KRITIKA. Dantza

Han Soloren zabor gela

Agus Perez.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun

'Black Marrow'



Konpainia: Iceland Dance Company. Koreografia: Erna Ómarsdóttir, Damien Jalet. Musika: Ben Frost. Eremu eszenikoa: Alexandra Mein. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 16.

Gogoratzen Star Wars-eko eszena hura, non Han Solo eta bere lagunak espaziontziko zabor gelan aurkitzen ziren, era guztietako hondakinen artean gerriraino murgilduta? Bada, leku hura etorri zait burura Black Marrow-ko hasierako eszena ikustean. Arriagako eszenatokiak zabortegi espazial haren dimentsioak ditu gutxi gorabehera, hiru alboetatik zabor metak izan zitezkeen plastiko beltzezko mendixkak zeuden; eta behegain osoa estaltzen zuen plastiko beltzezko geruza lodiak likido koipetsu baten itxura hartu zuen haren azpitik zenbait izaki artegagarri mugitzen hasi zirenean.

Ez da hori izan, ordea, Erna Ómarsdóttir eta Damien Jalet koreografoen asmoa: Black Marrow honetan (Muin beltza) gizateriak planetarekin daukan harreman gaiztotua aztertu nahi izan dute, eta horretarako ba al dago plastikoa eta petrolioa baino gauza esanguratsuagorik?

Esku-programan irakurri dugunez, lan hau jatorrian Australian estreinatu zen, hango Chunky Move konpainian sortu ostean, eta Bilbora etorri dena Islandiako Iceland konpainiaren berrirakurketa izan da. Nik lepoa egingo nuke hasierako eszenak —bizitzaren sorrerari eta eboluzioaren lehen etapei dagozkienak oraingo birsorkuntzaren emaitza izan direla, baina horretarako neure sudurraren balizko fintasuna baino ez daukat.

Ordea, birsortze prozesua edozein delarik ere, argi dago patetikoak, ad nauseam luzatuak eta aspalditik usatuak baino usatuagoak izan direla taula gainean gauzatu diren eszenak. Era berean, ideien irudikapena bizitzaren eboluzioa, ornogabeen eta gizakiaren sorrera, gaurko gizartearen axolagabekeria, plastiko eta olio bidezko itsasoen kutsadura…— ageriko didaktismoaren morroia izan da eta emankizuna argi— urtetara geratu da benetako dantzak eman behar duen iradokitze mailatik.

Bitartean, animalia primitiboak irudikatzean itxuraz biluzik zebiltzan gorputzek Momix konpainiaren kopia erdi pornografikoa ziruditen, Moses Pendletonen irudimenik eta teknika paregaberik ezean. Gero, gizaki sortu berriekin egindako talde eskultorikoek ezinbestean gogoratu digute Macunaíma mitiko haren gorpuztasun sasikoa. Beranduago, konpainiako dantzari gazteek xederik gabe xahutu duten energia erritmikoak hutsalkeriaren paradigma den Mayumana-ra eraman gaitu.

Labur esanda, oso aurreratua omen da eszenan bertan janztea, oso garaikidea jantzien eta argien kolore bakarrak zuria eta beltza izatea, ezin gaurkoagoa konpainia osoak lurrean etzanda arnasa hartzeko etenaldi luzea egitea, ezin ausartagoa piztien orroekin eta muturreko grabe gogaikarriekin egindako soinu-banda. Eskerrak ustezko produktu abangoardista hau ekarri digutela, bestela ez genukeen gaurko joera eszenikoen berririk izango!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.