Arrauna. Kontxako Bandera

Kasualitatea ez: kausalitatea

Hondarribiak laugarren aldiz segidan eskura dezake Kontxako Bandera: aurrea hartua du

Hondarribiak laugarren bandera eskuratu nahi du segidan. Gaizka Gorostiagak bigarrena luke, istriborreko seigarren tostako arraunlariak. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aldez edo moldez, baina lehian. Azken urteetan ondutako multzoa etekinak ematen ari zaio Hondarribiari. Ama Guadalupekoa-k irabazi ditu azken hiru Kontxako Banderak, eta laugarrena eskuratzeko ondoen kokatutako ontzia da berdeena: segundo bat eta 74 ehunenen aldea du Santurtzirekiko. Beste urtebetez, bandera eskuratzeko aukerak zabal-zabalik dituela helduko da bigarren jardunaldira.

Urrezko garaiak bizi ditu Hondarribiak, eta haietaz gozatzen ari dira tostartekoak. Gaizka Gorostiaga Garaikoetxearen (Getaria, Gipuzkoa, 1994) kasua da. Iaz aritu zen Kontxako Banderan estreinako aldiz, eta irabazi egin zuen. Aurten bigarrenez egitea du xede: «Getariatik Hondarribiarako jauzia egin nuenean bilatzen nuena hori zen, horrelako banderak lortzeko lehian egotea. Eta lehen urtean lortzea eta bigarrenean lehian egotea gauza handia da», esan du Gorostiagak.

Iaz erdi tupustean heldu zitzaion garaipena. Iraileko lehen bi igandeetan Donostian aritu gabea zen artean, baina Mikel Orbañanos teknikariak haren aldeko apustua egin zuen, eta ontzian izan zen bi estropadetan. Orduan pilatutako bizipenak gogoan, Gorostiagak zehaztu du iaz irabazi eta gero «kontzienteago» dela Kontxak esan nahi duenaz: «Ikusten duzu Kontxak duen handitasuna, eta bestelako detaileez jabetzen zara. Esan daiteke lehen urtean dena berria dela, eta laino batek harrapatzen zaituela».

Detaileen zakuan sartu ditu sailkatze estropada, estropadei aurre egiteko modua, komunikabideen presentzia eta abar. Zurrunbilo horren barruan ondo moldatu da Gorostiaga, eta tostartean izan zen herenegun ere. Lehendabiziko estropadaren irakurketaz galdetuta, «oso ona» izan zela azpimarratu du: «Lehen igandea igarota, denborarik onena dugu. Uste dut urteko Hondarribiarik onenetako bat izan zela».

Hori bai, erlaxazioari aterik ez dio zabaldu nahi istriborreko espaldan joan ohi den arraunlariak. Ondotxo daki zer kontrario gogorrak dituzten. Aurten, gainera, iazkoarekin alderatuta, hazi egin da banderako lehian sartu diren ontzien kopurua. Bost traineru daude bederatzi segundotan: Hondarribia, Santurtzi, Zierbena, Orio eta Donostiarra.

«Bandera ez dago inora begira». Irmo mintzatu da Gorostiaga. Lan handia dute egiteko, getariarraren esanetan: «Borrokan bost ontzi gaude, eta iaz baino zabalago dago lehia. Tarte murritzak dira: lehengo urtean, Zierbenari [bigarren sailkatuari] zazpi segundoren aldea atera genion lehen egunean, eta orain, ia bostak gaude tarte horretan».

Herenegungo lehen bi sailkatuek, Santurtzik eta Hondarribiak, txanda ezberdinetan egin zuten arraun. Horren komenentziaz edo aurkakotasunaz galdetuta, hurrenkera ekarri du hizpidera: «Dena emateko unean ez du garrantzirik, berdin husten zara. Itsasoaren faktoreek eragin dezakete, txanden artean ordu erdiko taldea dagoelako, baina igandean ez zen erabakigarria izan. Ez dut uste asko baldintzatu zuenik».

Estrategien garrantzia

Arrauna ez da makila batetik zintzilikatzea. Ez hori bakarrik, bederen. Agerian uzten dute hori gaur egungo estropalariek. Esaterako, ezagutza handia dute kontrarioekiko, eta horrek ere badu garrantzia estropadari heltzeko garaian. Gorostiagak igandeko lehen txandari egin dio erreferentzia: «Bagenekien ondo ateratzen diren bi ontzi genituela alboan, Zierbena eta Donostiarra, eta haiek gertu izatea garrantzitsua zela uhartea igarotzen genuen bitartean. Lehen luze ona bukatu, eta itzulerakoan asmatu nahi genuen».

Hargatik, Gorostiagak azaldu du estropadako gakoa ziabogara aurretik iristea izan zela, horrek itzulerako luzean «indarra» eman zielako. Gaurtik hasita prestatuko dute igandeko estropada, eta lanaren oinarria «eginda» dutenez, xehetasunak lantzen igaroko dute astea. Hondarribiarrek aukera handia dute esku artean; Kontxako Bandera laugarren aldiz irabaztea. Zigorrak zigor, azken estropadaren atarian denek nahi lukete Hondarribiaren lekuan egon. Aurreko urtean bezala. Aurrekoetan ere, antzera. Eta hori ez da kasualitatea: kausalitatea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.