Urumea ibaia, zubien bidez entzunda

Musika Hamabostaldiak Xabier Erkiziaren soinu lan bat eman dio San Telmo museoari. Zubien soinua grabatu du ibaia aztertzeko

Patrick Alfaya, Xabier Erkizia eta Susana Soto, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urumea ibaia Usategieta mendatean jaiotzen da, Nafarroan, eta Donostian itsasoratzen. Batetik bestera, 46 kilometro eta bost udalerri zeharkatzen ditu: Goizueta (Nafarroa), Arano (Nafarroa), Hernani (Gipuzkoa), Astigarraga (Gipuzkoa) eta Donostia. Xabier Erkizia artistak Urumea aztertu nahi zuen, ibai baten ulerkera bera miatzeko asmoz. Soinu grabaketak egin zituen Urumea zeharkatzen duten zubi guztietan, eta Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbainak, orbainak dira izenak piezan bildu zituen Donostiako Cibrian galeriak egin zuen erakusketa baterako. Orain, Donostiako Musika Hamabostaldiak ikus-entzunezko instalazio hori erosi dio galeriari, San Telmo museoari dohaintzan emateko.

60 zubik zeharkatzen dute ibaia, eta 60 minutuko obra bat sortu zuen Erkiziak: minutu bat zubi bakoitzeko. Horiei buruzko informazioa erakusten du pantailan: izenak, ofizialak zein kalekoak, eta datu batzuk, eraikitze eta berritze urteenak. Proiekzioa martxan egongo da museoko ekitaldi aretoan, abuztuaren 3tik 31ra bitarte, doan.

Erkiziak ez zuen erakutsi nahi «zer soinu duen ibaiak»; azaldu nahi zuen «zer den ibai bat, soinuaren bidez». Zergatik zubiak grabatu, orduan? Hura delako ibaiekin izaten den lehen kontaktua. «Paisaiaren zauriak» dira, baita beharrezko tresnak ere; igarotzeko, ez «habitatzeko».

Hori nahi zuen Erkiziak: grabagailu berezi bat itsasten zien zubiei, bakoitzaren bibrazioak jasotzeko, «arkitektura entzuteko». Izan ere, arkitektura «bizirik» dago harentzat. Soinu batzuek urpekoak dirudite, zubiak iragazkorrak direlako. Beste batzuetan, berriz, nekezago sartzen da uraren hotsa, eta itxiagoa da soinua. Denek sortzen dute giro berezi bat.

Erkiziarentzat, zubien izenek garrantzi handia dute. Hiriguneetakoek izen sinbolikoak izaten dituzte, politikarienak eta aristokratenak, eta leku horietatik urrundu ahala, izena galtzen dute, edo bat baino gehiago hartzen. «Zubiak grabatu ahala ulertu nuen horien atzean zeuden hainbat sinbologia, hainbat zauri; sozialak, politikoak, balio ekonomikoari lotutakoak... Eta, gehienetan, izenaren inguruko politiketan nahiko ondo islatzen direnak», azaldu du artistak.

Musika Hamabostaldia eta San Telmo museoa urteetan aritu dira lankidetzan, jaialdi horretako kontzertu batzuk han egiten baitira. Elkarlan hori hitzarmen baten bidez formalizatu dute orain: aurrerantzean, jaialdiak urtero emango dio pieza bat dohaintzan museoari. Hamabostaldiak museoa «aberastuko» du ordainaren bidez, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak azaldu duenez. Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak esan du beren asmoa dela jasotzen dituzten lanak erakustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.