Euskal Herriko Itzulia

Azkarrena, hankaz eta buruz

Roglicek irabazi du Itzulia, Arratera bidean lasterketa iraulita. Behar zuen lekuan egon da une oro, Pogacar eta McNulty ez bezala. Indar erakustaldia egin du bukaeran, eta irabazten utzi dio Gauduri

Pogacar, Roglic eta Vingegaard, podiumean, atzo Arraten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ahalmena eta adimena uztartuta irabazi zuen atzo Euskal Herriko Itzulia Primoz Roglicek (Jumbo Visma). Hordagoa egin zion UAE taldeari, eta jokoz kanpo harrapatu zituen Brandon McNulty eta Tadej Pogacar. Gorlan behera erori ziren segadan liderra eta haren taldekidea, helmugarako 55 kilometrora, eta, hortik aurrera, indar erakustaldia egin zuen Roglicek. Bizi abiatu zen Krabelinen, David Gaudu (Groupama) eta Hugh Carthyrekin (Education) batera, eta helmugan 35 segundo atera zizkion Pogacarrek gidatu zuen taldeari. Bere bigarren Itzulia jada poltsikoan zuela, Arraten etapa irabazten utzi zion Gauduri. Azken egunean lasterketak irabazten ere badakiela erakutsi zuen esloveniarrak.

Lasterketari zukua atera dio Jumbok, jokoan izan diren elastiko guztiak irabazi baititu: liderrarena, mendikoa eta erregulartasunarena Roglicekin, eta gazterik onenarena Jonas Vingegaardekin. Norvegiarrak, gainera, bigarren postua lortu du sailkapen nagusian; Roglicengandik 52 segundora amaitu du lasterketa. Hirugarren, berriz, Pogacar izan da, 1.07 galduta. Pello Bilbao (Bahrain) izan da posturik onena lortu duen euskal herritarra: seigarren izan da, lidergotik 1.28ra. Mikel Landak (Bahrain) zortzigarren bukatu du, 2.17ra; eta hamargarren Ion Izagirrek (Astana), 2.59ra.

Arrabolean gorputza berotu, eta etapa arrapaladan abiatu zuten txirrindulariek. 112 kilometroko saio laburra zen, eta hiru mendate zeuden hasi eta berehala: Arribinieta, Elkorrieta eta Azurki. Arribinietan erritmo itogarria jarri zuen Movistarrek, eta inork ezin izan zuen tarterik zabaldu. Elkorrietan, aldiz, ihes egin zuten Patrick Bevinek (Israel), Cristopher Juul Jensenek (Bike Exchange) eta Antwan Tolhoekek (Jumbo). Azurkin, ezinean gelditu zen Juul Jensen, eta bost ziklista batu zitzaizkien Bevini eta Tolhoeki: Carthy, Omar Fraile (Astana), Enric Mas (Movistar), Richard Carapaz (Ineos) eta Ben O'Connor (AG2R). Lehen galbahearen ondoren, beraz, zazpi txirrindulari gelditu ziren lasterketa buruan; tropelean 40 inguru besterik ez ziren gelditzen. UAEk hartu zuen lema.

Gorla igo behar zuten hurrena. Zirrara handituz zihoan. Txinparta piztu zuen Alejandro Valverdek (Movistar), baina haren gurpilera berehala irten zen Roglic. Urduritasuna sortzeko mugimendua izan zen. Bien bitartean, tropeletik irteten jarraitu zuten bigarren mailako aktoreek; esate baterako, Mark Padunek (Bahrain), Carlos Veronak (Movistar), Sam Oomenek (Jumbo) eta Marc Hisrchik (UAE).

Roglicen estutu gogorra

Jaitsieran egin zuen eztanda lasterketak. Bezperan bezala, maldan behera erakustaldia egin zuen Alex Aranburuk (Astana), gurpilean Izagirre zuela. Ezkiotarraren joak etena eragin zuen onenen multzoan. Aurrean ziren Roglic, Landa eta Alejandro Valverde (Movistar); ez, ordea, McNulty, Pogacar, Bilbao, Vingegaard eta Adam Yates (Ineos). Egoera ideala zen Roglicentzat, lan egitera behartu baitzuen Pogacar. Esloveniarrak hartu zuen jazarpenaren ekimena, gerora ezinak jota gelditu zen McNultyren mende jarrita. Aurrean ziren liderrek, ordea, taldekideak zituzten tira egiteko, ihesaldiarekin bat egin ostean. Estrategiaren partidan, xake mate egin zioten UAEri.

Krabelinen magalean 40 segundoko abantaila zuen Roglicen multzoak. Eguneko mendaterik gogorrena zen Krabelin, eta lasterketa are gehiago apurtu zen bertan. Atzean gelditu zen Bilbao, eta segidan, McNulty lehertu zen. Orduan, indarrez egin zuen aurrera Pogacarrek, eta hamabost segundo eskasera hurbildu zitzaien lasterketa buruan zirenei. Belarriak tentetu zitzaizkion Roglici, eta gogortu egin zuen erritmoa. Hainbeste, ezen Carthyk eta Gauduk jarraitu ahal izan baitzioten bakarrik. Ahaleginean ito egin ziren Landa eta Valverde, eta harrapatu egin zituen Pogacarrek, gurpilean Vingegaard eta Yates zituela. Gainean, minutu erdikoa zen aldea. McNultyk, berriz, minututik gorako atzerapena zuen jada.

Errenta handitu egin zuen Roglicek beherakoan. Erreleborik eskatu gabe jaitsi zen, erlojupeko batean balego bezala. Ordekara iristean, elkarlanari lotu zitzaizkion Gaudu eta Carthy. Atzean, aldiz, mokoka zebiltzan. Bateko erasoa, besteko geldialdia… Baina aliantzarik ez. Horri esker, atzetik aurrera egin zuten, besteak beste, Bilbaok eta Izagirrek. Igo zuten Trabakua, gainditu Ermuara heldu aurretik zegoen zati gogaikarria, eta Usartzara 45 segundoko aldeaz iritsi zen hirukotea.

Gauduk erasoa jo zuen helmugatik sei kilometrora. Jarraitzeko gai izan zen Roglic, baina ez Carthy. Helmugan, etapa irabazten utzi zion esloveniarrak frantziarrari. Nahikoa zuen sari nagusia lortuta. Hirugarren Valverde izan zen, aldi berean iritsi ziren Yates, Pogacar eta Vingegaarden aurretik. Bilbao zazpigarren izan zen, 1.03ra, eta bederatzigarren Landa, 1.05era. McNultyk ia zortzi minutu galdu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.