Kirolbet Baskonia 89-98 Joventut

Kaixo eta agur

Baskoniak galdu egin du Joventuten aurka, eta Espainiako Kopatik kanpo geratu da. Laprovittola erabakigarria izan da: 36 puntu

Julen Etxeberria.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. Vildoza (16),Janning (18), Shields (4), Voigtmann (6), Poirier (15)—hasierako bostekoa—; Diop, Jones (12), Hilliard (10) eta Marcelinho (8).

Joventut. Laprovittola (36), Lopez-Arostegi (7), Ventura, Harangody (15), Todorovic (15)—hasierako bostekoa—; Dimitrijevic (6), Morgan (10), Delia (4), Nogues (1) eta Mathias (4).

Markagailua. 16-29, 42-45 (atsedenaldian);68-73 eta 89-98.

Epaileak.Caballero, Jimenez eta Peruga. Baskoniako Hilliard eta Joventuteko Todorovic kanporatu zituzten.

Bestelakoak. 12.340 ikusle Madrilgo Wizink Center pabiloian, tartean Baskoniako bi mila zale.

Pausoz pauso egin beharreko bide baten moduan. Halaxe hartu zuten Kirolbet Baskoniako kideek Espainiako Kopa. Bada, urrats bakarra ere ez dute egin. Hasi orduko, agur esan dute. Gasteizko taldeak 89-98 galdu zuen atzo Joventuten aurka final-laurdenetan, eta, horren ondorioz, lehiaketatik kanpo geratu zen. Kolpe oso gogorra da, bai klubarentzat, baita Gasteiztik Madrilera ilusioz bidaia egin duten bi mila jarraitzaileentzat ere. Ez batzuk, ez besteek ez dute oroitzapen onik izango ekitaldi honetaz.

Joventuteko jokalari erabakigarrienak geldiaraztea, errebotean nagusitzea, bizi-bizi jokatzea eta erasoan eraginkorrak izatea. Horra Velimir Perasovicek Kataluniako taldeari irabazteko funtsezkotzat jo zituen lau gakoak. Bada, lauretan kale egin zuen Baskoniak. Gasteiztarrek bazekiten nor zaindu behar zuten inor baino gehiago, Laprovittola, baina jakinda ere ezin izan zuten gelditu, eta joko antolatzaile argentinarrak txikitu egin zituen. Partida amaieran lortu zituen estatistikei erreparatu besterik ez dago: 36 puntu sartu zituen, eta 50 puntuko balorazioa lortu zuen. Hain izan zen handia Laprovittolak egin zuen erakustaldia, ezen itzalpean utzi baitzuen beste zenbait taldekidek egin zuten lan ona, Todorovicena eta Harangodyrena, besteak beste: biek sartu zituzten hamabost puntu.

«Gainetik pasatu zaizkigu»

Erreboteetan eta jaurtiketen portzentajeetan ere nagusi izan zen Joventut. Halako datuekin, ezinezkoa zen Baskoniak irabaztea. «Gainetik pasatu zaizkigu. Inongo momentutan ez dugu jokatu patxadaz. Aitzitik, korrika eta presaka aritu gara partida osoan. Merezita irabazi du Joventutek». Porrota merezitakoa izan zela onartu beste aukerarik ez zuen izan Perasovicek lehia amaieran.

Minutu erdiz: denbora tarte eskas horretan besterik ez zen egon aurretik Baskonia neurketa osoan. Kontrakarrean aritu zen ia beti. Oso gaizki hasi zen, eta oso gaizki amaitu. Oso gaizki hasi, lehen laurdenean Joventuten erauntsiak harrapatu baitzuen bete-betean. Ikusgarri aritu ziren katalanak lehen zortzi minutuetan: 25 puntu sartu zituzten, jaurtiketa bakarra huts egin gabe. Horri esker, hamasei puntu aurretik jarri ziren: 13-29. Indartsu ari ziren batzuk, eta oso samur besteak.

Bigarren laurdenean, ordea, defentsan estutu eta buelta eman zion partidari Baskoniak: 34-33. Baina ezer gutxi iraun zien aldeak gasteiztarrei, Laprovittola berriro saskiratzen hasi zen arte. Atsedenaldian, halere, estu zegoen lehia (42-45). Hala egon zen partida amaitzeko sei minutu eskas falta ziren arte: 80-83. Orduan jo zuen Joventutek kolpe erabakigarria, zortzi puntu jarraian sartuta:80-91. Minutu eta erdi falta zen, eta 11 puntu zen aurretik. Kito. Erabakita zegoen norgehiagoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.