Jokamoldea, adinaren isla

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi beteranoek eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre gazteek jokatuko dute Laboral Kutxa Master txapelketako finala, igandean, Irunen

Olatz Arrizabalaga, Maite Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre, atzo, finalaren aurkezpenean. Iera Agirre ez zen azaldu, lan kontuengatik. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
Irun
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Emakumezkoen pilotak egun seinalatua du igande honetakoa: Laboral Kutxa Masterraren finala jokatuko dute (12:00, ETB1). Azken urteko ohiturari jarraituz, Irungo (Gipuzkoa) Uranzu frontoi eraberrituak hartuko du txapelen lehia. Urtebete eskasean bertan jokatuko den emakumezkoen 11. jaialdia izango da. Ez da harritzekoa batek baino gehiagok Uranzuri jada Katedrala deitzea.

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi ariko dira batetik, eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre bestetik. Haien aurretik, hirugarren eta laugarren postuetarako norgehiagoka jokatuko dute Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendik eta Leire Garai-Oihana Orbegozok. Pilota mistoarekin ariko dira guztiak. Izan ere, koronabirusak eragindako osasun egoeragatik, ohi baino txapelketa laburragoa izan da —final-laurdenak, finalerdiak eta finala—, eta horrek ezinezko egin du pilota gozoko lehia egitea. Hala ere, Iker Amarika antolatzailea «oso pozik» azaldu da, egoera txarra izan arren txapelketa jokatu baita, eta pilotariek aukera izan baitute lehiatzeko. «Baina» bakarra jarri dio: harmailak hutsik egongo direla.

Adina kontuan hartzeko aldagaia izango da finalean: bikote bakoitzaren jokamoldea zehaztuko du. Agirre-Ruiz de Larramendi beteranoek —33 eta 47 urte dituzte— patxada, eskarmentua eta sendotasuna dituzte makulu. Lehen aldiz aritu dira pilota mistoarekin —iaz, txapeldun izan ziren gozoarekin—, eta bikain moldatu dira. «Niretzat, denboran atzera egitea izan da, 13 urterekin pilotan hasi nintzeneko garaira. Ordutik ez nuen jokatu pilota mistoarekin. Iera eta biok gozoarekin aritu izan gara beti, baina oso ondo egokitu gara mistora: batetik, asko gustatzen baitzaigu pilota; eta, bestetik, asko entrenatu baikara. Zorionez, lan gogor horrek fruitua eman du, eta finalera iritsi gara».

Argi du non egongo den finalaren gakoa: «Huts gutxien egiten duenak irabaziko du. Haiek bikote gogorra dira: Olatz errematatzaile petoa da, eta Naroa, oso borrokalaria. Badakigu zein izango den haien estrategia: gu batera eta bestera mugitzen saiatzea. Eutsi egin behar diogu. Baina guk ere baditugu gure dohainak, eta horiek baliatu behar ditugu. Eskarmentua dugula? Bai, baina mistoarekin ez, eta haiek bai. Ea zer gertatzen den. Ilusio handia dugu».

Patxada, bizitasunaren aurka

40 urtekoa da Agirre-Ruiz de Larramendi bikotearen batez besteko adina, eta horren erdia Arrizabalaga-Agirrerena: 23 eta 17 urte dituzte. «Gazteen bizitasuna eta oldarkortasuna ditugu guk. Haiek, ordea, beteranoen patxada eta eskarmentua. Hori eskertu egiten da finaletan, baina bolada onean harrapatu gaitu, joko onean, oso fresko eta oso motibatuta. Baina partida oso gogorra izango da. Asko landu beharko dugu tanto bakoitza, haiek oso ondo estaltzen baitituzte zulo guztiak», azaldu du Arrizabalagak. Aurrelariak hirugarren txapela jantz dezake binaka. Gozoarekin irabazi zituen aurreko biak, lehen bi ekitaldietan, Leire Etxanizekin.

Lehena nahi du Agirrek. «Gogoz gainezka gaude, oso ondo aritu baikara. Baina oso argi dugu lehia estua izango dela, bikote oso gogorra baitira, irabazteko oso zaila: oso seguruak dira biak, eta huts gutxi egiten dituzte. Atzean eutsi beharko diot, eta, ahal badut, Maite makurrarazi, Olatzek aurrean tantoa erremata dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.