Xabier Gantzarain Etxaniz.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Demokraziaren igandeak

2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Igandeak beldurgarriak dira. Igandean tokatu zen Martxoaren 8a, eta beldurgarria izan zen: azalean ekarri zuen El País egunkariak Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak esana: «Benetan inportantea gobernu egonkorra izatea da; kolore politikoak berdin dio».

«Lasaigarria da, funtzionatu egiten duela ohartu gara, sistema egonkorra dela egoera gorabehera», esan zuen Caroline Van Wynsberghek, Zientzia Politikoen irakaslea bera Lovainako Unibertsitate Katolikoan, Belgikan urtebete pasa zeramatenean gobernua ezin osatuta, 2010eko ekainaren 13ko hauteskundeen ostean.

Gorka Bereziartuak Argian jasotako bederatzi titularretatik, Manuel Delgadok Donostian emandako hitzalditik, niri bigarrena geratu zitzaidan gogoan iltzatuta: «Ez diot Bilduri leporatzen agintzea, ez agintzea baizik. Egin beharko luketena hau kaketara bidaltzea da, baina ezin dute». Hau hori, 2016ko Kultur Hiriburutza da, baina beste zerbait ere izan zitekeen akaso. Esaldiaren amaierako hiru hitz horiek dira beldurgarrienak, igande guztien batura: «Baina ezin dute».

Zer ezin dute? Agindu. Zergatik ezin dute?

Gero esango dute euskara pobrea dela. Horra aditz bakarra, agindu, politikaren bi tresna nagusiak adierazteko: promesa eta ordena. Hitzetan dago dena. Agindua zor.

Politikarena bakarrik ez; kapitalismoaren lehengairik onena promesa da, eta zigorrik eraginkorrena ordena. Zeuk zeure buruari ematen diozuna, beste inork kanpotik eman gabe ere. Egin lana, egin lana, egin lana.

Mikel Antzaren Ametsak ere zain poema liburuan irakurria: kapitalismoa geu gara/ horregatik ez dugu sekula garaitzen/ garaitzeko geure buruaz beste egin behar genukeelako/ itxuraz baino ez dugulako egiten haren kontra/ ordu libreetan edo txosnetan lez txandetan/ eta ondoren elikatzen segitzen dugulako/ gero eta handiago eta boteretsuago/ elikatzen dugu geure burmuinez odolez haragiz.

Eta Anarik bezala, geure buruaz beste bat egitea besterik ez zaigu geratzen.

Anri Sala artista albaniarrak bideo bat egin zuen 2003an: Dammi i Colori. Emazkidazu koloreak. Bideoan bere adiskidea mintzo da, Edi Rama artista, 2000n Tiranako alkatetzarako herriak hautatua. Legez kanpoko eraikinak eraitsi, parkeak egin, zuhaitzak landatu, eta batez ere, hiriko eraikin zaharren etxaurreak kolore biziz margotzeko agindu zuelako egin zen ezaguna. Hautsak harrotu zituen erabakiak, galdeketa egin zuen: atsegin duzu? nahi duzu jarraitzea? Ehunetik 63k atsegin zuten, beste 37k ez. Baina ehunetik 85ek nahi zuen jarraitzea.

Koloreak inportanteak dira, baita politikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.