»

Hurrengo astean hamar urte egingo ditu profesionaletan, eta pozik dago eginiko bidearekin. Gehiago nahi du, dena den. Eskua ez da arazo izango igandean buruz buruko finalean lehiatzeko.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zaratamo
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Finala atzeratu zuen, eta orain lasaiago dago. Astebete gehiago itxaroteak mesede egin dio, eskuak hobera egin diolako. Hantura jaitsi da, eta uste du finalera sasoi betean iritsiko dela.

Zer moduz duzu ezker eskua?

Eskua gero eta hobeto dago, hantura jaitsi da, eta nire itxaropena sasoi betean iristea da. Min txikiak apurka desagertzen ari dira. Egun batzuk gelditzen dira oraindik finalerako, eta konfiantza osoz iristeko asmoa dut.

Atzerapena eragozpen handia izan al da?

Nik ez nuen finala atzeratu nahi, baina eskua nola zegoen ikusita, erabaki onena hori zen. Joan den ostiralean hasi nintzen pilota ezkerrez normal jotzen, eta gaur goizean egingo dut azken entrenamendua.

Jendeak esaten du txapelketa honetan Urrutikoetxea itzuli egin dela. Nora joan zen bada?

Hori diot nik! Ez dakit non egon naizen. «Urruti itzuli da», diote. Argi dago emaitzei begiratuz gero 2018a ez zela urte ona izan: udan ezin izan nuen jokatu birusaren erruz; lau eta erdikoan hirugarren izan nintzen, txapeldunaren aurka galduta, hori ez da emaitza txarra; eta binakako txapelketa argi dago ez dela ona izan. Baina aurreko urteak onak izan ziren, 2015, 2016, 2017... Bost urtean buruz buruko hiru final jokatu ditut, eta eta urte horietan lau eta erdikoaren finalerdietaraino iritsi naiz. Esaten dutenean Urruti itzuli dela grazia egiten dit.

Irribarria itzuli dela ere entzuten da pilotalekuetan.

Gauza bera esango dizut. Finaletara iristea oso zaila da, eta kirolean boladak normalak dira: lesioengatik, zortearengatik... Irribarriak eta biok 2018an ez genuen urte ona izan, baina aurrekoak oso onak izan ziren, eta aurten berriz ere emaitza onak dira.

Langa altu jartzen zaizue? Edo zuen iraganak jartzen du altu?

Bere garaian, nire kasuan, lau finaletara iritsi nintzen jarraian [2015eko buruz burukoa eta lau eta erdikoa, eta 2016ko binakakoa eta buruz burukoa]. Egia da kolpetik harrapatu ninduela, hiru txapel eta Irribarriaren aurka galduriko finala. Eta ondoren finalerdi askotan sartu nintzen, galdu nituenak, 2017ko lau eta erdiko finalera iritsi nintzen arte, Altunaren aurkakoa. Finaletara iristea ez da erraza.

Nolako finala espero duzu?

Gogorra, final guztiak bezala. Irribarria buruz buru jokatzeko baliabide asko dituen pilotaria da. Kolpe bizia du, bolea defentsa oso ona, eta sakea eta errestoa ere bai. Urte asko egingo ditu goi mailan buruz buru jokatzen. Baina ezin naiz itsutu bere jokoarekin. Lehentasunak nire jokoa egitea izan behar du.

Sei txapeldun azken sei urteetan. Inork ezin du errepikatu buruz burukoan.

Hori ez da kasualitatea, diodanaren bidetik noa. Irujok eta Olaizolak lortu zutena salbuespena zen. Oso gaizki ohituta egon gara buruz buruko finaletan eurak biak ikusten genituelako. Xala edo Bengoetxea sartu zitzaien urteren batean, baina beti eurak zeuden tartean. Pilotaren bi ikur direlako.

Pilotari sorta handiagoa al da orain?

Garai bakoitza ezberdina da, baina garai hartan ere oso pilotari onak zeuden. Kontua da Irujok eta Olaizola II.ak aro bat markatu zutela.

Zuk bi belaunaldiak probatu dituzu: Irujo, Olaizola II.a eta horiena, eta Irribarria eta Altunarena. Zeinek du maila hobea?

Alderaketak gorrotagarriak dira beti. Gaur egun, ez da erraza edozein pilotari Irujorekin edo Olaizolarekin alderatzea. Lortu duten palmaresarekin: txapelak, finalak... Ikustea baino ez dago. Inork ez du lortu halakorik, agian Julian Retegik bere garaian, baina ezin da alderatu emaitzak hor daudelako. Eta emaitzek diote pilotako bi figura izan direla. Gero, horretaz gain, argi dago bai euren garaian —Xala, Barriola...— bai oraingoan pilotari oso handiak izan dituztela inguruan.

Non kokatzen duzu zeure burua? Aurreko belaunaldiko gazteena zara, edo oraingoen arteko zaharrena?

Ez batean eta ez bestean; erdian nago, Ezkurdiarekin. Nire garaikoa Ezkurdia baino ez dago Lehen Mailan.

Ezkurdia aipatu duzu. Haren eta zure kasuak antzekoa dira, 25-26 urterekin iritsi zineten puntara. Ikusten duzunean 22 urtekoak ere badaudela goian, zer datorkizu burura?

Garai bakoitza ezberdina da, eta zortea ere behar duzu alde. Nik 20 urterekin debutatu nuen, eta asko kosta zitzaidan zailtzea. Eskuetako mina nuen, gorputza egiteke... 2013an, baina, 23-24 urterekin, buruz burukoaren finalerdietara iritsi nintzen, eta ikusi nuen noizbait gora hel nintekeela. Heldutasunera iristen hasia nintzen. Bi enpresetan aurrelari oso onak zeuden. Gurean, Berasaluze zegoen, Olaizola anaiak, Bengoetxea... Zaila zen horiei postua kentzea. Eta, horregatik, lehen txapelek ilusio berezia egin zidaten; nik 10 urte nituenean miresten nituen pilotarien aurka, eta horietako batekin, lortu nituelako. Irujo eta Olaizola II.aren aurka irabazi nituen aurreneko bi txapelak; horregatik egiten didate ilusioa.

Ekainaren 13an hamar urte egingo dituzu profesionaletan. Beterano titulua lortu duzu dagoeneko.

Nahi duzun bezala dei nazazu; ez diot ezer txarrik ikusten.

Aldagelan beterano sumatzen al duzu zeure burua?

Gaur egun pilotari oso gazteak daude, hogeita gutxi urtekoak gehienak. Beteranoa izatea ez da seinale txarra, maila onean jarraitzen dugun seinale. Nik Olaizola hartzen dut eredu. Neure burua ondo zaindu nahi dut, eta, berak bezala, 39 edo 40 urteak bete arte jokatu.

Oso ezberdinak al dira zure garaiko eta gaur egungo hasiberriak?

Gure garaian errespetu handia genien pilotari beteranoei. Nik debutatu nuenean hogeita asko urteko hainbat pilotari zeuden, eta hogeita hamarretik gorakoak ere bai. Orain, aldiz, ez. Horrek errespetua eragiten du. Egungo hasiberriek asko jokatu dute euren artean afizionatuetan eta profesionaletan. Giroa arinagoa da; lehen, errespetu handiagoa zegoen. Ni aldagelara iristen nintzen, bazter batean jarri, eta takoak isilik jartzen nituen, entzuten. Unanuerekin ere entrenatu nintzen, Kokarekin, Agirre... Ibilbide luzeko profesionalak ziren, eta nik 20 urte nituen.

Lehen urteak gogorrak izan ziren zuretzat.

Garai hartan Bigarren Mailan zebiltzan pilotariek urte asko zeramatzaten profesionaletan, eta oso zaila zen haien aurka irabaztea. Ni zailtzeko nengoen, eta pila bat kostatzen zitzaidan partidak bukatzea.

Inoiz ez zenuen pentsatu «ni ez nago egina horretarako. Noiz zailduko naiz?»

Ez. Lehen urtean, Bigarren Mailako lau eta erdikoa irabazi nuen, eta buruz burukoan finalerdietara iritsi nintzen. Hurrengo urtean, Lehen Mailako txapelketetan sartu ninduten. Baina aurkariek pila bat jokatzen zuten. Nik oso pisu gutxirekin debutatu nuen; partidak ezin luzeagoak egiten zitzaizkidan. Hamargarren tantotik aurrera, freskotasuna galtzen zenean, ezin nuen. Urte batzuk izan nituen Lehen Mailako txapelketan lehen fasea pasatzen nuela, baina bigarrenean etxera joaten nintzela. 2013an aldatu zen joera Xalari irabazita. Aurreko urteko txapelduna zen, eta ondo jokatu nuen. Final-laurdenetan Idoateri irabazi nion. Urte hartan hasi nintzen gora egiten.

Xalaren aurkako partida izan zen mugarria?

Txapelketa batean handi bati irabazten nion lehen aldia zen. Aurreko urtean, Urduñan, Gonzalezen aurka 17-4 irabazten hasi, eta 17-22 galdu nuen. Sake-errematea egiten hasi zen, eta ezin izan nuen joera aldatu. Hurrengo urtean finalerdietan galdu nuen, Olaizolaren aurka. Hurrengo binakako txapelketan Beroizekin jokatu nuen, eta finalerdietan sartu ginen. Titin-Merinoren aurkako ligaxkako azken partida irabazi genuen Arrigorriagan. 2014ko buruz burukoan finalerdietan galdu nuen Irujoren aurka.

