Tentsioa bukaera arte

Arrisku unez betetakoa izan da Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen entzierroa. Zortzi lagun artatu dituzte larrialdi zerbitzuek; bi, adarkadengatik

Tentsioa bukaera arte.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikusgarria eta arriskutsua izan zen sanferminetako zazpigarren entzierroa. Korrikaldi politak egin zituzten entzierroko parte- hartzaileek Vejer de la Fronterako (Cadiz, Espainia) Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen aurrean. Aurreko egunetan baino erorialdi gutxixeago izan ziren arren, arrisku handiko uneak izan ziren. Larrialdi zerbitzuek zortzi lagun artatu zituzten; horietako bi, zezenek ziztatuta. Hala ere, guztiak daude arriskutik kanpo. San Domingoko ukuiluetatik zezen plazakoetara dauden 840 metroak egiteko bi minutu eta hogeita hamar segundo behar izan zituzten zezenek, arratsaldeko zezenketan hil ziren berberek.

San Domingoko ukuiluetako ateak ireki bezain pronto atera ziren zezenak eta joaldunak kanpora. Ibilbidea hasi orduko jarri ziren taldearen buruan joaldunak. Aurreko entzierroetan parte hartu zutenez, nabari zen bidea Nuñez del Cuvillo ganadutegiko animaliek baino hobeto ezagutzen zutela. Hasieratik, etengabe alboetara begira aritu ziren zezenak. Entzierroko lehen zatian, une oso arriskutsuak izan ziren. Zezenen aurrean jartzeko aukera gutxi zegoen, eta edozein aukera aprobetxatu zuten korrikalariek.

Behin San Fermin santuaren paretik igarota, bi lagun harrapatu zituzten zezenek. Biak hormaren aldetik ari ziren lasterka. Lehenengoak zezenetako bati izkin egin zion, baina atzetik zetorren zezena ezin izan zuen saihestu. Adarrarekin izter aldean jo eta atzeraka erori zen. Hasiera batean ezetz zirudien arren, animaliak adarkatu egin zuen. Handik metro gutxira harrapatu zuen zezenak bigarren korrikalaria. Albo batean geldi zegoen, eta animaliaren arreta bereganatu zuen nahi gabe, eta sekulako kolpea jaso zuen. Kasu horretan, ez zuen adarkadarik jaso.

Malda amaitzerako, apurka-apurka abiadura bizkortzen hasi, eta taldearen lehen postuetan kokatu ziren zezenak. Bihurgunera iristerako, erori ostean zutik jartzen saiatzen ari zen parte hartzaile bat harrapatu zuen zezenetako batek. Atzetik zetozen gainontzekoak, eta gainetik salto egin behar izan zioten. Baina kolpeez gain, ez zuen bestelako zauririk jasan.

Mercaderesko bihurgunea igaro ondotik, zezen batek abiadura bizkortu zuen, eta metro batzuk aurreratu zen. Horri esker, korrikalariek zezenaren aurrean lasterketa politak egiteko aukera izan zuten. Zenbaitetan, zaila zen aurpegiaren aurrean korrikari eustea, animaliak zeraman abiadura biziagatik.

Estafeta kalean, une arriskutsu dezente izan ziren. Aurreko egunetan baino jende gutxiago zegoen arren, zezenetako batek korrikalari bat doi-doi ukitu zuen adarrarekin. Elastikoa urratu zion arren, ez zion inolako zauririk eragin. Espoz y Mina kalearen parean, beste zezen batek korrikalari bat adarkatu zuen, Telefonicara bidean zihoazela.

Hala ere, zazpigarren entzierroko unerik harrigarriena zezen plazan bertan gertatu zen. Inolako arazorik gabe egin zuten Telefonicatik plazarako bidea zezenek. Aurreko egunetan bezalako pilaketarik ez zen izan, eta, horri esker, korrikaldi ederrak ikusteko parada izan zen. Hala ere, hondarra ukitu orduko, zezenek zuzenean jo zuten ukuiluetara, baina atarian zeudela bat-batean gelditu egin ziren. Atzetik zetozen joaldunek bidea ezagutzen zutenez, zuzenean sartu ziren ukuilura, eta haiei jarraituz gauza bera egin zuten Nuñez del Cuvillo ganadutegiko animaliek ere.

Gaur, Miura ganadutegiko zezenen txanda izango da. Iaz bezala, horrenbesteko sona duen ganadutegiko zezenekin amaituko dira sanferminetako entzierroak. Adituek entzierro lasaia iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.