Arrauna. Kontxako Bandera

Bi segundo asko edo gutxi den

Oriok 2,16 segundoren aldea baino ez dio ateratzen Arraun Lagunak-i Kontxako Banderan. Biak gustura daude egindako lanarekin. Hondarribiak eta Donostiarrak osatuko dute ohorezko txanda

Orio igandean, Donostiako kaiko arrapalara gerturatzen, uretan garaipena lortu eta gero. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kontxako Banderaren lehen jardunaldian Orio, Arraun Lagunak, Hondarribia eta Donostiarra nabarmendu ziren. Lau talde horiek egin zituzten denbora onenak herenegun, eta sari potoloa eskuratu: bigarren igandean ohorezko txanda lehiatzea. Potoloena geratzen zaie: bandera preziatua. Oraingoz, egun handia heldu bitartean, Oriok du aukera gehien. Arraun Lagunak-ek ere asko dauzka, baina 2,16 segundo baino gehiago jan beharko dizkio aurretik daukanari. Atzerago dago Hondarribia, 12,95 segundora, eta, pixka bat beherago, Donostiarra, 13,30era. Gainontzeko lau taldeak aurreneko txandan joango dira: Tolosaldea, Hibaika, Cabo eta Chapela.

Igandean, udako egoera plazaratu zuten lehen bi sailkatuek: Orio Arraunen aurretik —Euskotren ligako bi jardunalditan eta Euskadiko Txapelketan izan ezik—. Baina bada ezberdintasun bat, Arraunekoen ustez. Andrea Astudillo patroiaren ikuspuntua da ondorengoa: «Atzetik gaude, bai, baina ezberdina da. Gora egingo dugu aste barruan, eta hau Kontxa da». Donostiako taldeak haizea hartu zuen aurreko ostegunean, sailkatze estropadan Oriori aurrea hartuz. Horri bueltako emateko gai izatea nabarmendu du Nadeth Agirrek, oriotarren patroiak: «Ostegunean ez ginen gustura geratu, baina herenegun buelta eman genion». Min pixka bat ere plazaratu du: «Estropada batek, ostegunekoak, haizea eman die, baina ez da ahaztu behar gu ibili garela aurretik uda osoan. Gu hor gaude».

Lan ona egin zuten bi taldeek. Agirrek honela aztertu du herenegungoa: «Oso gustura gaude lanarekin eta emaitzarekin. Lehia gogorra espero genuen, eta hala izan zen. Barrurako luzean zabaldu genion tartea Arrauni, pare bat segundokoa». Astudilloren balorazioa beste hau da: «Gu gurea egitera atera ginen, eta pozik gaude. Estropada ona egin genuen». Kaleei aipamena egin diete biek. Arraunekoaren ustez, «Oriorena, aurrenekoa, azkarragoa zen ateratzeko, ura behera emanda zegoelako». Agirrek beste ikuspuntu bat dauka: «Joateko kale ona zen gurea, baina bueltarako ez zigun uzten olatuekin asko jokatzen». Kaleen harira, talde barruko sekretutxo bat ere kontatu du: «Larunbatean, gure artean aritu ginen, zein zen kale txarrena aipatuz. Edozein izanda ere, hortik joan nahi genuela».

Aurreneko txandan, Hondarribia izan zen garailea, eta Tolosaldea bigarren. Nahiz eta ETE ligan aritu aurten, gai izan zen Euskotren ligako taldea mendean hartzeko, 2,36 segundo tarteko. Atzerago sartu zen Hibaika, 7,44ra, eta azkena Cabok egin zuen, 9,38ra.

Goiko ligako bi, atzetik

Donostiarra ere utzi zuen atzean gero, liga nagusiko beste bat. Txoratzen zegoen Miren Garmendia patroia: «Motibazio handia da guretzat goiko ligako bi aurkariren aurretik egitea». Horretarako, ezinbestean, lan ona egin behar: «Hasieratik sartu gara gure arraun egiteko eran, eta oso gustura aritu gara. Ezin da gehiago eskatu».

Lanarekin gustura zegoen bestea Nerea Perez zen, Donostiarrako patroia: «Ohorezko txandan sartzea zen helburua, eta gustura gaude egindako estropadarekin». Kanpoko eragile bati egin zion aipamena: «Haizeak gora egin du txanda batetik bestera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.