Altuna III-Zabaleta 22-13 Ezkurdia-Rezusta

Distira gutxiko finala

Altuna III.ak eta Zabaletak aise irabazi dute Andre Maria Zuriaren Torneoko finala. Amezketarrak jaso du pilotari onenaren saria

Joseba Ezkurdia, burumakur, tantoa huts egin ostean, atzo Ogeta pilotalekuan jokatu zuten finalean. ENDIKA PORTILLOL / FOKU.
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Iraupena. 54 minutu.

Pilotakada. 450

Saketik. Altuna III.ak hiru; Ezkurdiak bat.

Markagailua. 1-0. 2-0. 2-1. 2-2. 2-3. 2-4. 3-4. 4-4. 5-4. 5-5. 6-5. 7-5. 8-5. 9-5. 10-5. 11-5. 11-6. 12-6. 12-7. 13-7. 14-7. 15-7. 15-8. 16-8. 17-8. 18-8. 18-9. 18-10. 19-10. 19-11. 19-12. 20-12. 21-12. 21-13. 22-13.Bestelakoak. Dirua parean irten zen apustuetan. 870 ikusle Ogeta pilotalekuan.

Txapelduna bakarra da pilotan: buruz buruko txapelaren jabe dena. Altuna III.ak, Jose Javier Zabaletaren laguntzaz, estatus horren defentsa irmoa egin zuen atzo Andre Maria Zuriaren torneoko finalean. Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak ezin izan zieten aurre egin gipuzkoarraren artista senari eta nafarraren abiadurari. Apustuetan faborito argirik gabeko partida bazen ere, kantxan ez zen kolorerik egon.

Altunak eta Zabaletak elkarrekin irabazten duten Andre Maria Zuriaren bigarren torneoa da. 2016an ere izan ziren txapeldun.Gainera, aurrelari amezketarrak Gasteizko torneoan erreskadan lortzen duen hirugarren garaipena da. Iaz, Merino II.arekin izan zen txapeldun. Ezkurdiak eta Rezustak, berriz, Gasteizen batera eginiko hirugarren saiakeran, trofeoak etxera eman ezinda jarraitzen dute.

Finalak ez zuen izan espero zen mailarik. Buruz buruko eta binakako txapeldunak, eta iazko atzelari txapelduna kantxan egonda, asko espero du pilotazaleak. Azkar hautsi zen partida, eta oreka gutxi ikusi zen. Aurreko koadroetan egon zen partidaren gakoa. Altunak dantzan ibili zuen Ezkurdia une oro. Egindako 11 tantorekin amaitu zuen amezketarrak partida. Era guztietako erremateak utzi zituen. Nekeak neke, beste behin, kantxan bere erritmoa ezarri zuen. Erasoan ez ezik, defentsan ere gogotik egin zuen lan. Horrenbestez, torneoko pilotaririk onenaren saria harentzat izan zen.

Ezkurdiak, berriz, hiru tanto besterik ez zuen egin. Arbizuarra antzu ibili zen errematean. Ezker airez asmatu ezean, zail da partidak aurrera ateratzea. Ohi baino galtzaileago aritu zen, gainera: zazpi pilota huts egin zituen. Zabaletak behetik gora egin zuen, eta mendean izan zuen Rezusta tanto askotan. Ezker-eskuin, abiadura handia eman zion pilotari. Rezustaren partida txukuna izan bazen ere, bere onenetik urrun aritu zen. Bergararrak hiru pilota soilik huts egin zituen, baina aukera asko eman zizkion Altunari. Beste behin, argi gelditu zen Ogeta pilotalekuan atzean agintzeak asko balio duela.

Hasiera traketsa izan zuen partidak. Jokatu ziren aurreneko zazpi tantoetatik bakarra izan zen egindakoa; Altunaren gantxo bat, hain zuzen. Zabaleta bere mailatik behera aritu zen bitartean soilik iraun zuen partidan bikote urdinak. Atzelari nafarra zuzendu zenean handitu zuten zuloa gorriek. 11-2ko partziala egin, eta 16-5 aurreratu ziren. Amaiera bitartean, zuloa ixteko ahalmenik ez zuen erakutsi bikote urdinak. Altunak partidako azken tantoan utzi zuen bere zigiluaOgetan, horma-biko zehatz bat eginda.

Merino anaien agurra

Miguel eta David Merinok Ezkarain (Espainia) jokatuko dute gaur azken partida Aspe enpresarekin. Anaietan zaharrena lehen partidan ariko da, Gorkarekin, Ugalde eta Eskirozen aurka. Davidek, berriz, Olaizola II.a izango du bikotekide; aurrean, Victor eta Rezusta izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.