Xabier Zaldua. Aizkolaria

«Ez nuen gorputzaldi ona izan, eta gauzak ez zitzaizkidan ondo atera»

Xabier Zalduak kirolaren bi alderdiak ezagutu ditu hiru asteren buruan. Irailaren 21ean, euskal pentatloia irabazi zuen bigarrenez, Azpeitian. Aurreko asteburuan, aldiz, ez zuen lortu Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finalerako sailkatzea. Erronkak eta txapelketak prestatzen aritu ondoren, atseden hartu nahi du orain.
ANDONI CANELLADA / FOKU

Unai Ugartemendia -

2019ko urriak 10
Euria ari du Zumarragan (Gipuzkoa). Xabier Zaldua aizkolaria Gurrutxazpi baserrian bizi da. Pentatloian irabazitako bi txapelak eskuetan dituela azaldu da. Iazko zalantzak uxatu dituela aitortu du hasieratik; «bakeak egin ditut neure buruarekin». Baina aho zapore gazi-gozoa du, asteburuan Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finaletik at geratu zelako.

Nola zaude asteburukoaren ondoren?

Ostiralean erakustaldi bat egin nuen Ortuellan [Bizkaia], eta larunbat goizean beste bat Zumarragan [Gipuzkoa], eta txispa guztia galdu nuen igandekora begira. Ez nuen gorputzaldi ona izan, eta ez dagoenetik zaila izaten da zerbait ateratzea. Gauzak ez nituen behar bezala egin; hori da kontua.

Denboraldi amaieran nekea pilatu zaizun seinale, agian?

Askotan ona izaten da halako kanporaketa baten bezperan zerbait egitea, izerdi pixka bat botatzea. Hala ere, larunbat goizean nabaritu nuen ostiral arratsaldekoak kendu egin zidala eman baino gehiago. Gogoa kendu zidan. Erakustaldia neure kargu denean, nik prestatu behar izaten dut dena; egurrak batetik bestera mugitu, moztu, zuritu, prestatu, atoitzea prestatu... Orain, denak dira aitzakiak .

Ez zenuen espero kanpoan gelditzea?

Ez. Asteazkenean izugarrizko entrenamendua egin nuen etxean, eta sasoi horrekin erraz sailkatu behar nuen. Baina kanpoan nago. Amaitzean ez nion garrantzi handirik eman, baina gauean amorratuta nengoen. Pentatloirako ondo entrenatu nintzen, atseden hartu... Oraingo honetan ez dut batere zaindu alde hori, eta ederki ordaindu dut.

Maila errekuperatzea zen helburua?

Hala zen, bai. Banekien ez zela erraza izango, aizkolari onak zeudelako tartean: Juan Joxe Lopez Azpilikueta, Jon Irazu, Jose Antonio Etxeberria, Aratz Mugertza... Atseden hartzeko garaia iritsi zait; besterik ez dago.

Egun batzuk igaro dira pentatloiko finala irabazi zenuenetik. Gorputza etorri al da bere onera? Edo igandean nekea nabaritzen zenuen oraindik?

Ondo indarberritzen ari nintzela uste nuen. Ez nintzen guztiz hustu finalean, oso gorputzaldi ona izan bainuen. Eguna ere ona izan nuen, eta ikaragarri ondo sentitu nintzen. Halakoetan, gorputza ere azkarrago itzultzen da bere onera.

Pentatloiko sailkapen fasearen eta finalaren artean bi aste besterik ez zenuten izan. Askok zioten denbora gutxi zela; zuri, berriz, ondo etorri zitzaizun.

Denbora gutxi? Bai eta ez. Sasoia hartzen ari nintzen, nik uste. Askorentzat beste zalantza bat ere bazen: sailkapenerako lana entrenatu edo finaleko lana entrenatu. Ez zuten zerikusi handirik. Neuk banuen finalera sartzeko esperantza, eta finalera begira egin nituen azken entrenamendu gogor guztiak. Nahikoa izan nituen hamabost egun, behetik gora nindoalako. Goia, finalean jo nuen.

Finalaren aurreko azken hilabetean sasoi betean zinela aitortu zenuen. Hala zen?

Bai, egin nituen azken hiru erakustaldiak eta entrenamenduak oso gustura amaitu nituen. Askotan ez da erraza izaten egun erabakigarrira sasoirik onenean iristea. Gehienetan sasoiz kanpo iritsi izan naiz apustuetara. Baina orain bete-betean asmatu nuen.

Noiz hasi zinen pentatloia prestatzen?

Udaberri guztia Kataolatza marka entrenatzen pasatu nuen, eta, egia esan, harriarekin ia urte osoan ibili naiz. Ez dakit hori abantaila edo desabantaila izan den. Baina gorputza eginda neukan hurrengo diziplinetan izango nuen nekerako. Pentatloia, zehazki, uztailean hasi nintzen prestatzen.

