Arrauna. Kontxako Bandera

Oriok nagusitasunez irabazi du, eta ez da ustekaberik egon

Arraun, Hibaika, Zumaia, Hondarribia, Riveira eta San Juan sailkatu dira oriotarrekin batera

Vicky Piñeiro Orioko aurrekalaria, ziaboga ematen, atzo, Donostiako Badian, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Izan al ditzake zalantzak Euskotren ligako estropada bat izan ezik beste guztiak irabazi dituen taldeak Kontxako Banderara begira? Baiezkoa da erantzuna. Orioko arraunlari Sandra Piñeirok hala adierazi zuen atzo BERRIAn, ETE ligakoen aurka gutxi lehiatu direla, eta ez zekitela benetan non dauden maila aldetik; galiziarren berririk ere ez zuela, bera hangoa izanagatik, eta iaz, esaterako, Riveirarekin Kontxan arraun egin arren. Kontuak kontu, Orio mahaian kolpea jotzera atera zen atzo sailkatze estropadan, eta Piñeirok zabaldutako kezkak azkar asko uxatu zituen. Nadeth Agirre patroiak berretsi zuen hori dena: «Atera gara erakustera zer garen, Kontxako Bandera gaur [atzo] hasiko balitz bezala».

ETE ligako atzoko aurkariak baino askoz hobeto ezagutzen dute oriotarrek Arraun Lagunak, asteburuero lehiakide izan baitute Euskotren liga. Atzo ere, uda honetan estropada batean ez beste, atzean utzi zuen, eta hemezortzi segundoko koska handia utzi zuen bien artean. «Ez dugu estropada batere ona egin», zioen gero Xubane Uribarrena arraunlariak: «Larritu ere egin gara une batean, sartuko ote ginen». Sartu zen, bai, baita tartearekin sartu ere: 22 segundokoa zortzigarrenarekiko, Caborekiko.

Hibaika sartu zen ondoren, ETE ligako aurtengo irabazlea, estropada ona eginda, eta pisu handia gainetik kenduta: «Orain, gozatzea tokatzen zaigu», zioen Amaia Gezala entrenatzaileak, Kontxaren ondoren Euskotren ligara igotzeko kanporaketa dutela aipatu aurretik: «Tira, gozatu bai, baina kanporaketa dugula ahaztu gabe».

Estropada handia egin zuen bestea Zumaia izan zen. Laugarren atzo, eta lau urteko zuloa betez, 2015ean aritu baitzen azkeneko aldiz Kontxan, hiru urterako trainerua lehorreratu beharra eduki baino lehen. 2013ko Kontxako Bandera Kike Manterola entrenatzailearekin irabazi zuen, eta orain ere harekin sartu da. Eneritz Diaz patroia pozarren zen: «Hau sekulakoa da. Lehen urtea dut patroi moduan, aurretik arraunlari izan bainaiz, eta ametsa betetzen ari naiz, patroi moduan Kontxarako sailkatuta».

Poza bai, baina apalagoa zeukan Nerea Perezek, Hondarribia taldeko patroiak, atzoko bosgarren sailkatuak: «Barruan gara, baina estropada txarra egin dugu, arraunkera hartu ezinda». Beste muturrean, erabateko poza ezkutatzeko batere asmorik gabe, Yeni Rodriguez zebilen, San Juaneko arraunlarietako bat, Oriok utzitako gazte mailako bat: «Kontuan izanda non geunden uda hasieran eta gero, oso handia da lorpen hau. ETE ligan, zortzigarren genbiltzan, eta orain, begira: Kontxan sartu gara». Hori lortzeko egindako lanari balioa ematen dio atzokoak, Rodriguezen arabera: «Nondik gatozen eta zer lortu dugun irudikatzeko balio dezala».

Riveira, gehiagorako prest

Galiziak ordezkari bakarra izango du aurtengo iraileko lehen bi igandeetan, eta Riveira da hori, iazko talde bera. Duela urtebete, faborito azaldu ziren, baina banderarik gabe joan ziren. Aurten, misterioz inguratuta azaldu da, ezin izan baita lehiatu Galiziako ligan, araudiaren puntu bat ez betetzeagatik. Baina sailkatu egin zen, eta pozik zen Natalia Tubio patroia: «Itsu-itsuan atera gara, aurkarien erreferentziarik gabe, uda osoan lehiatu ezinda, eta estropada ona egin dugu». Beharko egin, sailkatzeko. Baina iganderako eta banderen lehiarako, misteriotsu aritu zen, aurkariei kezka zabaldu nahian: «Gaur [atzo] ez da dena erakutsi behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.