Jabetza ere berritzaile bihurtu da

Futbola etenik gabe aldatzen da. Jokatzeko moduak joan eta etorri egiten dira, eta, Pep Guardiolaren Bartzelonaren ondotik baloia edukitzeak indarra hartu bazuen ere, ñabardurak azaldu dira orain, eraginkortasuna irabazteko.

Jabetza ere berritzaile bihurtu da.
Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ziklikoa da futbola bere biribilean. Munduko mapa balitz bezala, jokatzeko ereduak dira herrialdeak, eta hor daude, maparen barruan. Nondik begiratzen zaien, garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen zaie: oraintxe dago eredu bat modan, eta hurrengoan, beste muturreko bat. Ñabarduraz elikatzen direnak baztertu gabe.

Joerek bihurtzen dute eredu bat denen gustuko , eta zein aukeratu horretan sekulako eragina daukate talde txapeldunek, jakina. Baita Munduko Kopak ere. Horrela izan da beti, eta ez da aldaketarik izan horretan azkenaldian. Joera bat, indarra hartu orduko, desagertzen edo moldatzen hasten da ia. Goia jo, eta gero behera egin, desagertu edo ñabardura batzuen artean nahastu. Adibide zehatza da baloia izatearen ereduari gertatzen ari zaiona, oraingoko adibide zehatza.

Sekulako indarra eman zion jokatzeko eredu horri Pep Guardiolaren Bartzelonak, eta irabazi zituen irabazi beharreko titulu guztiak. Hari segika, Espainiako selekzioak inoiz lortu gabeko balentriak lortu zituen, eta, haria hariari josiz, azkar hedatu zen moda hori bazter guztietara, izan elitea, izan beheko mailetako futbol afizionatua. Baloia atezainak motzean atera atzelariei, zelaia zabaldu ahalik eta gehien kanpotik ere jokalariak jarriz, eta norbere atetik gola sartzen saiatzeraino baloiak ez zion belarrari musu ematen uzten. Bat ziren baloia eta zelaia, bat izan behar zuten. Jatorrizkoa soilik izan ona, baina, eta haren kopia gehienek porrot egin zuten. Ez, ordea, jokatzeko modu hori desagertzeraino, ezta gutxiago ere. Duela hamar bat urtetik honako kontuak dira hauek, eta oraindik ere indarra dauka baloia izateak. Baina aldatu egin da, aldatu egin dute taldeek.

Iritzi horren jabe da, behintzat, Andoni Azkargorta (Antzuola, Gipuzkoa, 1978), Eibarreko bigarren entrenatzailea eta aurkariei buruzko txostenen egilea: «Egundoko loraldia izan zuen baloia izatearen ereduak duela urte batzuk, eta Bartzelona haren ezaugarriak kontuan hartzen badira, aurkariaren zelaian ematen zion indarra, batik bat, baloia izateari. Kontrarioa haren areara bultzatzen zuen, eta ez zion bertatik ateratzen uzten. Baloia alde batetik bestera mugituz ibiltzen zen». Denboraren joanean, baina, eraginkortasuna galdu zuela dio Azkargortak: «Konturatu ziren gero eta hobeto egiten ziotela aurre aurkariek jokatzeko modu horri, eta partida asko alde jartzen zituztela jokalari batzuen kalitate teknikoari esker. Zerbait aldatu egin behar zela ikusi zuten».

Bai aldatu ere, eta aldaketa entrenatzaileen joan-etorriekin gauzatu zen: «Luis Enrique hasi zen Bartzelonan bertikalago jokatzen. Baloia izateari beste baliabide bat eman zion. Ez zen aurkariaren zelaian hainbeste erabili zalea. Kontrarioa bere zelaitik ateratzeko erabiltzen zuen baloiaren jabetza, zuloak sortzeko aurkariaren atzealdean, zulo horiek azkar bete eta baliatzeko gero. Bazen baloia edukitzea, baina ezberdina».

Eta nola eredu eta molde guztiekin irabaz daitekeen eta irabazi izan den, Luis Enriqueren Bartzelona ere garailea izan zen. Baina bazetorren orain indarra hartu duena, aldaketak ez baitira gauzatzen egun batetik bestera. Aldatze hori azkeneko Munduko Kopak berretsi du: baloiaren jabe egin bai, baina praktikotasuna oinarri izan zuten taldeak nabarmendu ziren. Frantzia txapelduna adibide ona da, eta ezin ahaztu Belgika, trantsizio azkarretan artelan eder askoak margotu zituena. Munduko Kopak jokatzeko ereduen aldaketetan izaten duen eraginaz, iritzi hau dauka Azkargortak: «Aldaketen bidea ixten dute, nolabait esateko. Iazko txapelketak baloia atzetik ateratzeko moduari buruzko mugarria jarri zuen: erdiko hiru atzelarirekin jokatzearena. Txapelketaren aurreko denboraldietan, euskarria jartzen zen erdiko bi atzelarien artean baloiaren irteeran, eta, Munduko Kopan, entrenatzaileek erdiko hiru atzelariren aldeko apustua egin zuten; orain, talde askok jokatzen dute horrela».

Jabetzari, eraginkortasuna

Azkargortak garbi dauka hiru erdiko atzelariena ez dela defentsako lana indartzeko erabiltzen: «Baloia atzetik ateratzen da orain, aurkaria bere zelaitik aterarazi eta bizkarrean zuloak sortu ondoren baliatzeko».

Estatistikak argigarriak dira,Europako ligetako txapeldunek %60 inguru dute baloia: Guardiolaren Manchester Cityk (%64), Bayern Munichek (%62,2), Bartzelonak (%61,4) eta PSGk (%60,5), besteak beste. Horrek esan nahi du eredu hori bizirik dela, baina bere horretan ez du esan nahi partida osoan aurkariari baloia kentzeko gai direnik baloia izanda. Eta, halere, irabazi egiten dute. Guardiolaren Bartzelonak, adibidez, %70 inguru edo gehiago edukitzen zuen baloia. Batezbestekoaren jaitsierak adierazten du baloia izatea eta eraginkor aritzea izaten dela helburua.

Badira Guardiolaren moldeari jarraitu nahian dabiltzanak, hala ere, eta Espainiako ligan oso agerikoa da Betisen kasua. Bigarren taldea izan da baloia gehien edukitzen, baina ez da eraginkorra izan: hamargarren izan da. Azkargortak Eibarren kasua kontrajarri dio: «Gu izan gara laugarren taldea baloia gehien eduki duena, eta baloia aurkariaren area barruan gehien geuk jarri dugu. Jabetzari eraginkortasuna gehitu diogu, beraz. Betis, aldiz, ez da izan eraginkorra, baloia asko eduki arren». Jabetza horizontalaren aroari bertikaltasunaren aldeko joerak hartu dio lekua. Hurrengo eredua etorri arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.