Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Ongi etorri paradisura!

2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
esan zizun adiskideak, besotik heltzearekin batera, lorategiko pago urrekararen alboan elkartu zinetenean. Artean kopeta ilun zenuela, ezker eskuko hatz erakuslea ahoan pausatu zizularik, honela jarraitu zuen: «Ezer esan aurretik, egidazu mesede. Pentsa ezazu paradisura heldu zarela, zure gustuko paradisura. Izan daiteke parke hau, izan daiteke baratze bat, zuk nahi duzun tokia izan daiteke, zuk desio bezalakoxea…». Tekla egokia sakatzeko dohaina du adiskideak, literaturaren alderdi ludikoa nabarmentzekoa: iaz, Stephane Mallarme hizpidera ekarri, eta argitu zizun poetak hitz bakarreko poema bat idatzi nahi izan zuela, amets horrek bizi izan zuela; baina egiteko benetan konplexua zitzaiola hitz horretan bizitza osoa laburbildu nahi zuelako: dena jasoko zuen hitz bakarra, esentziala, unibertsoaren iturbegia. Eta parkean elkartzen zineten aldiro, zuk proposatuko zenukeen hitzaz galdegiten zizun adiskideak; nor nori moko ibiltzen zineten, zuen hitzak arriskatuz: iragankortasuna, desasosegua, zalantza…

Eta hara non berriro ere jostatzea proposatzen zizun, eta, isilka, zure paradisua irudikatzea. «Baina egin kontu zure Eden horren atarian argitasunezko izaki bat dagoela, aingeru bat hala nahi baldin baduzu, eta atezain horrek hamar bertute eman dizkizula aukeran, eta paradisura sartu ahal izateko bat aukeratu beharra daukazula». Orduan, irri firfira ahoan, adiskidea astiro hasi zitzaizun bertuteak zerrendatzen: serenitatea, umorea, sendotasuna, maitasuna, umiltasuna, sakrifizioa, moderazioa, sormena, malgutasuna, sentsualitatea. «Egiteko benetan zaila jarri didazu», jaurti nion, Mallarmerena gogoan, «nire memoria gero eta maskalago honekin…». Eta irri karkaila bat eginik, bertuteak errepikatu zizkidan. Noizbait ere bat hautatu nuelarik, hitzaren lehen letra gogoan hartzeko eskatu zidan, letra horixe izango nuelako paradisura sartzeko giltza eta gako. Bainaka hasiko nintzen, antza, zeren berriro ere atzamar erakusleaz hertsi baitzidan ahoa.

Floridako zuhaitz artean genbiltzala, haien kimu, ernamuin eta loreei begirakunea josia, esan zidan: «Orain egin kontu zure letraren bitartez paradisura sartu zarela eta, ezer baino lehen, zuhaitz miresgarri bat agertu zaizula. Paradisukoa izaki, adarretan hamaika fruta eder dauzka, hamaika fruitu mardul. Egin ahalegina, imajinatu zuhaitza gainezka, ezin oparoago. Arestiko zure letra fruta edo fruitu horrexetan egongo da, izenaren erdian, hasieran edo amaieran, eta zuk horixe aukeratuko duzu, horixe jasoko». Eta lehengo bertuteen antzera, adiskideak aleak zerrendatu zizkidan: «Horra hor gereziak, laranjak, ananak, pikuak, kiwiak, masustak, datilak, platanoak, kokoak, papaiak». Eta atzera berritu zizkidalarik, josteta oro bezala gurea ere oso serioa zela nabarmendu ostean: «Aurkitu al duzu zure fruitua? Hartu orain ale bat, laztandu, eraman begien aurrera, eraman sudurrera, eta usaindu. Sartu orain ahora, dastatu, bete zaitez masustaren kolorearekin, masustaren lurrinarekin, masustaren ahogozoarekin. Eta, orain, sartu paradisura. Ongi etorri paradisura!», amaitu zuen ni begiak arranpalo utzirik.

Ohi bezala, adiskideak berriro ere ni harritzea lortu zuen; jakin, jakingo zuen egile eskubideak jasotzeko garaia dela honakoa, eta igarri, igarriko zion aurtengo nire diru sarrera urriei, liburu itzulketari… Baina nire harridurak goia jo zuen musu batekin —Manuel Rivasek gereziarekin egin zuen bezala— ezustean gominola beltz bat ahoratu zidanean. «Oraindik ez da garaia», marmarikatu zidan. Orduan bai, orduan kontu-kontari hasi ginen, paradisuaz edo jardim-az, zeren Mallarmeren galderari Ruben Alves filosofo, teologo, psikoanalista eta idazle brasildarrak erantzun baitzion, alegia, hitz bakar batek laburbiltzen ahal zuela mundua: «Jardim! Jardim é a imagem de beleza, harmonia, amor, felicidade. Se me fosse dado dizer uma última palavra, uma única palavra, Jardim seria a palavra que eu diria». Laster ekingo genion Baratze bat nahi dizut egin kantua xaramelatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.