Koronabirusa. Eragina ekonomian

Sindikatuek osasuna lehenesteko eskatuko dute biharko mobilizazioetan

Oinarrizko zerbitzuetan prebentzio neurriak aplikatzeko exijitu dute, eta funtsezkoa ez den lan jarduera oro gelditzeko; Jaurlaritza ez dator bat

Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Langileen osasuna, enplegua eta lan baldintzak gero eta okerragoak direla ikusita», lantokietan protestak antolatu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek biharko. «Bakoitzak dituen baliabideekin» mobilizatzera deitu dute: lan eteteak, elkarretaratzeak, argazkiak edo zarata. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta patronalei eskatu diete «funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak eta eraginkorrak diren prebentzio neurriak aplikatzeko», baita «funtsezkoa ez den lan jarduera oro geldiarazteko, eta enplegua eta lan baldintzak bermatzeko».

Koronabirusak eragindako krisia dela-eta langileak pairatzen ari diren egoera nabarmendu dute. Azken egunetan, hainbat beharginek salatu dute prebentzio neurri egokirik gabe ari direla. Sindikatuen arabera, funtsezko zerbitzuetan lanean ari diren pertsonak «behartuta daude lanera joatera, beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatuak izan gabe», eta, horregatik, «etengabeko arriskuan» daude.

Azaldu dutenez, ordea, lanera joaten ari direnak ez dira oinarrizko zerbitzuetako langileak soilik. «Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako haien osasunaren gainetik». Horregatik eskatu dute lantoki horiek berehala ixteko.

Enplegu erregulazioen gaia ere izan dute mintzagai sei sindikatuek —atzo, 88.200 langile Hego Euskal Herrian—. Ohartarazi dute milaka pertsonaren lan baldintzen prekarizazioan sakontzeko erabiltzen ari direla krisian: «Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten, eta, orain, patronalek eta gobernuek nahi dute osasun krisia ere guk ordaintzea».

Sindikatuek ez dute baztertzen ixten ez dituzten enpresak salatzea. Hala adierazi dute egunotan ELAk eta LABek. Eta horixe bera azpimarratu zuen atzo Mitxel Lakuntzak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, enpresa batzuen jabeek ez dute neurririk hartu langileak babesteko; horren adibide jarri ditu Sidenor eta Tubacex. Horrekin batera, nabarmendu du autogintza, aeronautika eta eraikuntza sektoreak ez direla «lehentasuneko jarduerak», eta gelditu beharko luketela.

«Okerrera» egin dezake

Confebaskek beste behin adierazi du ez duela sindikatuekin eztabaidetan aritzeko asmorik, argudiaturik ez dela horretarako garaia, eta ohartarazi du itxiera orokortu batek «egoera okertu» baino ez lukeela egingo. Berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, patronalak berretsi du jarduera eteteko beharrik ez duela ikusten langileen segurtasuna bermatzen den lantokietan. Kezka agertu du enplegu erregulazioen ugaritzea dela eta. «Hau hasi besterik ez da egin». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberak ere, ohar bateratu batean, jarduera mantentzearen alde azaldu dira.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, berriz, esan du osasuna bermatzea dela Jaurlaritzaren lehentasuna, baina horrekin batera nabarmendu du «jarduera ekonomikoa ere zaindu» beharra dagoela. ETB1en eginiko elkarrizketa batean, adierazi du oso zaila dela oinarrizko zerbitzuen katea non eten behar den erabakitzea. Atzeraldia iragarri du datozen hiru hilabeteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.