Alavesek Valladolid hartuko du gaur, etxetik kanpoko ezina arindu asmoz

Mendizorrotzako bolada onari eutsi nahi diote arabarrek. Ely eta Wakaso min hartuta daude, eta Garitanok deialditik at utzi ditu

Ruben Duarte Alavesekoa Atletico Madrileko bi jokalaren artean. J. RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Etxeko partidak aringarriak dira Alavesentzat: Gasteiztik urrun jasotako kolpeen mina kentzen dien pilula. Azken batean, Mendizorrotzan lortutako puntuei esker segitzen du Arabako taldeak jaitsiera postuetatik at. Bestela, jai luke, sei lehiatan puntu bakarra bildu baitu bisitari moduan. Azken partidetan ez da horren gaizki aritu, baina, halere, launa gol egin dizkiote Vila-realek eta Osasunak. Hori horrela, etxeko sendotasuna funtsezkoa eta derrigorrezkoa da Asier Garitanoren taldearentzat. Hamaika ale pilatu ditu orain arte Gasteizen, eta beste hiru zakuratzen saiatuko da gaur, Valladoliden aurka.

Etxeko azken partidaren ereduari jarraitu nahi dio Alavesek. Estu hartu zuen orduan Atletico Madril, joko bizi eta zorrotzarekin. Bikain itxi zion bidea aurkariari, Mendizorrotzan jokatutako gainontzeko neurketetan bezalaxe; bi gol besterik ez dizkiote sartu orain arte. Horretaz aparte, fin dabil aurkari zuzenen aurka: irabazi egin die Levanteri, Mallorcari eta Celtari. Zerrendara gehitu nahi du gaur Valladolid, baina, Garitanoren aburuz, ez da lan erraza izango: «Beraiek emaitza onak ari dira lortzen etxetik kanpo. Aurkariaren akatsak oso ondo baliatzen dituzte; beraz, kontu handiz ibili behar dugu—.

Bergararrak ezingo ditu zelairatu Rodrigo Ely eta Wakaso Mubarak, min hartuta baitaude. Atzelariak koadrizepseko lesioa izan zuen Valentziaren zelaian, eta oraindik ez da osatu. Erdilariak, bestalde, haustura du eskuineko eskuan. Hutsune garrantzitsua da Ghanakoarena, minutu gehien jokatu dituzten jokalarien artean bigarrena baita. Soilik Ruben Duarte dauka aurretik. Hori horrela, litekeena da Tomas Pina aritzea haren ordez. Garitano ez dago kezkatuta. «Garrantzitsuena taldea da, multzoa. Berdin du nork jokatzen duen. Etxeko ildoari eusten ahalegindu behar gara, beste ezeri erreparatu gabe».

ALAVES-VALLADOLID

Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Magallan, Duarte; Aleix Vidal, Manu Garcia, Tomas Pina, Luis Rioja; Joselu eta Lucas Perez.

Valladolid. Masip; Moyano, Salisu, Kiko Olivas, Barba; Oscar Plano, Michel, Ruben Alcaraz, Toni Villa; Guardiola eta Unal.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.