Sailkatze fasean dena eman ez zenuela ziotenak ere baziren. Zer duzu esateko?

Egunean bertan ez, baina hurrengoetan konturatu nintzen emaitza ziurtatzera joan nintzela. Diziplinen arteko aldaketetan denbora asko galdu nuen. Ez nintzen horretaz damutu, finalerako sailkatu nintzelako. Baina neure buruari ez nion barkatuko segundo gutxi batzuengatik sailkatu gabe gelditu izan banintz. Otaegik, adibidez, 56 segundo besterik ez zuen galdu trantsizioetan; nik, aldiz, bi minutu eta hamar segundo. Izugarrizko aldea da hori, kontuan hartuta hamabost minutu inguruko lana zela. Konfiantza handiegiz joan nintzen, eta agian ez nuen dena eman. Finalean biziago ibili behar nuen.

Zer asmo zenuen finalaren atarian?

Banekien burua oso hotz izan behar nuela, eta neure lana egin behar nuela. Ondokoei ez begiratzeko aholkua eman zidan Zelai laguntzaileak. Banekien nirea eginez gero aurrean izango nintzela. Eta horrela izan zen.

Pentatloian ezinbestekoa da harriarekin ondo hastea, eta ez zinen itsutu Otaegik aurrea hartu zizulako. Hor egon zen gakoa?

Gu ez gara harri-jasotzaileak, eta denei errespetu handia ematen digu harriak. Gainera, jasoaldiak egin eta gero nola zauden garrantzitsua da hurrengo diziplinetarako. Giza probak ere ematen dit errespetua, baina gorputza ez duzu hainbeste behartzen. Otaegik minutuko tartea atera zidan, aurretik pentsatuta geneukan bezala. Arria V.arekin, berriz, zalantzak nituen. Neronek korrikakoan nituen esperantzak. Banekien hiru itzuliren abantaila aterata ere errekuperatzeko tartea izango nuela. Pentsatu bezala hasi nintzen korrika.

Aizkolaria zaren arren, deserosoen aizkoran ibili zinen. Ez al da bitxia?

Bai. Iaz ere gauza bera pasatu zitzaidan. Ez niri bakarrik. Uste dut denak ibili ginela lotuta. Hala ere, iaz baino gehiago gozatu nuen.

Noiz ikusi zenuen irabazteko aukera handiak zenituela?

Aizkoran amaitu genuenean. Arria V.a atzetik zetorren, baina ez ninduen harrapatzen. Neure egoera ezin hobea zen, eta horrek asko lagundu zidan.

Bost diziplinetatik hirutan onena izan zinen. Espero al zenuen?

Abantaila bat nuen besteekiko. Neure lanik onenak azkeneko biak dira: txingak eta korrika, hain zuzen. Sailkatze egunean ere txingekin oso azkar ibili nintzen, eta entrenamenduetan ere bai. Korrika ere oso eroso nenbilen, eta, alde horretatik, alde pixka bat banuen. Bi lan horietarako konfiantza handia nuen, eta giza proban ere ondo aritu nintzen.

Korrika erakustaldia eman zenuen. Aurretik horrelako lanak egin eta gero, hiru kilometroak 4,40ko erritmoan egin zenituen. Zerbait bada, ezta?

Bai. Nik uste dut banuela hamar edo hogei segundoren tartea kilometroko. Ez nuen behar izan, baina oraindik ere beste abiadura bat gelditzen zitzaidan. Uste baino lehenago harrapatu nuen Otaegi, eta jarraitu egin nuen neure erritmoan. Gehiago estutzeko aukera banuen, behar izanez gero. Aspaldi ez bezala gozatu nuen.

Finalean ziren beste bosten artean, nork harritu zintuen?

Meritu izugarria Aizperrok du. Lehenik, finalerako sailkatu zen, eta finalean ikusi zen gozatu egin zuela. Haren esperantza azkena ez egitea zen, baina gozatu egin zuen. Luis Txapartegik egiten duena ere handia da. Harriarekin lan handia egin zuen. Mugertzak duen pisuarekin atzeratzea bakarrik ere... Korrika egin zuen azken kilometroa izugarria izan zen. Otaegi eta Arria V.a, berriz, oso ondo aritu ziren. Josebak [Otaegi] zuen onena eman zuen, eta agian psikologikoki eta fisikoki onena izan zen sailkatze egunean. Baina finalean ez zitzaizkion gauzak ondo atera. Arria V.ak, berriz, harriarekin ez zuen asmatu, eta, nire ustez, ez zuen egun ona izan.

Bi urtetan jokatu da pentatloia, eta ikusi da irabazteko aizkolaria izan behar dela. Berdin pentsatzen al duzu?