Ezker besoa libratzea kalitate jauzi bat izen zen zuretzat. Makina bat ordu sartu zenuen Iurretan gantxoa entrenatzen.

Debutatu nuenean pila bat kostatzen zitzaidan ezkerrez bukatzea, eta banekien hobetu beharra nuela. Gaur egun, tantoak ezkerrez bukatzen dira. Ordu asko sartzen genituen pilotalekuan: teknikoa, fisikoa... Orduak sartzea da kontua, eta hain ondo egiten ez duzun hori hobetzen saiatzea. Baina lehenbizi, norberak konturatu behar du gabezia daukala. Gaur egun ere badakit gauza batzuk gaizki egiten ditudala, eta 40 urtera arte hobetu dezakedala.

Zer egiten duzu gaizki?

Ez dizut esango, aurkariari erraztasunak ematea litzateke [barrez].

Urte hauei buruzko zer moduzko balantzea egiten duzu?

Oso ona. Azken sei urteetan emaitza onak izan ditut. Bigun debutatu nuen, eta emaitzak gero etorri ziren.

Ibilbideko garairik onena zein izan da? Eta txarrena?

Onena, hiru txapelak jarraian irabazi nituenekoa: bat Irujori irabazi nion, bestea Olaizolari, eta hirugarrena Olaizolarekin, nire idoloa izan denarekin. Eta txarrena, iazko uda partea, birusarena [mononukleosia]. Ez zen lesio arrunta, hatz batekoa edo oinekoa izan daitekeen bezala, sendatze epe jakin bat duena. Ez nekien noiz itzuliko nintzen. Eta horrelako birus bat duzunean, Googlen endredatzen hasten zara, pasatu duten kirolarien kasuak irakurtzen dituzu.. Batzuk atera dira, beste batzuk ez, baina zalantza asko nituen. Hiru hilabete horietan bi astean behin odol analisiak egiten nituen, eta medikuak beti zioen: «beste hamabost egun». Zalantza nuen noiz sendatuko nintzen. Ez nekien urtebete izango zen, bi... Eta, azkenean, hiru hilabete izan ziren.

Bakardadea sentitzen al da garai horretan.

Bai, lesionatuta zaudenean pasatzen duzu okerren. Orduan ikusten duzu zein jende duzun inguruan. Gertukoak beti daude hor. Txapel bat irabazten duzunean, jende pila batek deitzen zaitu, baina, gaizki zaudenean, ingurukoak baino ez daude. Horregatik, finalerdia irabazi ondoren, amari besarkada bat eman nion, pasatu izan ditugun garai txarrengatik. Haiek jasaten naute gaizki nabilenean, eta une gozoa haiekin ospatzea gustatu zitzaidan.

Galtzaile txarra al zara? Petraldu egiten zara?

Egia esan, bai. Galtzea ez dut ondo onartzen. Galdutako partidei buelta asko ematen diet. Baina uste dut ona dela, garrantzia ematen diozun seinale. Hutsak ez errepikatzen laguntzen dizu. Finalerdiak edo partida handiak galtzen ditudanean, ez naiz egun pare batean buru janean ibiltzen, bospasei egunez baizik. Baina nire lana delako da, eta ahalik eta hobekien saiatzen naizelako.

Olaizola oso gertu izan duzu txapelketa honetan.

Ilusio handia egin dit, eta oso eskertua natzaio. Entrenamenduetan nirekin dabil. Garrantzitsua eta berezia da. Debutatu nuenetik deitzen ninduen prestatzen laguntzeko, eta apurka lagun onak egin gara. Erreferente bat da, bai niretzat, bai enpresako kide guztientzat.

Entrenamenduetan oraindik irabazten al dizu?

Orain justu ez, min hartuta egon delako... Baina noski! Denetarik izan dugu; batzuetan berak irabazten du; beste batzuetan, nik... Baina tira, zein mailatan dagoen ikustea baino ez dago.

Baiko krisian al dago?

Ez, nik ezetz esango nuke. Nire ustez, kazetariak pixka bat maltzurrak zarete. Buelta asko ematen diozue garrantzirik ez duen zerbaiti. Hau kirol bat da, eta boladak daude. Ni oroitzen naiz 2015, 2016 eta 2017an ia txapelketa guztiak Asegarcek eraman zituela [bederatzitik sei irabazi zituen], eta bere garaian, nik oroitzen dudanez, ez zen hainbeste hitz egiten. Aspek krisia zuenik hitz egiten al zen? Nik oroitzen dudanez, ez. Argi dago azken bi urteetan Aspek emaitza hobeak izan dituela, baina boladak dira. Hau kirola da, eta errealitatea hori da, baina nik ez nuke esango hau krisi bat denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.