Kirolbet Baskonia 80-73 Zalgiris

Ondo hasi du hirukoa

Baskoniak gorriak ikusi ditu Zalgirisen defentsarekin, baina, hala ere, garaipen baliotsua lortu du etxean. Kanporaketa postuei eutsi dio

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. IVildoza (16), Janning (3) Shields (14), Voigtmann (13), Poirier (13)—hasierako bostekoa— Huertas (11), Hilliard (5), Garino (1), Jones eta Diop (4).

Zalgiris. Walkup (8), Grigonis (11), Ulanovas (8), White (3), Davies (13)—hasierako bostekoa— Westermann (5), Milaknis (11), Jankunas (4), Thompson (11).

Markagailua. 17-12, 40-25 (atsedenaldian);59-52 eta 80-73.

Epaileak. Radovic, Jovcic eta Rocha. Hilliard Baskoniakoaeta Walkup Zalgirisekoa kaleratu zituzten faltengatik.

Bestelakoak. 10.824 ikusle Buesa Arenan. Giro ona egon zen harmailetan.

Baskonia Euroligako txanpa garrantzitsuenetako batean murgilduta dago. Hiru partida ditu jarraian etxean sailkapeneko behe aldeko hiru talderen aurka: Zalgiris, Khimki eta Buducnost, eta hirurak irabazi beharra dauzkakanporaketetan sartzeko aukerei eusteko. Bai edo bai. Are gehiago, Baskoniaren anbiziodun talde bati halako partidak irabaztea exijitu behar zaio. Bada atzo izan zuen hiruko horretako lehen atala, eta Gasteizko taldeak konplitu zuen. Distira handirik gabe, egia da, baina etxeko lanak ondo egin zituen Zalgiriren aurka eta zortzigarren postuan egin du lo.

Zalgiris aurkari deserosoa da. Euroligako talde ezberdinena da. Hiruko oso gutxi jaurtitzen ditu aurkariak kontraeraso errazik egin ez dezan, eta maisu da bost bosten aurkako jokoan. Bi hitzetan: lokatza botatzen du pistara; eta atzo, une askotan, Baskoniaren zangoak lotu zituen. Lehen ordu laurdena izan zen Saras Jasikevicius kanpokoen entrenatzailearenestiloaren lagina (20-24, 15. min.). Ez du talentu izugarririk erasoan, beraz tranpaz eta segadaz josi zuen partida.

Baskoniak ordurako bazekien ez zela egun erraza izango, baina bost minutuko inspirazio bolada ikusgarria kateatu zuen. Savon Shieldsek—11 puntu eta hiru asistentzia atsedenaldirako— eta Marcelinho Huertasek gidatu zuten, eta etxekoek 20-1eko partzial batekin itxi zuten laurdena (40-25,20. min.). Ikustekoa izan zen Jasikeviciusen lepoak eta aurpegiak zuten kolore gorria hark aldageletara jo zuenean.

Zalgiris borrokalari

Zalgirisek, baina, ez du amore ematen, eta estu hartu zuen Baskonia berriz. Bere estiloa berreskuratu eta partida izoztu zuen. Apurka-apurka tartea murriztu zuen (43-39, 24.min.), Baskonia larrituz. Gasteizko taldeak ez zuen argirik ikusten, eta okerren zegoenean hiruko marratik hartu zuen arnas. Lau sartu zituen ia jarraian, eta, horri esker, errenta mantendu zuen (59-52, 30.min.).

Zalgirisek berean jarraitu zuen, baina puntuak pilatzeko dituen arazoak nozitu zuen laugarren laurdenean. Hala ere, azken txanpak hainbat une larri izan zituen Baskoniarentzat. Perasovicek Huertas eta Vildoza batera atera zituen, eta bi antolatzaileei esker argitu zituen Zalgirisen defentsa hieroglifikoak. Huertasek zazpi asistentzia eman zituen eta Vildozak bost hiruko sartu. Brasildarra ondo dago fisikoki, eta taldeak asko eskertzen du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.