'Bar Gloria'

Gloriarik gabeko taberna

Idazlea: Nerea Ibarzabal. Argitaletxea: Susa.

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bizitzari darion distira oro moteldu zaio abereari tabernako koipe eta hauts arteanĀ». Nerea Ibarzabalen Bar Gloria lehen eleberria irekitzearekin batera, hitz horiekin egingo du topo irakurleak. Protagonistek lan egiten duten tabernan eskegitako idi buru disekatuaz ari da narratzailea. Esango nuke, ordea, ez duela animaliaz bakarrik hitz egiten; inplizituki, hasieratik bertatik markatzen du obraren tonua eta pertsonaien kolorea, tabernak idi disekatu horren gisan harrapatu baititu pertsonaiak ere, irentsi eta desgastatu. Batez ere Rakel, Lopetegitarren alaba gazteena. Nahi ez duela ere, tabernan bizitzen eta lanean geratzea beste aukerarik ez duen pertsonaia da Rakel (nire ustez, fokalizatu nagusien artean protagonistena). Frustrazioak markatzen du, aldi berean, bere bizitza, bai eta harreman estuenekin duen tratu gazi-gozoa ere. Dena den, ez da narratzailearen begirada harrapatu duen pertsonaia bakarra nobelan, noizik behin Anarengan (Rakelen ahizpa) eta nebatzat harturiko Migelengan ere pausatzen baita diskurtsoa eta fokua. Eleberrian etengabe agertzen diren elipsiek eta, are, ordena zehatzik gabeko salto kronologikoek perspektibaz eta erpinez betetako errealitate bat erakusten diote irakurleari; harreman konplexuz eta mingotsez jositako konstelazio poliedriko bat eraikitzen digute epizentroa den Gloria tabernaren inguruan.

Epizentroa taberna baldin bada, trama hori guztia irudikatzen duen sinbologia idiek osatzen dute; nahiz tabernan barrari begira zintzilik dagoen bizigabeak, nahiz aitak egunero zaintzen dituen bizidunek. Ez dira bakarrik liburua irekitzeko idazleak aukeratutako motiboa, ezta tabernaren dekoratua ere, edo gero eta indartsuagoa den mundu industrializatuarekiko elementu dikotomikoa. Nago hori baino gehiago kontatzen duela idazleak aukeratu duen animalia horren bitartez, esan gabe kontatu ere. Idiei ematen zaien tratuak industrializazioa Euskal Herrian pausatzen ari zen garaiko talde subalternoei ematen zitzaien garrantzia(eza)ri imintzioa egiten dio, alegia, emakumeei, eta heterozuzentasunetik irtendako kolektiboei, ez-maskulinoei eta homosexualei (besteak beste). Eta keinu hori nabarmena da, bereziki, obraren hasierako partean, bukaerarantz tabernako idi buruaren oihartzuna eta itzala gutxiagotan agertzen zaigula kontuan izanda (gutxiegi, aukeran). Nolanahi ere, igartzen da erakustearen eta iradokitzearen alde egin duela idazleak, eta hitzez hitz eta modu esplizituan kontatzeari muzin egin diola. Showing, telling beharrean. Horixe da Ibarzabalek sinbologia aberekoi hori behin baino gehiagotan errepikatzeak eragin didana, eta literatur lanetan asko estimatzen dudan alderdia da hori, gainera.

Guztiarekin ere, liburuaren azalean agertzen zaigun eskeletoa bezain grisa den obra bat eraiki du Ibarzabalek: grisa leihotik ere sartzen ari den kez eta tximiniaz betetako herri industriala testuratzen zaigulako; grisa pertsonaien bizitzen eta harremanengatik. Bitsa darion errekastoaren aldamenean eraikitako taberna eta unibertso literarioa ez dira oharkabean pasatuko irakurleen ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.