Philippe Gilbert

Txirrindulari monumentala

Philippe Gilbertek beste monumentu bat gehitu dio bere palmares ikusgarriari, herenegun Paris-Roubaixen gailenduta. Milan-Sanremo falta zaio soilik beste hiru ziklistak lortu duten bilduma osatzeko.
CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko apirilak 16
Aspaldidanik «amets ero bat» dabilkio buruan Philippe Gilberti (Verviers, Belgika, 1982): errepideko txirrindularitzako bost monumentuak irabaztea. Orain arte, soilik Eddy Mercxek, Roger De Vlaeminckek eta Rik Van Looyk lortu dute balentria hori, eta herenegundik, gertuago dauka Gilbertek. Belgikarrak jada irabaziak zituen Flandriako Tourra, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa, eta igandean Paris-Roubaixen nagusitu zen. Zeruko ateak ireki dizkio iparraldeko infernua-k, zerrenda osatzeko ale bakarraren faltan gelditu baita. Milan-Sanremo da ale hori, eta, hemendik aurrera, 36 urteko ziklista beteranoaren jopuntu nagusia izango da.

Ez da edonolako erronka. Esprinterren eta errematatzailerik azkarrenen ehiza barrutia da Italiako klasikoa, eta Gilbertek jada ez du garai bateko abiada. Edonola, ezinezkoa ere ez da, noizbehinka gidoia apurtzen delako —iaz Vincenzo Nibalik irabazi zuen—, eta, batez ere, belgikarra edozertarako gai delako. Bere urterik onenetan, muinoetan erritmoz aldatu eta errematatzeko gaitasun handia zeukan, eta horrek, besteak beste, Lieje-Bastogne-Lieje eta Lombardiako Giroa irabazteko aukera eman zion. Bestelako ezaugarriak eskatzen dituzte harbideetako klasikoek, baina hori ez da arazoa izan Gilbertentzat: azalberrituz joan da, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix irabazteko gai izan arte.

Aldaketa horretaz hausnartu zuen Roubaixeko belodromoan Nils Politti esprintean gailendu ostean: «Errematatzaile gisa nituen ezaugarriak itxuraldatu behar izan ditut. Orain, ez diet beldurrik urrundik jotako erasoei. Sarritan, nire alde jokatu dute». Ez dio gezurrik, helmugatik 55 kilometrora bakarka jota irabazi baitzuen 2017ko Flandriako Tourra. Eta herenegun ere, ausardia handia erakutsita nagusitu zen Paris-Roubaixen. Hori horrela, harro agertu zen bere garaian hartutako erabakiaz. «Beste modu batez lan egitera ausartu nintzen. Lefeveren taldera etorri nintzen, harbideetan indartsuena delako, eta berehala lortu nuen arrakasta. Ondo egin nuen erronka ero honetan sinestuta».

Caubergeko erregea

Monumentuez haratago ere, palmares txundigarria dauka; besteak beste, Munduko Txapelketa bat, Fleche Wallonne bat, Donostiako Klasiko bat, lau Amstel Gold Race eta itzuli handietako bederatzi etapa irabazi ditu. Guztira, 75 garaipen lortu ditu ziklista profesional gisa daramatzan ia bi hamarkadetan. Horietatik hemezortzi 2011n lortu zituen, haren urrezko denboraldian. Beti izan da iaioa Ardenetako hirukotean, baina sasoi hartan handia egin zuen, hiru probak irabazita: Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja. Halakorik beste lau ziklistak baino ez dute lortu: Mercxek, Bernard Hinaultek, Michele Bartolik eta Davide Rebellinek.

Omega Pharma-Lottotik BMCra joan zen hurrengo sasoian, eta gozakaitz ibili arren, urtea Munduko Txapelketan urrea kolkoratuta bukatu zuen. Cauberg izan zen lasterketaren epailea, eta Gilbertek ez zuen hutsik egin. Ezin zen bestela izan, belgikarra inor ez bezala moldatu izan baita Herbehereetako igoera mitikoan: Munduko Txapelketa ez ezik, hiru Amstel Gold Race irabazi ditu bertan erasoa jo eta aurkari guztiak atzean utzita; 2010ekoa, 2011akoa eta 2014koa.

Ortzadar maillota soineratu aurretik, Espainiako Vueltako bi etapa eskuratu zituen 2012an. Itzuli handien artean, bertan lortu ditu garaipen gehien: bost. Bakarra eskuratu du Frantziako Tourrean, 2011an; eta hiru Italiako Giroan, bat 2009an eta bi 2015ean. Hots, errematerako erraztasunak etapa ehiztari izateko aukera ere eman dio. Gaitasun hori pixkanaka galduz joan zen BMCn, eta, han bost denboraldiz ibili ostean, Quick-Stepera joan zen 2017an, bere kirol ibilbideari beste norabide bat emateko asmoz. Bete-betean asmatu du: arrastoa utzi du harbideetan, eta orain, Via Romara begira jarri da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna