Argi izpiak leihoetatik

Distopiak aitzakiatzat hartuta, telesailen jokoan murgildu dira Irati Jimenez, Katixa Agirre eta Gaizka Izagirre, Donostian, Crossover jaialdiko solasaldi batean.

Xabi Paya, Katixa Agirre, Gaizka Izagirre eta Irati Jimenez, atzo. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Nahiz eta bigarren denboraldia oso iluna izaten ari den, The Handmaid's Tale telesailean argi izpiak sartzen dira leihoetatik. Itxaropen puntu bat dago». Hala uste du Gaizka Izagirre telesailen eta filmen kritikariak. Katixa Agirre eta Irati Jimenez idazleek ere itxaropenerako hainbat leiho zabaldu zituztentelesailetako distopietan atzo arratsaldean, Donostian, Crossover jaialdian. Flashforward: Fikzioa errealitatearen aurretik izenburupean —jaialdiko euskarazko ekitaldi bakarra—, solaskideek Xabi Paya gidoilariaren erronkei erantzun zieten.

Etorkizun posibleen aurrekari moduan agertzen diren telesailen adibide ugari daude, eta Izagirrek Black Mirror nabarmendu du: «Teknologia berriek izan ditzaketen erabilera txarrak erakusten du. Eta haietako gutxi batzuk errealitate bihurtzen hasiak dira». Jimenezek beste toki batera jo du, eta baikor mintzatu da feminismoaren «oldarraldiarekin» lotuta: «Big little lies telesailean, buelta ematen zaio emakumeen arteko lehiari». Jimenezek eta Agirrek uste dute bilakaera bat gertatzen ari dela Game of thrones telesailean. «Orain arte, gutxi ikusi dira indarkeriaz erantzuten duten neska gazteak. Adibide on bat Arya Stark pertsonaia da», zehaztu du Agirrek. «Distopiek etorkizun iluna erakusten dute, okerrena. Baina erreakzioa beti etor daiteke, eta arrakastarako aukera izan dezake», hausnartu du EHUko irakasle eta ikerlariak.

Agirrek gogoratu du iraganean ere izan direla eredu interesgarriak proposatu dituzten telesailak: «Full House telesailean [1987tik 1995era egin zuten], familia eredu berriak proposatzen ziren. Aita alargun bat hiru alabekin bizi zen, eta beste gizonekin osatzen zuen familia. Ez zen batere tradizionala».

Sendagai gisa erabiltzeko

Payak proposatutako jokoen artean, hamarkadaz hamarkadako bilakaerak aztertzea eskatu die, eta horretan emakumezko abokatuen bilakaera aipatu du Agirrek: «1980ko hamarkadan, L.A. Law telesailean, andreek gizonen rola jokatu behar zuten, mundu maskulinizatu batean; 1990eko hamarkadan, Ally McBeal agertzen da, bere feminitatea garatzeko aukerarekin, minigona eta takoi oso altuak jantzita; 2000ko hamarkadan, berriz, Alicia Florricken pertsonaia dago The Good Wife telesailean, eta beste buelta bat dago hor. Hasieran, familia aukeratzen du, baina, familiaren lilura faltsua ikusita, lanera itzuliko da».

Paiak telesailetako eredu okerrak aipatzeko ere eskatu die solaskideei. Jimenezen ustez, How I Met Your Mother genero aldetik «zaharkituta» gelditu da. «Telesail askotako Pagafantas mutilaren eredua ere oso toxikoa da». Agirrek Dexter-eko psikopatak «ernegatzen» duela aitortu du: «Ideia faxista asko daude telesail horren barnean». Izagirrek, berriz, Dragoi Bola eraman du mahaira: «Iratxo Dortokak egiten zituenak ikusita, 2018an bertan behera utziko lukete saioa».

Sendagai moduan erabil daitezkeen telesailen izenak eman dituzte: Izagirrek Borgen, Master of None eta The Leftovers; Jimenezek Northern Exposure eta The Americans; eta Agirrek, Friends—Jimenezek ere goraipatu du—.

Solasaldira, labur bada ere, aste honetako albistea iritsi da: ABC kateak Roseanne telesaila kendu du, Roseanne Barr aktoreak idatzitako txio arrazista bategatik.

Jaialdia, larunbatera arte

Crossover jaialdiak aurrera jarraituko du gaur: telesailak hainbat diziplina eta lengoaia artistikoren arteko bidegurutzeak ote diren aztertuko dute Koldo Mitxelenan, 19:00etan, Michel Gaztanbide gidoilariak eta Mariano Barroso zinemagileak. Barrosok berak zuzendutako El día de mañana telesailaren lehen atala proiektatuko dute Tabakaleran, 21:00etan. Bihar, Elias Leon Siminiani, Helena Taberna eta Justin Webster true crime-aren inguruan ariko dira —benetako krimenetan oinarritutako generoa—, Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Larunbatean, azkeneko egunean, Bron eta Succession telesailak eta HBOren Fahrenheit 451 filma proiektatuko dituzte. Sarrera doan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.