Hausnarketan ere elkar hartu dute

Datorren sasoian Espainiako Ligan ariko diren bost euskal taldeek akordio bat egin dute derbietan kanpoko taldeko zaleei sarrerak 25 eurotan saltzeko. Halako neurri baten beharra zegoela azpimarratu dute jarraitzaileek, eta uste dute partidetako giroa hobetu dezakeela erabakiak.

Athleticeko eta Realeko zaleak, elkarrekin, San Mamesen jokaturiko derbi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Zaleen arteko giro ona da euskal derbien ezaugarri nagusietako bat, eta horretan sakontzea du xede Realak, Alavesek, Eibarrek, Athleticek eta Osasunak orain bi aste sinatu zuten akordioak. Elkarren artean jokatzen dituzten neurketetan bisitariei sarrerak 25 eurotan saltzea adostu dute bost klubetako zuzendaritzek. Iragan sasoian gauza bera egin zuten Realak, Alavesek eta Eibarrek, eta Athleticek eta igo berria den Osasunak bat egin dute aurten.

Gorritxoen zalea da Ruben Compains, eta, haren ustez, «oso garrantzitsua» da sarreren prezioa batzeko erabakia: «Bost taldeak ez dira askotan batera egoten Lehen Mailan, eta akordio honekin errazago joan ahalko gara hurbileko zelaietara». Halakoakikustera ohituta dago Compains, lana dela-eta asko bidaiatu baitu: «Alemanian, esaterako, asteburuero trenez hiru orduko bidaiak ere egiten dituzte zale askok, eta jende asko mugitzen da, sarrerak ere merkeagoak baitira».

Bidaia asko egindakoa da Joseba Combarro Eibarreko zalea ere. Eskozia la Brava jarraitzaile taldeko kidea da; haiek dira eibartarren zalerik sutsuenak. Combarrok egoki ikusi du bost taldeek hartutako neurria: «Lehen ez zen gertatu, Athleticek ez zuelako onartu. Ez genuen espero; zuzendaritzarekin hitz eginda bagenekien Realaren, Eibarren, Osasunaren eta Alavesen aldetik ez zela arazorik egongo, baina bost klubek sinatutako oharra ikusi genueneanizugarri poztu ginen».

Oier Marigil RealSocialismo Realeko zale eta akziodunen lantaldeko presidentearen iritziz ere, «berri ona» da sarreren prezioa bateratu izana: «Bereziki, kontuan izanda Lehen Mailako euskal taldeek orain artean ez dutela akordiorik egin». RealSocialismoren arabera, «zaleek, derbietako kanpoko partidetara joateko aukera lorgarriagoa izango dute». Marigilen aburuz, zaleen jarrerak zerikusia eduki ahal izan du erabakia hartzeko orduan: «Azken urteetan zelaietan protestak egon dira taldeek telebisten mesedetan harturiko erabakiengatik, eta pentsatu nahi genuke zaleen eraginak ere bultzatu duela adostasuna».

Harmailako adiskideekin bat dator Izei Moran Athleticeko jarraitzailea. «Gustura» hartu du albistea; nolanahi ere, azpimarratu du «ulertu» egiten duela zuri-gorrien zenbait zalek neurriarekiko errezeloak edukitzea: «Athleticeko bazkide txartelen prezioak orotarikoak dira. Batzuek diru asko ordaintzen dute urtean, eta horrek asaldatu egingo zituen. Ez da nire kasua».

Moranen ustez, zaleen arteko harremana estutzeko balio dezake erabakiak: «Nik, esaterako, Europa ligan bidaiatu dut gehien Athletic animatzeko, eta, gero, Anoetara eta Bartzelonara. Neurri honekin, Anoetara bakarrik ez, beste euskal zelaietara ere gerturatzen saiatuko naiz». Compainsek adierazi du «harremanak egiteko» izugarri ona dela neurria: «25 euroko sarrerekin zaleak zelaian egotea bermatzen duzu, baina baita hirian ere; jatetxeetan eta tabernetan, adibidez, eta onurak dakartza».

Zabalduz gero, hobe

Realak, Alavesek, Eibarrek, Athleticek eta Osasunak hartutako erabakia aitzindaria da Espainiako Ligari dagokionez, haiek izan baitira lehenak gisa horretako neurri bat hartzen. Frantziako eta Ingalaterrako ligan bada halakorik, eta klub guztiak biltzen dituzte. Hargatik, eta beren taldeek hartutako erabakiarekin ados egonagatik, euskal zaleek begi onez ikusiko lukete urrats bat gehiago egin, eta akordioa liga guztira zabalduko balitz. Iritzi horretakoa da Combarro, urtean kilometro gehien egiten duten zaleetako bat: «Gu ez gara geldirik egongo. Zelai guztietara bidaiatzen dugu, eta garestia da: gehien, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Haietan 50 euro inguru ordaintzen ditugu, eta astakeria da hori. Are gehiago egun kluben diru sarreren %90 telebistetatik datorrenean. Sarrerak 50 eurotan jartzeak ez du eraginik taldeen ekonomian, eta kanpoko zaleak izorratzeko besterik ez da». Combarrok adierazi du aspaldiko helburua lortu dutela sarreren prezioa adostuta: «Hilabeteetan Euskal Herriko jarraitzaile taldeek gogotik egin dugu lan halako zerbait lortzeko, eta ligako gainontzeko taldeei ere mezu bat bidali diegu honekin».

Gisa horretako akordioek futbolaren erdigunean zalea jartzen ote duten galdetuta, Marigilek ez ditu gauzak argi: «LFPk eta taldeek hartutako erabakiak balantza batean jarriz gero, ez dakit gauza oso orekatua den. Egia da, Realaren kasuan behintzat, ahaleginen bat egiten ari direla zaleak etxeko partidetan zelaira joan daitezen, batez ere zelai berriarekin. Halere, azken urteetan, tamalez, zelaira joan ohi den zalearen aldeko neurriak klub bakoitzak hartzen ditu, hartzekotan. Ligaren aldetik ez dago gauzak errazten dituen edo bultzatzen dituen neurririk».

Denboraldi honetan 20 derbi jokatuko dira Euskal Herriko estadioetan, eta liga txapelketa hasi bezain pronto jarriko da neurria abian. Bigarren jardunaldian neurtuko dituzte indarrak Osasunak eta Eibarrek, Sadarren. Hartara, armaginen zaleak izango dira sarrerak 25 eurotan eskuratzen lehenak. Handik astebetera Realak San Mames bisitatuko du, eta Moranek ez du uste orduan neurtu ahalko denik neurriak izan dezakeen eragina: «Uda amaiera izanagatik, jende asko oporretan izango da. Neguan, liga bete-betean dela, ikusiko dugu erabakia eraginkorra den ala ez. Baietz uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.