Emakumeen Bira. Agustin Ruiz. Emakumeen Birako koordinatzailea

«Ibilbidea etxeko txirrindulariei begira egin dugu»

Agustin Ruiz pozik dago aurtengo ekitaldirako osatu duten ibilbidearekin, baita lasterketan ariko diren talde eta txirrindulariekin ere. Iaz egin bezala, berriro salatu ditu Bira antolatzeko dituzten zailtasunak eta baliabide falta.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko maiatzak 22
Lanez gainezka dabil azken asteetan Agustin Ruiz (Iurreta, Bizkaia, 1956). Gaur ekingo dio Birari, eta txirrindularitzazaleek gozatzea nahi du.

Joan den urteko Bira amaitu zenean salatu zenuen ezinezkoa zela zuek probaren antolakuntzarekin jarraitzea dituzuen baliabideekin. Zer moduz joan da aurtengoa?

Iazkoaren antzera, gauzak ez dira asko aldatu. UCI World Tourreko lasterketa bat antolatzea oso zaila eta nekeza da ditugun baliabideekin. Beste urtebetez eutsi diogu, baina ikusiko dugu aurtengoa nola doan, eta zer balantze egiten dugun. Horren arabera, beste hausnarketa bat egin beharko dugu, jarraitu edo ez erabakitzeko. Baina orain ez dut horretan pentsatu nahi.

Aipatu zenuen zailtasunei aurre egiteko aukeretako bat zela antolakuntza Euskal Herriko Itzuliaren ardura duen lan taldearen esku uztea. Zergatik ez da posible izan?

Bilera bat egin genuen, eta aurreakordio bat lotu genuen. Baina gero, Bizkaiko txirrindularitzaren inguruan dabilen hainbat jenderen presioa izan nuen proba Bizkaitik antolatzen jarraitzeko, eta, azkenean, onartu egin nuen.

Hortik harago, pozik zaudete osatu duzuen ibilbidearekin?

Bai, pozik gaude. Ibilbidea gogorra eta gorabeheratsua da. Lehen eta hirugarren etapak guk antolatu ditugu, eta beste biak udalek eta herri horietako txirrindularitza taldeek. Nik uste dut bigarren etapatik aurrera hasiko direla faboritoak aldeak lortzeko lehian. Baina uste dut ez direla handiak izango, eta lasterketa azken etapan erabakiko dela, iaz bezala. Joan den urteko azken etapa oso polita izan zen, Urkiolan gora. Aurten, Oñatin, hala izatea espero dugu, eta ikuskizuna egotea. Horretarako, erabakigarria izango da txirrindulariak nola osatzen diren aurreko hiru egunetan egindako ahaleginetik. Izan ere, azken etapak 156 kilometro ditu, eta lau mendate igo beharko dituzte. Badute, beraz, non min egin.

Iazkoa baino Bira irekiagoa espero daiteke erlojupekorik gabe?

Neurri handi batean, Mitcheltonen arabera egongo da hori: zenbateraino kontrolatu nahiko duen lasterketa. Beste taldeek ahalegindu beharko dute estu hartzen eta bi faboritoak taldekiderik gabe uzten. Izan ere, taldeak seikoak izanda, horrek eragin handiagoa du lasterketaren bilakaeran. Trekek, Boelsek eta Movistarrek min handia egin dezakete horretan.

Gustura zaudete taldeen eta txirrindularien parte hartze zerrendarekin ?

Bai, iazko garailea eta UCI World Tourreko lehen sailkatua Iurretako irteeran izango dira: Amanda Spratt eta Annemiek van Vleuten. Guretzat hori oso inportantea da. Gainera, Paladin ahizpak, Aafke Soet [iazko gazte onena] eta halako txirrindulariak oso ausartak dira, eta ihesaldi saiakerekin ikuskizuna eman lezakete. Ane Santesteban eta Eider Merino ere oso ondo ibiliko direla uste dut; haiei begira antolatu dugu ibilbidea. Horregatik kendu dugu erlojuaren aurkako etapa, eta desnibel gehiago jarri etapetan, biak eskalatzaile oso onak baitira. Aurrean egotea nahi dugu, eta protagonistak izatea.

Ane Santestebanek eta Eider Merinok etaparen bat irabaz dezaketela uste duzu?

Zergatik ez? Bestela, polita litzateke podiumean amaitzea. Joane Somarriba egon zenetik ez da euskal txirrindularirik egon han. Arrakasta handia litzateke hori, bai euskal txirrindularitzarentzat, bai lasterketarentzat.

Anna van der Breggen eta Ashleigh Moolman-Passio faltako dira. Haien hutsunea nabarituko al da?

Bi txirrindulari handi dira. Ashleigh Moolman-Passiorena pena izan da. Berak Birara etorri nahi zuen, beti izan baitu gustuko gure proba: bai zaleengatik, bai ibilbidearengatik. Baina haren taldeak azken unean erabaki zuen Kaliforniara joatea, ziurrenik dirua jasoko zuelako han. Van der Breggen, berriz, libre antzean dabil taldearekiko, eta berak erabakitzen du non korritu eta non ez. Oso egutegi berezia dauka. Iaz, esaterako, ez zuen Italiako Giroa korritu.

Gainontzean, etortzea nahi zenuten txirrindulari guztiak etorri dira?

Bai. Talde guztiak euren txirrindulari onenekin etorri dira.

Kritiko agertu zinen iaz etxeko taldeak gonbidatu behar izanarekin. Iritzia aldatu duzu?

Behartu egiten gaituzte etxeko taldeak gonbidatzera. Ez dugu horretarako arazorik, baina tristea iruditzen zait bigarren etaparako bizpahiru txirrindularirekin geratzea, kontroletik kanpo sartzeagatik. Ez etxeko taldeak, beste batzuk ere bai. Aldea oraindik handia da talde indartsuenen eta ahulagoen artean.

Nola ikusten duzu emakumeen txirrindularitzaren etorkizuna?

Kezkaz. ASO antolaketa taldeak ez ditu onartu UCI World Tourrak 2020rako jarri dituen baldintzak. Beraz, litekeena da haren egutegitik kanpo geratzea proba horiek: Tourreko etapa eta udaberriko klasikoak, besteak beste.

Zuei nola eragingo dizuete baldintza horiek?

Hemendik aurrera behartuta egongo gara, adibidez, hotelak ordaintzera, eta parte hartzera datozen taldeei diru kopuru bat pagatzera. Egindako kalkuluen arabera, horrek 50.000 euro inguruko gainkostua sortuko digu. Baina ez dago besterik, eta onartu egin behar izan dugu datorren urteko proba UCI Word Tourrean sartu ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna