David Fernandez.
Katalunia. Gizarte zibilaren mobilizazioa. ANALISIA

'Dies certus an incertus quando'

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Herrialde hau hainbeste aldatu da 2012tik—edo 2006tik ere esan liteke, iragarpen bihurtu ziren lehenbiziko mobilizazio subiranistekin—, ezen beste leku batean baikaude orain. Ez gara lehengo berak, eta ez dago atzera bueltarik. Ezer ez da berdin izango. Nola amaituko den, haizeari galdetu. 2017ak lagunduko du argitzen: arriskua eta ziurgabetasuna eragiten dizkigu higadurazko gerra baten alde egin duen estatu demofobikoak, baita haren artilleria astunak eta inkisiziozko bunkerrak ere.

Hura parez pare daukagula, gogoratu behar dugu herrialde hau jada aldatu dela; asko, gainera. Pedagogia sozialean, eskaera demokratikoetan, partekatutako itxaropenetan eta gizarte mobilizazioetan oinarrituta, etorkizunaren zutabeak ezarri ditu, bere aurka zegoen testuinguru europar batean: eskuin muturra, neoliberalismoa, arpilatze soziala, gerrak eta ustelkeriak. Unearen gizagabekeria krudel horretan, bloke sozial historiko —askotariko, konplexu eta plural— batek demokrazia gehiagoren alde egin du apustu, aukera berriak berreraikiz kapitalismo senilaren urakanek aurkako norabidean jotzen zuten garaian. Subiranismo soziala neuralgikoa da langabeziak eta desberdintasunek ahuldutako gizarte honetan; independentzia, aldiz, aurrera egiteko tresna eta beharra da, ateak eta leihoak zabaltzekoa aldaketa demokratiko eta sozialari. M-15eko plazek eskatzen zuten reset demokratiko haren oso antzera: herri burujabetza, justizia soziala, haustura demokratikoa eta prozesu konstituziogilea.

Herrialdea aldatu da, bai. Asko, eta, estatu geldi bat eduki arren, Auzitegi Konstituzionaleko fronteak ez dakar berritasunik. Elkarrizketa operazioa bistakoa denari buruzko estatuaren bakarrizketa baizik ez da: A-9a auzipetuta, parlamentuko presidentea inputatuta, eta zinegotzi desobeditzaileekin obsesionatuta. Erregimenaren estrategia garbia da joko-zelai espainiarrean: goitik eta zentrotik ixtea oraindik periferian eta behetik zabaldu daitekeena, estatua alda daitekeelako hipotesiak huts egin duenez gero. Horregatik dago gaur egun estatuko makineria guztia Katalunian kontzentratuta, protesta eta proposamen zikloa gezurrezko moduan itxi dadin, ezer aldatu gabe eta erregimena sendotuz.

Pultso demokratikoa: auzi katalana —anomalia espainiarra— aurki sartuko da gatazka instituzionalean eta ezarritako legeekiko talka juridikoan. Baina zilegitasun demokratiko bakarrarekin: erreferenduma eskatzen duen %80 sozialak ematen dionarekin, eta —80 urteren ostean— Errepublika Katalana aldarrika dezakeen parlamentuarekin.Estatuaren itsuskeriak, ordea, shock doktrina kalkulatu baten alde egingo du: epaitegietatik inposatu nahiko du hauteskundeetan irabazteko gai ez dena. Eskari demokratikoa epaitegien esku utzi nahi du, 78ko erregimenaz geroztiko gatazka politiko eta deslegitimazio kolektibo handiena auzi publiko soil bihurtuz.

Ataka horretan, zorionez eta oraingoz, balantza demokratizatzailea makurtu dezakeena jendea da: aktibatze soziala, herri mugimendua eta mobilizazio jarraitua. Azken batean, hori baita, oraindik, irakaspen katalana: askatasunerako eta justizia sozialerako aukera guzti-guztion esku dagoela. Gaurdaino, jendea izan da motorra: bihar, hura izango da gure berme bakarra. Are gehiago ez dugunez espero agertoki demokratiko argigarririk estatuaren aldetik, ezta Europako inplikazio esanguratsurik ere.

Non gaude? Kontraesanekin, zailtasunekin, absentzia mingarriekin, egon behar dugun lekuan gaude: liburua zabalik eta orrialdea idazteko, zuri, insubordinazio demokratiko kolektiborako zorian. Ezinbestean, Möebiusen zintara garamatza horrek: independentziarako bide demokratikorik ez badago, demokraziarako bide independentista egongo da. Dilema horrek bihurtzen du Kataluniako askatasun politikoaren auzia kausa unibertsal: geure burua gobernatu ahal izango ote dugu? Materializa al daiteke gehiengoaren eskaera aldaketa politiko eta sozialaren alde? Posible ote da beste mundu bat —justuagoa, etikoagoa, solidarioagoa—? Inoiz aldatuko al da ezer?

Gilles Perraultek idatzi zuen, herrien askapenerako borrokan, «hamabost minutu gehiago» irauten duenak irabazten duela. Erresistentziazko pazientzia, mugarik gabeko desobedientzia eta iraunkortasun sendoa. Galdu al dezakegu? Bai, eta, orduan, amore ematea ez da aukera bat izango; besteek kudeatu beharko dute iraganerako itzulera etsigarri eta dekadentea. Baina posible da irabaztea ere, denboran behinik behin. Nolanahi ere, antidoto gisa, Gramsci aipatu behar da: edozein inboluzio autoritario beti da iraultza demokratiko baten porrotaren ondorena.

Dies certus an incertus quando. Hasierara itzuliz, aldaketa sozialaren termodinamika, jada ez gara lehengoak, ezer ez da berdin izango eta, alde bakarrez, aldatu gara jada. Hori da albiste ona: aske izateko baimenik eskatu gabe, aske izateagatik barkamenik eskatu gabe. Eta, John Bergerrek esango lukeen moduan, esperantzari hortzekin eutsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.