Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Nahi eta ezina

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Azken estropada amaitu bezain pronto, inguruko batek galdetu zidan zer espero nuen uda aurretik nire talde berrian (Bermeo-Urdaibai), eta, uda amaiturik, zer aldatuko niokeen denboraldiari. Bistakoa da ez gaudela kontentu izandako emaitzekin.

Erantzun errazetan erori gabe, neure buruari eragin, eta hamar bat segundo azkarragoak izatea eskatuko nioke. Pentsa, tarte hori estropadan eginiko denboraren %1 baino gutxiago litzateke, edota estropadak batez beste orduko 17 kilometroan egin beharrean orduko 17,1 kilometro egitea litzateke.

Hamar segundo horiekin, gure aurretik ibili diren traineruekin borrokan sartuko ginateke, eta horixe da nahiko nukeena, lehia. Batzuetan alde, besteetan kontra. Lehiak berak eramaten du taldea estutzera. Lehiak berak eramaten du kontzentraturik mantentzera, eta lehiak berak eramaten du taldea bera hobetzera.

Zertan hobetu bila ibili gara, gogoz entrenatu gara, pisua erruz jaitsi dugu, sentsazio hobeak aurkitu ditugu... Baina lehiatik kanpo gelditu gara, eta indarrak apurka-apurka ahitzen joan dira. Goitik aparte, eta erdialdetik nahi baino gertuago.

Eman du berea 2021eko Eusko Label ligak. Iazkoarekin alderatuta, askoz ere egonkorragoak izan diren taldeak ikusi ditugu. Ez dugu iazko gorabeherarik ikusi. Zorionak santurtziarrei eta Arraun Lagunak-eko guztiei!

Kanporaketek ere erabaki dute zein izango diren hurrengo urteko partaideak. Kaiku itzuli da, KAE ligan urte bakarra egin ostean. Ez da makala egin dutena, oso zail deritzot. Bestetik, badute zer ospatua Getaria aldean, maiz ukitu arren inoiz egon ez diren ligara iritsi dira. Tolosaldeak ere lortu du bigarrenean Euskotren Ligara igotzea. Goza dezatela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.