Ez du zertan. Denek diote harri-jasotzea luzatu egin beharko litzatekeela, harri-jasotzaileekin berdintzeko. Guk ez dugu ezer asmatu, betiko pentatloiaren neurriekin gabiltza. Aurrekariak badira. Olasagastik errekorra egin zuen urtean, Zelai harri-jasotzaileak 39 minutuan osatu zuen, enbor bat zutika moztuta. Guk ikasi dugu harria jasotzen, eta aizkoran ere ikas daiteke, baina etengabe lan egin behar da.

Olasagastiren errekorra 27 minutu eta 20 segundoan dago. Hori gainditzea ezinezkoa al da gaur egun?

Bai, ezinezkoa. Olasagastik, bere garaian, edozein harri-jasotzailek baino azkarrago jasotzen zuen harria. Orduan, zergatik ezin ditzake harri-jasotzaile batek edozein aizkolarik baino lehenago moztu enborrak? Hemen saiatu egin behar da, baina ez hilabete batean, urte osoan baizik. Lehen, edozein festatan edo erakustalditan, Olasagastik, Arrospidek edo Arria II.ak, harria jasotzen zuten, eta aizkoran ere berdin ibiltzen ziren. Gaur egun, ordea, gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, lehen mailan aizkoran dabilen bati ez esan harriari heltzeko! Bigundu egin gara, edo espezializatu, agian. Ni hor nabil, hamarreko kubikoarekin, oinbikoarekin, kana-erdikoarekin… Hori da herri kirola. Baina azkenaldian zoro haizea falta dela esango nuke, horrelakoetan sartzeko.

Iaz, askok balioa kendu zioten zuk lortutako garaipenari. Arantza atera al duzu?

Ez naiz ibili burutik kendu ezinda, baina aurtengoak zalantzak uxatu ditu. Kritika asko jaso izan ditut, gehienbat irabazi dudanean. Esaten zuten aurkariak ez zuela lan ona egin. Baina ordua eta eguna jartzean egin behar da lana; hori ez da nire errua.

Pentatloia amaitu bezain pronto esan zenuen inoiz ez zenuela horrelako girorik ikusi herri kiroletako proba batean. Hainbesterako izan al zen?

Bai, eta ez nuen nik bakarrik esan. Han zegoen giroa aparta izan zen. Jendea ez da aspertu; jendeak pentatloiaren gosea du. Arria V.aren eta Vicenteren arteko apustua kenduta, pentsatzen dut aspaldian inoiz egon zen sarrerarik onena izan zuela zezen plazak. Baina onena jendearen jarrera izan zen. Azkenari ere txalo zaparradak jo zizkioten, eta, lehen, hori ez zen horrela izaten. Zaratarik handienak baten batek huts egitean izaten ziren. Aldaketa handia izan da, onerako.

AEBetako jai handietan egiten den antzera irten zineten plazara. Hori ez da ohikoena herri kiroletan. Zer iritzi duzu?

Herri kirolak asko errespetatu genituen. Lanean aritu ginen bitartean ez zen musikarik egon, baina aurkezpena modernoagoa izan zen, gaur egungoa. Ez dira kontrajarriak. Kirolariari ere mesede egiten dio horrelako giro batek.

Iaz, pentatloia amaitu berritan, Otaegik apustua bota zuen lan bererako. Ez zen inor azaldu. Zergatik?

Uste dut niri bota zidala, eta nik erantzuna eman nion. Ez zitzaizkidan egokiak iruditzen, ez garaia, ez lana. Txapelketak lan batekin jartzen dira, eta hurrengo urtean ere lan bera izango da. Apustuek zerbait ezberdina egiteko balio behar dute. Baina ez nion buelta handirik eman. Hura pasatu zen, eta han gelditu zen.

Eta aurten botako balu, zer?

Lan horretara ez, behintzat! Ez diot zentzurik ikusten. Ez dut uste xarma handirik izango lukeenik bi aurkari lan berean ikusteak. Aizkoran ere izan dira horrelakoak; esaterako, lehen biek apustua jokatzea. Baina ez dute lan berean jokatzen, beti aldatzen da egin beharreko lana. Agian, etorri eta Kataolatza markak duen lanera jokatzea eskatuko balidate... Agian, gustura hartuko nuke.

Ez duzu baztertzen, orduan?

Ez dut inoiz apusturik baztertu. Baina ez da garaia, ezta lana ere.

Zu aizkolaria zara, eta atzetik badatoz gazteak. Baina zer deritzozu herri kirolen egoerari?

Ez dut uste garairik txarrenean dagoenik. Badira herri kiroletan diziplina batzuk beti baxu egon direnak, baina aizkora, harri-jasotzea, sega eta idi probak beste edozein diziplina baino osasuntsuago ikusten ditut. Sokatiran ere mundu mailan aritu dira, baina uste dut talde kopurua jaitsi egin dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna